Herriz Herri - Biarritz (L) | 2026ko Urriaren 29a

Halloween herrixka lorategi publikoan, Irristatze kirolen argazkiak hirian barna eta “Le Canon Français”-en aurkako mobilizazioa azaroaren 2an

Irati Esparza Guimon

Halloween herrixka lorategi publikoan

Urriaren 29tik 31ra, ostegunetik larunbatera, Halloween herrixka zabalik izanen da lorategi publikoan (14:00-23:00). “Día de los Muertos” gaiaren inguruan, apaindura, soinu eta argi jokoek giro berezia sortuko dute. Haurrendako makillaje tailerrak proposatuko dira (14:00) eta DJ batek arratsak alaituko ditu iluntzetik aitzina. Kalabazak zizelkatzeko ordubeteko tailerrak ere antolatuak dira, 6 eta 12 urte arteko haurrentzat, heldu batek lagundurik. Horietan parte hartzeko, izena eman behar da biarritz.fr webgunean; ez da lekuan berean izena ematerik izanen.

Irristatze kirolen argazkiak hirian barna

Board Culture Exposure festibalaren Off erakusketek azaroaren 9ra arte segitzen dute Miarritzen eta inguruetan. Hogei bat galeria, saltegi, kultur gune eta espazio independentek surfaren, skatearen eta snowboardaren inguruko argazkiak hartzen dituzte. Hirian barna ibiliz, kirol horiei lotutako unibertsoak eta argazkilarien begirada desberdinak ezagutzeko parada eskaintzen du ibilbideak.

“Le Canon Français”-en aurkako mobilizazioa azaroaren 2an

“Le Canon Français” taldeak azaroaren 28an Irati erakustazokan antolatu duen “Banquet basque” bazkariaren aurkako kolektiboak mobilizazio berrira deitu du. Hitzordua azaroaren 2an, astelehenez, emana da, Miarritzeko turismo bulegoaren aitzinean, ekitaldiaren ezeztatzea eskatzeko (18:00). Aurkariek salatzen dute besta eta gastronomiaren aitzakian eskuin muturreko ideiak arrunt bilakatzea. Antolatzaileek, beren aldetik, tokiko mozkinen eta elkarbizitzaren inguruko besta gisa aurkezten dute bazkaria.

Urriaren 15ean, ehun bat lagun bildu ziren Baionako suprefeturaren aitzinean. Kolektiboko ordezkaritza bat suprefetak errezibitu zuen, Ana Ezcurra Biarritz Berri taldeko hautetsiarekin batera. Aurkarien arabera, bilkurak ez zuen aitzinamendurik ekarri. Orain, Serge Blanco auzapezarekin elkartu nahi dute, haren asmoak ezagutzeko. Bazkaria mantentzen bada, azaroaren 28an Irati erakustazokaren inguruetan herritarren presentzia zabala eta erabakia prestatzen ari direla jakinarazi dute.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3855. zbk

Gure Hitza | 2026/10/29

Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte

Peio Jorajuria

Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.

Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016