Euskal diaspora | 2024ko Urtarrilaren 18a

Hameka euskal hitzordu munduan... eta bidaia udan Australiara

Hameka%20euskal%20hitzordu%20munduan...%20eta%20bidaia%20udan%20Australiara

Argazki oina:

MIKE & JEANETTE BIDART. Urtarrilaren 27an Chinoko Euskal Etxeak bere 'Bizi Emankorra' saria emanen die Mike eta Jeanette (Bicary) Bidart-eri. Biak Kalifornian euskaldun sortuak, euskalduntasunak segitzen du heien ondoko bi belaunaldietan. Euskaldun atxiki, eskuzabal eta apalak, zer mereximendu ez dute egin, isil-isilean, euskaldunen eta euskal kulturaren laguntzeko! Zorion beroak!

-----------------

BAIONA, LAPURDI. Urtea azkar hasi dute munduko euskal etxe eta euskaldunek, heien lan eta engaiamendua den bezain azkar. Hori da, izan ere, Diasporak etengabe, parte den Euskal Herriari eskaintzen diona, lan, ilusio eta engaiamendu azkarra. Eta hori ezagutu, apreziatu eta behar bezala sustengatu beharko genuke Euskal Herritik, ilusioa eta atxikimendu engaiatua ez baitira aise lortzen diren edo erosten ahal diren gauzak, eta guk, euskaldunok, badugu hori munduan barreiatua, gure Diasporaren bidez. Jakinen duguia egoki lagundu eta azkartzen? Ostiral huntan bilkura ukanen du Madrileko Euskal Etxean euskal literatura lantzen duen irakurle taldeetako batek. Urtarril huntan Uxue Apaolazaren "Bihurguneko nasa" ipuin bilduma ari dira elkarrekin irakurri eta aztertzen. Egun berean, Parisen, Sagardotegia eginen dute 'txotx' moldean Euskal Etxean, San Sebastian besta bezpera ospatzeko, Mexiko Hirian danborradako azken errepika egiten duten bitartean, igandean egiazko danborrada, afari eta besta batez ospatu aitzin. 20an San Sebastian eguna denez, Caracasen pintxo potea eta Danborrada antolatu dituzte, eta aurten baita harrera-ekitaldia ere, bisitari ukanen duten Jasone Agirre euskal hautetsiarena.

Estatu Batuetan, Bakersfieldeko Euskal Etxeak bere NABO Mus txapelketa eginen du ebiakoitzean, eta Renon Zazpiak Bat Euskal Etxeak "installarion dinner" afaria, bere Zuzendaritza Batzorde berriko partaideeri ongi etorria emateko, hiriko Louis Basque Corner euskal ostatuan. Idahoko Caldwell-en, aurten 56. edizioa duen Euskal Dantzaldia iragarri dute: elkartasun eguna da, dirua biltzeko herrian beharrean diren familia eta pertsoneri laguntzeko, programako parte direla zozketak, enkantea, afaria, dantzaldia eta gehiago. Igandean, goizeko 7:30etarik goiti, San Frantzisko izanen da bere NABO mus txapelketa antolatu duen Euskal Etxea, hain zuzen ere Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center delakoa. Bazkideek kitorik ukanen dute bazkaria. Idahoko Mountain Homen, berriz, herriko liburutegia antolatzaile, hitzaldi grabatua eskainiko dute online, asteartean 13:30etan, Boiseko John Bieter historialari euskal-amerikarrak emana "Euskal kultura eta Idahoko historia" izenpean. Eta asteazkenean, hilaren 23an, urteko lehenengo euskal dantza tailerra eginen Montpellierreko Eskualdunak euskal etxekoek.

Badira hainbat hitzordu gehiago munduan, baina urte hastapen huntan bereziki bildu nahi dugu huna, Bizkaitik Euskal Australiar Alkartetik (EAA) etorri zaigun proposamena, helduden udan, agorrilaren 11tik 26ra Australia bisitatzekoa, Euskal Telebistako Julian Iantzi partaide dela, aitzinetik ere egina baitu bidaia hau, hango euskal komunitate eta Euskal Etxeak bisitatuz, eta euskal emigranteak ibili ziren herriak ezagutuz, euskaldunak lagun, Cairns, Townsville, Ayr, Home Hill, Brisbane, Sydney... Mundu arras desberdina da hura, eta bidaiak bertako bitxikeriak, animalia eta paisaia exotikoak eta hainbat leku, pertsona, geografia, kultura eta gauza interesgarri ezagutzeko parada eskainiko du. Antolatzaile, Euskal Australiar Alkartea eta elkarteko buru den Amaia Urberuaga euskal-australiarra, Iruñeko Overtrails agentzia eta Julian Iantzi lankide. Interesa baduzu edo argibide gehiago nahi, kontaktatu Amaiarekin, +34 688 860 197 telefono eta whatsappean. Aukera baduzu, plan ederra doaike!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3721. zbk

Gure Hitza | 2024/01/18

Ihauteriaz...

Janbattitt Dirassar

Ihaute hitzari aise lotzen zaio ihauteria bistan da bainan ere inaute, inauteak eta holako zonbait. Noiz hasten den ihauteria ez da naski hain aise finkatzen ahal xuxen xuxena. Eguberri irian naski, hala diote segurik hor gaindi, lehengo Erromanoek keinka hortan egiten baitzituzten gaitzeko bestak, bazkari, afari, ikusgarri eta beste, deus ikustekorik ez haatik Jesusen sortzearekin. Biziki luzaz eta anitz gisetara ospatu da ihauteria. Ezinbestean, 40ko gerla denboran utzi zen usaia, alemanak gure artean dena larderia ibilki ziren urte heietan. Gerla bururatu-eta ondokoan berriz agertu ziren zonbait maskatu, hola deitzen gintuen alabainan, mozorrotu hitza ez baiginuen erabiltzen ez eta ezagutzen ere.

Gazte multxo bat, arrunt alegera. Denak laster ezagutu gintuen, urkoitarrak zirela, kusiak ba Zelaiko kasko heietan. Emeki emeki ihauteria arrapiztu zen beraz. Gero eta gehiago zonbait urte bakar barne. Ihauteria kotsukor izanki,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016