Gogoa hazi | 2019ko Irailaren 26a

Ametsetarik itxaropen argi izpira.

Gazte ginelarik apezgai ginen. Bagenuen fede. Vatican 2 kontzilioaren emaitza baikorrak barnetik sentitzen genituen. Bertzeak bertze: Euskara latinaren orde. Ze gauza! Idekidura bat ere senti zen bertze erlijioei, munduari. Zinez mundu berri bat gure aitzinean genuen. Sozialisten ideiak aurrera zihoazen Frantzian, abertzaleenak Ipar Euskal Herrian, askatasun teologiarenak hego Ameriketan. Sexu moralaren inguruan aitzinamendu guti haatik. Ezkontaurreko harremanak debekatuak, bereizten zirenak eskumikatuak, apezen ezkontzari eza. Azken erabaki hunek uste dut eragin handia izan zuela Akizen ginen apezgaien artean. Berrogeita hamar gazteetarik dozena bat soilik zen apeztu. Bertze bide bat hartu genuenek gauzak argi utzi genituen: bizilagunik gabe bizitzeko ez ginen gai sentitzen, beraz apezgoa ez zen guretzat. Bururaino joan direnak apez onak bilakatu dira. Batzek, zonbeit urtez beren onena emanik, apezgoa utzi zuten. Bidean zehar maitemindu dira eta beren hautua egin dute kuraia handirekin. Goretsi nahi nituzke holako presuna zintzo eta leialak, aski kuraia izan baitute jendeen erran-merranak jasaiteko, ofizio berri bat aurkitzeko, 10, 15 urteren buruan bizi berri baten abiatzeko. Bertute handiko jende hori begi onez ikusten genuen memento berean, baziren, guk ez ustean, apez pederastak, bai eta ere serorak engainatu eta, hala beharrean, hilaurtzera bortxatzen zituzten apezak, emazte batekin edo mutil batekin gordezka bizi zirenak, bai eta ere bertze batzuk, prostituta, emagaldu eta gizagalduekin harreman jarraikian bizi zirenak... Jende horri, sexu harremanik gabe bizi ez daiteken horri, erraten diot arras normalak direla, bainan otoi, haurrak ez hunki eta ez bizi gezur eta maltzurkerian. Askatu gaztetan hartu engaiamendutik, utzi hari doakion bizi erosoa, jendeen aurrean egiati izan! Garbitasuna ez omen da nahasi behar kontinentziarekin. Garbitasuna da, bere estatusaren araberan bizitzea. Apezak hitzeman du donado bizitzea, beraz, ez du emazte batekin harremanik izan behar. Mutil batekin harreman sexualak debekatuak ote zaizkio? Hala erranen nuke nahasten baititut garbitasuna eta kontinentzia (Hala ikasi digute, masturbazioa ere bekatu omen zen/da). Bertzelako irakurketa egiten dute iduriz Vatikanoko apez anitzek Frédéric Martelek dioenez Sodoma liburuan. Homosexual ugari ba omen da, eta horietan anitz praktikatzaile, gordezka bistan da. Hurbildik ezagutzen dituen Vatikanoko prostituto batek dio: "Gehiago estimatzen dut nire burua, ni bizi beharrez naiz hortaratu, apez horiek aldiz hipokrisian bizi dira." Liburu horren arabera, sidaren saihesteko preserbatiboa gomendatzearen kontra ziren artzapezpiku errabiatuenak berak, homosexual harremanetan itsutuak omen. Txilen Aita Sainduaren ordezkariak Pinocheten sustengatzaile... Gure gazte denboretako ametsetarik urrun ibili da iduriz Eliza ofiziala. Aurtengo Orriako bezperetan, berriz ere aldareari hurbil nintzen. Jaz egin nuen hemen berean gogoeta bat, parekatuz Iduzki Saindua eta Unibertsoko zilo beltzak. Aurten ere Iduzki Saindua ekarri dute aldarera bere erdiko zilo hutsa agerian. Geroxeago ezarri diote osti kontsekratua eta kantatu ditugu Adora dezagun eta Sakramendu handi huni. Gero kendu diote ostia eta Iduzki Saindua bilakatu da berriz ere zizelkadura soil. Gure baitako lilura handi bat izan balitz bezala. Bertze behin. Apez euskaldunak xahartzen eta eritzen ari zaizkigu, jakina; hala ere multxo eder batek parte hartu du beilan, beti bezain sano eta sendo. Baziren ere aldare inguruan diakre gazteak, bat euskalduna, bertze bi euskara ikasten ari. Orriako Ama Birjina bere tokian zagon zut eta eder: Jainkoaren izar xuri, ilunbetan dirdir ari/ Jainkoaren izar xuri, argi eman, Ama, guri.
Email Facebook Twitter LinkedIn

3516. zbk

Gure Hitza | 2019/09/26

Hika

Jean-Louis Harignordoquy

Amikuztar gazte bat bere aitari toka mintzo zitzakola kondatu zautan behin adiskide batek. Badakigu ere euskaraz hitanoa deitzen den tutoiement delakoa erabiltzen dela aitamekin frantsesez mintzatzean. Dena den, ene adiskideari ez zitzakon biziki pollit Amikuztar gaztearen mintzamoldea; aitortzen dut neri ere aski bitxi iduritzen zitzautala. Funtsean, nihaurek noizbait gazte bati ene harriduraren berri jakinarazi nion bera baino 50 urte gehiago zauzkan lantegiko nagusiari toka mintzo entzutean. Egia da gure belaunaldikoer nolazpait erakutsia izan zaukula, direna gatik errespetu handiagoa agertzeko, burasoei eta urte parrasta bat zaharrago diren jende guziei zuka mintzatu behar zaiela. Halaber, lehen aldikotz elekatzen ditugunei, eta hurbiletik ezagutzen ez ditugunei. Gertatzen da euskaradunak gero eta gutiago mintzo direla toka eta noka. Ez da hori gure belaunaldikoengatik bakarrik, bainan gaurko haur eta gazte frango zuka mintzo direlakotz anai-arreben artean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016