Euskal diaspora | 2026ko Urriaren 29a
Ederki omendu dute joan den igandean Xalbador Kaliforniako San Frantziskon eta Chinon, bertsolariak eta Aire Ahizpak partaide
Joseba Etxarri
SAN FRANTZISKO. Joan den astean iragarri bezala, San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak bertso saio berezia bildu zuen iragan larunbatean Xalbador bertsolaria ohoraturik haren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara. Bertako lau euskal erakunde lankide izan ziren ekitaldia antolatu eta babesten: San Frantziskoko Gure Euskal Etxea, Euskal Etxea, BEO eta NABO federazioa. Ekitaldiak, bi parte ukan zituen, batetik bertso saioa bera, Euskal Herriko bi bertsolarirekin (Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña) eta bertako beste bi (Martin Goicoechea eta Oier Pastor) oholtza gainean. Aurkezle, Xabier Berrueta sanfrantziskotarra; eta honen lagun, gai-jartzaile eta kudeatzaile, Mikaela DePoyster-Goikoetxea (wyomingdarra, Martinen alaba) eta Xabier Paya bertsolaria eta itzultzaile trebea (aldibereko itzulpena ingelesera eskaini zitzaien alboko pantaila batean, ohi dutenez, euskara menperatzen ez zutenei); kudeatzaile, Valerie Arrechea eta Philippe Acheritogaray. Lehen saio honetan, Aire Ahizpek kantatu aire batzuk tartekatu ziren, heien aitatxi Ferrando Aire 'Xalbador'en bertso adierazgarriekin hiru ahotsetan, Sebastian Desgrans akordeonean laguntzaile.
Bigarren zatia, areto berean ontsa afaldu eta gero abiatu zen, Aire Ahizpak —Miren, Amaia eta Paxkalin— eta Sebastian Desgrans oholtzara berriz heldu eta oren bateko saio ederra emanik kantu zahar eta berriekin, emanaldia "Nevadarat joan nintzen" kantu ezagutuarekin bukatzeko, publikoak ere bat eginik. Oroitu, hiru emazte hauen aita ere, Mixel Xalbador, artzain ibili zela, kasu honetan Hego Kaliforniako lurretan. Eta biharamunean, hain zuzen ere Hego Kaliforniako Chinon kantatu behar zutelarik, San Frantziskon ziren Chinoko anfitrioiak, Mike eta Jeanette Bidart senar-emazteak, saioez gozatzeko eta heien xerka. Igandean ere, bertsolari eta kantariek heien ikuskizuna eskaini zieten Chinoko Euskal Etxeko lagunei, Kaliforniako Euskal Herri honetan bakarrik gertatzen ahal den gisan. Milesker handi bat ahalbidetu zuten guztiei!





