Inbido | 2019ko Irailaren 26a

SEPANSO? Bainan zer da hori?

Muslaria

SEPANSO?%20Bainan%20zer%20da%20hori?

SEPANSO izena ez dukegu arrotza, ez balinbada ere egun guziz erabiltzen ditugunetarik. Egun hauetan hain xuxen, ukaiten du aipaldi frango, SEPANSO erakundeak bete baititu bere 50 urteak. Bordeleko aldean egin den biltzar baten karietarat. Haste-hastetik, bai eta erran ginezake gero eta gehiago, ingurumenaz du axola handiena, Akitania lurraldean gaindi, ingurumen horren gero eta sanoago atxikitzeaz. Bioaniztasuna beti gogoan. Erakundea Arkaxoneko aldean sortu zen itsas-ainhara mota bat, galtzeko irriskuan zena, behar zela atsulutuki begiratu. Emeki emeki erakundea azkartu zen eta beste gai asko eta askori ohartu. Kotsadura mota guzien kontra bermatuz. Elkartekideak erne dabiltza ingurumenaren kaltetan ditazkeela iduritzen zaizkioten xede eta urrats guzien kontra. Eta badute segur nun josta! Hori hola-eta bistan da eztabaida frango ere izaiten dela, ikusmolde desberdin asko agertzen-eta. Dena den, laborantzaren alorretan konparazione, aldaketa pizkorrak nahi dituzte sustatu. Orekatuagoa litakeen laborantza bati tokia eginez. Erakundeak arrangura handiak baditu bestalde uraz, gure erreka horietako urez lehenik, harrobietaz, hondarkinetaz edo berdin garraio moldeetaz. Hainbestenarekin, batzutan aditzen da SEPANSO ihiztarien kontrakoa dela, arrunt kontrakoa. Arduradunek diote hori ez dela egia, ez dutela edozoin ihizi molde hola eta hola onesten, bainan gisa hartako mugak ezarriz geroz ihiztarieri beren tokia uzten diotela. Gune batzuen kudeatzaile Gisa guziz, SEPANSO erakundeak badauka bere legezko onespena, gobernuaren aldetikako babespena ere ba. Hautetsiekin alde bat harremanetan da, elkarte anitzekin ere ba. Ezin uka aitzinamendu asko egin dela han eta hemen SEPANSO horri esker edo erakunde hori partaide. Gainerat, legez babestuak diren eremu berezi batzuen kudeantza bere gain dauka eta horrek ere zerbait munta du. Erakusten du kudeatzaile xintxo bezala ezagutuak direla. Eremu horietarik batto, Bordeleko aldean izanki, Lacanau herrian, Cousseau deitzen den aintzira. Hor, aintzirak berak 50 hektara estaltzen ditu bainan bada bestalde eremu bat dena errepira, eta bestalde oraino haritz eta pino gaitzeko oihana. Hots, aintziraren inguruko lurrekin, bada denetarat 600 hektara baino gehixago. Erakundeak kudeatzen ditu ere eskualde berean Bruges herriko errepirak, 230 hektarako eremu zabal bat. Eta hartzak? Ingurumena gogoan, SEPANSO griñatzen da ere hartzaz. Garbiki dio hartz gehiago behar litakeela Pirinio mendi-lerroan. Hogoi bat direla orotarat mugaren bi aldetan, hartzek berek axolarik ez batere muga zahar hortaz. Hogoi ez omen da aparantziarik ere aski. Hor hunkitzen da haatik auzi bat biziki minbera. Anitz gogoeta eginarazten duena. Joan den asteko HERRIAn berriz ere azpimarratua izan den bezala Gure Hitza sailean. Eta baditazke SEPANSO erakundearen urratsekin orokorki ados direnak bainan ez baitezpada hala denen buru hartz istorio hori aipatzen delarik.
Email Facebook Twitter LinkedIn

3516. zbk

Gure Hitza | 2019/09/26

Hika

Jean-Louis Harignordoquy

Amikuztar gazte bat bere aitari toka mintzo zitzakola kondatu zautan behin adiskide batek. Badakigu ere euskaraz hitanoa deitzen den tutoiement delakoa erabiltzen dela aitamekin frantsesez mintzatzean. Dena den, ene adiskideari ez zitzakon biziki pollit Amikuztar gaztearen mintzamoldea; aitortzen dut neri ere aski bitxi iduritzen zitzautala. Funtsean, nihaurek noizbait gazte bati ene harriduraren berri jakinarazi nion bera baino 50 urte gehiago zauzkan lantegiko nagusiari toka mintzo entzutean. Egia da gure belaunaldikoer nolazpait erakutsia izan zaukula, direna gatik errespetu handiagoa agertzeko, burasoei eta urte parrasta bat zaharrago diren jende guziei zuka mintzatu behar zaiela. Halaber, lehen aldikotz elekatzen ditugunei, eta hurbiletik ezagutzen ez ditugunei. Gertatzen da euskaradunak gero eta gutiago mintzo direla toka eta noka. Ez da hori gure belaunaldikoengatik bakarrik, bainan gaurko haur eta gazte frango zuka mintzo direlakotz anai-arreben artean...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016