Herriz Herri - Donibane Lohizune (L) | 2026ko Urriaren 29a

Halloween familian, Foch plazan, Ur zikinen sarean obra handiak azaroaren 2tik goiti, Iker Valleren paisaiak Rotonde gelan eta Kultur informazioari buruzko iritzia eman

Irati Esparza Guimon

Ikastaroetan, komedia musikala prestatuko da. (Jokantuz elkartea)
Ikastaroetan_%20komedia%20musikala%20prestatuko%20da.%20(Jokantuz%20elkartea)

Halloween familian, Foch plazan

“Jokantuz, un air de jeu” elkarteak Halloween ospatzeko gomita luzatzen die haur eta helduei urriaren 31n, larunbatez, Donibane Lohizuneko Foch plazan. Arratsaldean hainbat animazio urririk eskainiko dituzte: makillajea, argazki txokoa, mozorro eta kuia lehiaketak, baita munstro ttipien dantzaldia ere (15:00-20:00). Askaria eta jateko arinak ere izanen dira.

Arratsean, “La maison hantée” komedia musikala aurkeztuko dute aitzineko astean elkartearen ikastaroetan parte hartuko dutenek (19:00). Kantua, dantza eta antzerkia landuz, elkarrekin sortutako ikusgarria publikoari erakusteko parada izanen dute. Adin talde desberdinei irekiak diren ikastaro horietan izena emateko, Jokantuz elkartearen HelloAsso orrira jo behar da. Tokiak mugatuak dira. Urriaren 31ko animazioak eta ikusgarria, berriz, denei irekiak eta urririk izanen dira.

Ur zikinen sarean obra handiak azaroaren 2tik goiti

Chibauko araztegi berriaren eraikuntzari loturik, Euskal Elkargoak lau kilometro baino gehiago hodi sortu edo berrituko ditu, 2026ko azarotik 2027ko abendura. Lehen fasea azaroaren 2an hasiko da Adolphe Thiers bulebarrean, Flots Bleus inguruan, eta 2027ko apiril hondarrera arte iraunen du. Pellot etorbidearen eta ponpatze-estazioaren artean, autoen zirkulazioa eta aparkatzea debekatua izanen da; oinezkoen pasabidea eta auzotarren etxeetarako sarbideak atxikiko dira. Aintzirako auzoan, euri-urak eta ur zikinak bereizteko lanak ere eginen dituzte, eurite handietan sarearen gainezkatzea eta itsasorako isurketak mugatzeko.

Iker Valleren paisaiak Rotonde gelan

Iker Valle artistaren “Begiradaren paisaiak” erakusketa ikusgai da azaroaren 29ra arte, Maurice Ravel plazako Rotonde gelan. “Vibrations de la Nature” sailean, mendien, arbolen eta bestelako natur elementuen formak, koloreak eta materiak uztartzen ditu, paisaien irudikapen pertsonala proposatzeko. Erakusketa asteazkenetik igandera zabalik da, (14:30-19:00) eta larunbatetan goizez ere bai (10:00-12:30). Artistarekin solastatzeko aukera izanen da urriaren 31n eta azaroko larunbat guzietan (15:00-18:30). Sartzea urririk da.

Kultur informazioari buruzko iritzia eman

Herriko Etxeak galdeketa anonimo bat abiatu du herritarrek kultur egitarauaren berri nola jasotzen duten eta zer espero duten hobeki ezagutzeko. Tanka gelako ikusgarriak, Rotondeko eta Duconteniako erakusketak, mediatekako animazioak eta Micro-Folieko hitzorduak ditu aipagai. Erantzunen bidez, informazioa hedatzeko euskarriak egokitu nahi ditu. Galdeketa denei irekia da, adina edo bizilekua edozein izanik ere, eta azaroaren 16ra arte bete daiteke Herriko Etxearen webgunean: www.saintjeandeluz.fr/fr/comment-vous-informez-vous-sur-la-programmation-culturelle-votre-avis-nous-interesse


Email Facebook Twitter LinkedIn

3855. zbk

Gure Hitza | 2026/10/29

Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte

Peio Jorajuria

Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.

Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016