Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Urriaren 29a
Arrakasta handia Burgaintziren 50 urteak ospatzeko ikusgarrietan, Donapaleuko dialisia zerbitzuaren estreinaldia urriaren 23an eta Beste hitzordu batzuk Amikuzen
Arrakasta handia Burgaintziren 50 urteak ospatzeko ikusgarrietan
“Burgaintzi taldea 1976an sortu zen Irigoyen apezari esker. Euskal kultura biziarazteko eta hedatzeko gogoa baizik ez zuen. Ez zen deusetarik abiatzen, tokiko gazte batzuek jauzien ikasten hasiak baitziren Magne Elgart-ekin”.
Hitz hauekin hasten dute oraingo arduradunek Burgaintziren 50 urteak ospatzeko banatua izan den liburuxkan. Hastapenean bi ikusgarri aurreikusiak baziren, publikoaren galderari erantzuteko, hirugarren bat gehitu dute. Airetik gela mukuru betea zen ebiakoitzeko bi emanaldietan eta igandekoan. 250 bat eragile (dantzari, musikari, kantari) lekuko ahalekin, gaitzeko ikusgarria eskaini digute. Euskal Herriko dantza eta musika klase anitz beren maneran landu dituzte, berrikuntza zenbait ekarriz. Berdin kantuaren aldetik. Orokorki emozio handia sortu dute publikoan, negar xorta batzuk agertzen baitziren publikoan baita lehendakariaren begietan eskerrak emaitean parte hartu duten guzieri. Eskerrak osoki euskaraz eta frantsesez emanak izan dira. Eskerrak gure partetik Burgaintziri!
Donapaleuko dialisia zerbitzuaren estreinaldia urriaren 23an
Euskal Irratien webgunean, Antton Castoreok idatzi artikuluan, Donapaleuko dialisia zerbitzuaren berri emaiten digu. Estreinaldia urriaren 23an egin baldin bada, urte bat honetan itzulikatzen da. 25 bat eri artatuak izan dira 1.500 bat saiotan. Barnealdeko eriendako, hurbileko zerbitzu beharrezkoa dudarik gabe.
Akidura gutiago barnealdekoendako, etxetik hurbil goxoki egoteko parada emanez. Berri ona dela azpimarratu du Donapaleuko auzapeza den Pettan Aizagerrek: "gure arta oferta indartzen duen ekipamendu bat da, zinez barnealdearentzat gauza biziki inportantea dena". Dialisi unitate medikalizatu horren plantan ezartzeak 1.778.500€ inguru gostatu du.
Beste hitzordu batzuk Amikuzen
Urriaren 30ean, Larrialdi ekimena Donapaleun. "Euskara eta osasungintza publikoa arriskuan" lemaren inguruan biltzar publikoak antolatuak dira Iparraldean bost eskualdetan. Amikuzen, biltzar publikoa urriaren 30ean antolatua da, Touzaa etxean (20:30).
Azaroaren 1ean, Amikuze AC-USSPA atletismo egiturak, Amikuze'Trail antolatzen du. Bi ibilaldi proposatzen ditu (13,7 km eta 20,3 km). Hitzordua Donapaleuko merkatu estalian (8:30). Egun hau antolatuz, AC-USSPAk “Battements d'Elles” elkartea sustengu nahi du. Elkarte honek minbiziak hunkitzen dituen emazteak laguntzen ditu.
Beti azaroaren 1ean, Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoak “Beldur Tour: krimenak eta leiendak Donapaleun” antolatzen du. Bisita gidatu baten bidez, Donapaleuko zenbait leku markatu ahal izan dituzten tabu, ez-esan edo anekdota zenbait kontatuak izanen dira. Euskarazko bisita Omiasaindu egunean, azaroaren 1ean eginen da (17:30).





