Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Urriaren 29a

Bi sortze, Panpa belharra: 2. bilketa larunbat goizean, 45 aihertar Antzuolan, joan den larunbatean eta Kalebo dantza ikusgarria eta Arimen gaua larunbatean

JMB

Aiherra eta Antzuolako haurrak joan den igandean
Aiherra%20eta%20Antzuolako%20haurrak%20joan%20den%20igandean

Bi sortze

Joan den urriaren 11n, Aaron, Beñat, Christophe bati ongi etorri egin diote Apairi auzoaldean, Lekuineko bidean, Fandango etxean bizi den Agathe Offner-ek eta Christophe Oxobyk osatu bikoteak.

Urriaren 14an, Landaluxia etxe multzoan (herri barnean) beren ohantzea egina duten Chloe Frias eta Romain Joncquet Oxoby andere jaunek, Sasha deitu duten lehen haurñoari ongi etorri egin diote. Zorionak eta bizitza luze bat bi sortu berriei eta goresmenak hauen burasoei.

Panpa belharra: 2. bilketa larunbat goizean

Lehen bilketa kolektiboaren ondotik, hona bigarren bilketa. Hitzordua larunbat goizean Aiherrako pilota plazan emana zaigu (9:30).

Ederrak edo bereziak iduri duten landare hauek, bide bazterretan, hesietan, edo berdin zoko batzuetan eta baratzeetan ikus daitezke (axeri buztan xuriak iduri). Herriko Etxeak eta Aiherra Bizirik elkarteak diote lehen saltokietan eros zitezkeen landare hauek orain suntsitzekoak direla osagarriarentzat eta bereziki haurren osagarriarentzat kaltegarriak direla frogatua baita.

Ikusirik landare hau azkar hedatua dela gure herrian, Herriko Etxeak eta “Aiherra bizi” elkarteak, honen kasatzeko, eta hazien hedatzearen saihesteko bigarren loreen bilketa kolektibo honetara gomitatzen gaituzte. Jauntzi egokiak soinean, eskularruekin eta baratze aizturrekin jitea gomendatua zaigu. Larunbat goiz arte!

45 aihertar Antzuolan, joan den larunbatean

42 urte du Aiherra eta Antzuola herriak adiskidetu zirela. Hastapenean herriko bestetan elkartuz, Aiherrako Beltzuntze elkarteak zituen harreman hauek lehen 20 urteetan osoki beregain hartu, 1984tik 2004 arte, antzuolarrak bi urtetarik errezibituz, eta Antzuolara 2 urtetarik autobusez joanez. Lehen 20 urteetan, Antzuolako Herriko Etxeak zituen bi herrien arteko harremanak kudeatzen eta diruztatzen, aihertarrentzat aldiz Beltzuntze elkarteak. Azkenean, 20 urteren buruan bi Herriko Etxeek hitzarmen baten bidez ofizializatu zuten bi herrien arteko parekatzea, besta handi bat antolatuz bi herrietan, eta Aiherratik Antzuolara korrika edo lasterketa oroigarria antolatuz. Argazkiak eta filmak hor daude lekuko. Bestalde, istorio eder hau kontatzen duen liburu bat idatzi zuten bi herrietako arduradunek.

Joan den igandeko birazkatze egunaren kari 80 lagun elkartu dira, (hango 35 bat eta hemengoak 45), antzuolarrek proposatu egitarauaren inguruan. Kafearekin eta goxokiekin errezibiturik, aihertarrek auzoko Bergara herrira jo dute, han Olaso Dorrea eta Laboratorium museoaren bisitatzeko xantza izan dute (Telesforo Monzónen familiaren etxea). Usaian bezala mahaina on baten inguruan eta dantzaldiarekin bururatu da eguna, ezkerparetan. Badira zenbait urte elkar ezagutzen dutela bi herrietako lagunek, eta gutxienez urtean behin ikustea bederen plazer bat da. Plazera halaber bat da ere aihertar haurrak multzo politean birazkatze egun honetan parte hartzen ikustea Antzuolako haurrekin betan, bazkarian elkarren ondoan parte hartuz, eta ondotik pilotan elkarrekin jostatuz. Aupa Aiherra eta Antzuolaren arteko birazkatzea!

Kalebo dantza ikusgarria eta Arimen gaua larunbatean

Hazparneko Elgar Oinka dantza taldeak sorkuntza berri bat aurkeztuko du, larunbat arratsean, urriaren 31n, Aiherra herri erdian aurkitzen den Hardoia gunean, harrobi ohian (19:30). 13 dantzarik Ihintza Irungaray koreografoarekin eta AKS musikariarekin prestatu obra berria da.

Bigarren partean “Arimen gaua” antolatuko dute 3 ikastolen artean (Baigura Ikastola, Beskoitzeko ikastola eta Ezkia ikastola): Xan Errotabehereren ipuin bat, eta sorpresa bat. Hardoia gunea herri erdian baita, trinket ondotik oinez abiatzea gomendatua da. Ez ahantz txartelak aitzinetik erosten ahal direla, HelloAsso webgunean, 8 eurotan jende helduentzat, eta prezio librean 12 urtez petikoentzat. Ongi etorri deneri!


Email Facebook Twitter LinkedIn

3855. zbk

Gure Hitza | 2026/10/29

Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte

Peio Jorajuria

Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.

Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016