Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urriaren 29a
Herriko Etxearen prentsa oharra, Omiasainduko elizkizunak, Eske berezia, Oi'!Hua festibala, Uztaritzeko kermeza eta Pilota
B. S.
Herriko Etxearen prentsa oharra
Iparralde honetan asko herritan egin den bezala, Herriko Etxeak hitza hartu du Frantzian barna izan diren bortizkeria ekitaldien ondotik. Laburbilduz, elkartasuna adierazten du bortizkerien eta zitalkeriengatik makurrak jasan dituzten herri, erakunde, lantegi eta saltegieri. Adierazten ere manifestazio baketsuen bidez aldarrikapen zonbaiten beharra eta eskubidea. Galdegiten du ez bakarrik ordena publikoaren beharra baina aldarrikapenen kontutan hartzea dialogoaren bidez eta botere politikoen erantzuna. Gizartearen eta gizaki bakoitzaren libertateak ez duke beste biderik.
Omiasainduko elizkizunak
Omiasainduko elizkizunak honela izanen dira: bezperan larunbat arratseko meza Jatsun (18:00). Igandean: Haltsun eta Arruntzan (9:00), komentuko kaperan (10:00) eta Larresoron eta Uztaritzen (10:30). Mezen ondotik otoitzaldiak eginen dira hilerri guzietan. Biharamunean, astelehen arratsaldez izanen da azken urte honetan hil direnen oroitzapenez meza Uztaritzen (18:00).
Eske berezia
Zonbait urteotan jada Uztaritzen, ''Labourdins'' elkarteko soinulari taldearen egitarauan da gerlari ohien hil hobien berritzea. Helburu horrentzat antolatzen du Omiasainduz parrokiako mezen ondotik eske berezi bat elizen ateetan eginen dena. Jada batzuk berrituak izan dira eta laguntza galdegiten du bihotz oneko jendeari.
Oi'!Hua festibala
Lapurdiko ''Oi!Hua'''' festibala, etorriko da Uztaritzerat urriaren 31n, Hitzopen Gaztetxean iraganen dena (18:00). Testuinguru politikoak ikusiz, faxismoaren eta zapalkuntzagileen emendatzea dela eta, guzieri aurka egiteko antolatua da festibal hori. OI musika estiloko 9 taldek joko dute bertan, ekitaldiaren etekina joanen zaiola Louis Dassance ikastolari. Elgarrekin joko duten taldeak dira: Perlata, Hago Silik, Sustrai Berriak, Saccage, Azken Sustraiak, Ramblin Firm, Grapa, Los Zopilotes Torrianos eta Orbain. Makrokontzertuen aroan, ''festibal ttikia'' antolatuz nahi dute hemengo taldeei oholtza igotzeko parada eman. Musikaldia hasi aitzin musika alternatiboei buruzko mintzaldia izanen da (16:00). Sartzea 15 eurotan finkatua da. Ongi etorri deneri.
Uztaritzeko kermeza
Oraindanik eguna atxikitzeko. Azaroaren 8an iraganen da Uztaritzeko kermeza, ekainean gibelatua izan zena berote handiegiarengatik. Hasiko da meza nagusiarekin, Labourdins elkarteko musikariek animaturik. Ondotik zintzur bustitzea eta bazkaria, 25 eurotan Bixintxo eskolako aterpean. Bazkal ondoan mus lehiaketa bat antolatua izanen da. Lehiaketan parte hartzeko izenak eman behar dira apez-etxera lehen bai lehen. Egun horretan errezibituko ere dugu Béranger Mabounda, 2022an etorri zena apez lagun eta joan den primaderan presaka Biarnora igorria izan dena. Kermezako meza hark emanen du Uztaritzeri adioen egiteko. Suerte on izan dezala Monein herrian.
Pilota
Ezkerparetetan Euskal herriko txapelketa joko garbin hasi da. Kapito Harrirentzat 8 pare dira lehian, lau helduetan, bat gazteetan, bi gaztetxoetan eta bat kimuetan. Lehen partida joan den asteartean jokatu da Kiroletan. Helduetan, Kapitoko bi talde nagusien artean emaitza honekin bururatu da partida eder baten ondotik: Kapito2 40, Kapito1 38. Udazken eta neguan segituko dira partidak, finalak Kanbon jokatuko direla urtarrilaren 23an eta gaztetxoentzat Hiriburun 31n. Suerte on gure pilotariei.





