Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Urtarrilaren 18a
Ekindar proiektua - Bizkarsoro filma - Mus txapelketa eta iniziazioa
Ekindar proiektua
Urtarrilaren 25ean ostegunez (18:30) Mendeala gelan orori idekia den bilkura iraganen da. Huna zer den gaia:
Autokontsumo kolektiboa, zer da? - Tokian ekoiztua den elektrizitatea inguruan berean kontsumitzea. Energia horrek berriztagarria den iturria dauka, panel fotovoltaikoek ekoiztua adibidez. Gisa hortan energiaren kostua ttipitzen da.
Proiektuaren izpiritua - Prezio xuxenean den elektrizitate ekoizpena, hogeita hamar urte iraun dezakeena. Tokiko ekoizpen ekologikoa, herriek, instituzioek eta herritarrek eramana. Ekoizle eta kontsumitzaileak elkartzen dira autokontsumo kolektibo batean. (10 kilometro Hazparneren inguruan)
Nork parte har dezake?
- Pertsona moral publiko orok: herri, Euskal Elkargo, Departamendu...
- Pertsona pribatu orok: lantegi, elkarte...
- Pertsona fisiko orok: zu, gu, lagun, familia...
Huna kontaktua: contact@ekindar.fr eta xuxenean, gehiagoren jakiteko edo sustengatzeko, biltzar publikora joan behar da.
Bizkarsoro filma
Anitz aipatzen eta zabaltzen da egun hauetan Bizkarsoro filma. Alabainan bost urtez lan egin ondoan, hara Josu Martinez zinegilearen bost zatitako filma. Donostiako zinemaldian agertu eta orain Iparraldeko herri guzietan ikusgai da: "Lekukotasunetan oinarritzen diren bost egiazko istorio. 1914a eta 1982a artean iragaiten dira egiazki ez den herri batean: Bizkarsoro. Hogeigarren mendean gertatu sozial aldaketak eta oroz gainetik euskaldunek euskararen atxikitzeko eraman borroka..."
Jokolariak baigorriarrak dira gehienak, batez ere ofiziokoak zonbait bakar salbu. Lan xehe, serios eta atsegina zinez. Hazparnen ikusten ahalko da urtarrilaren 25 eta 29an (20:30) Haritz Barne zineman.
Mus txapelketa eta iniziazioa
Korrikaren karietara, Xuriatea ostatuan, urtarrilaren 20an musean aritzeko, bai eta ikasteko parada emana da. Lehenik iniziazio saila proposatua da (13:00), lehiaketan parte hartzeko izen emaitea (14:00) eta ondotik partidak hasiko dira. Sari anitz irabazteko, tokian berean jateko eta edateko izanen da.











