Gogoa hazi | 2026ko Urriaren 29a
Hizkuntzen errespetuaz
Mandio
Aditua dukezue azaroaren 21eko manifa erraldoi baterako deia, Euskal Konfederazioak luzatua. Bat gehiago. Urteak joan urteak etorri, zinez urraska, baratxe-baratxe, egiten dira aitzinamenduak. Ikus.
Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte
Bai 125 urte! Eta ez da oraino erretiratua! Zinez funtsezko xedeekin abiatu zen elkartea 1901ean. Hona zoin ziren:
- Euskal ikertzaileak biltzea, haien iritzi politikoak edo bestelako desberdintasunak alde batera utzita.
- Euskara zientifikoki aztertzea, gramatika, hiztegia eta beste alderdiak ikertuz.
- Euskara bizirik iraunaraztea, indartzea eta zabaltzea.
- Euskara beharrezko bihurtzea euskal gizartean: administrazioan, lanbideetan, enpresetan eta eguneroko bizitzan.
- Euskara bizitza modernoaren behar guztietara egokitzea: geografia, historia, zuzenbidea, politika, filosofia, artea, industria, merkataritza, ekonomia eta bertze alorretan gogoetatzeko gai eginez.
- Ikasketak euskaraz.
- Ortografia eta euskara bera bateratzea.
- Euskal Akademiaren sortzea.
Dakizun bezala, irakurle, asmo horietarik batzuen gauzatzeko iragan da denbora eta bada oraino anitz egiteko. Alta, jende aditu multzo ederra aritua da lan eta lan Euskaltzaleen Biltzarraren baitan, hala nola Arana Goiri, Azkue, Broussain, Zaldubi, Decrept, Etxepare, Zerbitzari, Dassance, Labéguerie, Larzabal eta bertze. Horien hitzaldi zoragarri andana bat aurkitzen da elkarteak luzaz publikatu dituen urtez urteko Bil-Aldi txostenetan.
Jende horiek suharki lotu ziren lanari eta iraun zuten beren bizi guzian. Alta, hastapeneko egoera ez zuten hainbat alde. Hona zer idazten zuen Piarres Charrittonek, XIX. mende hondarreko euskararen inguruko egoeraz ari zela.
Euskara galtzen ari da, bai, bainan zertako?
“Talde batek pentsatzen zuen euskaltasuna eta euskara, berenaz eta naturalki, zoazela suntsitzera, euskal kultura zaharkituz geroz ez baitzen on mende berrien ezohiko mugimenduei jarraikitzeko eta euskara bera hizkuntza “aglutinantea” izanez, bere inguruko gaztelera, ingelesa, frantsesa edo beste hizkuntza analitiko guztiak ez bezala, ez baitzen gai abstrakzioaren mundu berrian sartzeko”. Horra adibidez zertsu zioen Julien Vinson bezalako euskalari erdaldun batek.
Iritzi bertsukoa zen Migel de Unamuno euskal jakitun handia. 1901ean Hendaiako lehen bilkura baino zenbait egun lehenago, euskaldun guzieri eskaera bat egin zioten: uko egin ziezaioten, otoi, beren aitzinekoen euskarari, “zeren euskara itotzen ari baita eta ez da nehor salba dezakeenik: ez ote dakigu bada herioa dela biziaren legea?”.
Ez zen maluruski Unamuno, aburu horretako filosofo bakarra munduan: sozialisten artean, Karl Kautsky txekiar arnegatuak idatzi zuen honela: “Jakin behar da nazionalitateen hizkuntza guziak, etxe barneko ohikuntzen mailara eroriko direla eta gehiago baliagarritasunik ez duten etxeko altzari zaharrak bezala zokoratuko ditugula”.
Ildo beretik ere ari zen John Stuart Mill, liberalismoaren profeta: “Esperientziak erakusten du nazionalitate bat urtzen ahal dela beste baten baitan eta honek hura irents dezakeela. Nork erranen du gainera, Nafarroa frantseseko euskaldun batentzat ez dela hobe frantses nazioaren partalier izaitea eta frantses herritartasunaren abantailez gozatzea, ezen ez eta bere mendi kaskoetan zaldun harro ibiltzea, iragan mendeetako hondakin erdi-basa iduri, bere buru hertsiko asmaketak hausnartuz, mundu osoko itzulian parte hartzeko orde?”.
Bizkitartean, euskal herritar argitu askok ikusten zuen euskararen eta euskaltasunaren gaitza ez zela sendaezina, baina behar zela iturrietara jo, sendagailua aurkitzeko gisan.
Horretan lehiatu zen Euskaltzaleen Biltzarra.
Eliza ere alde agertu zitzaion. Berandu asko haatik, Vatican II garaian, mundu osoko hizkuntzen alderako urratsa eman zuenean. Ikus Gaudium et Spes 29 2.





