Gogoa hazi | 2024ko Urtarrilaren 18a
BASAMORTUTIK ATERA MINTZOA
Peio Ospital
Eguberri eta Trufania iragan berri diren aldi huntan, Emmanuel-en ("Jainkoa gurekin") itxura zehatza zein izan ote litekeen galdezka egon naiz ene buruari, gerla gorria milaka eta milaka biktima hobengabe, gehienak emazte eta haur, egiten ari delarik gure ateetan, izan Ukrainan edo Ekialde Hurbilean. Eta huna nun mintzo bat altxatu den, basamortutik bezala, Jesus bera bizi izan den lurraldetik: Tal Mitnik mutil gaztearena. Tal Mitnick, 18 urteko israeldar militante bakezalea da, Israelgo armadan sartzea ukatu duena. Israelek Hamasen kontra 2023ko urriaren 7az geroztik daraman gatazkaren lehen kontzientzia eragozlea da. 2023ko abenduaren 26ko gutun batean jakinarazi du bere erabakia. Zati handi batzuk atera ditut, eta hementxe zuenganatzen ditut.
"Lurralde hunek arazo bat badu: bi naziok lotura ukaezina ehundu dutela bertan. Munduko indarkeria guziarekin ere, ez genuke ezabatzen ahalko herri palestinarra, edo lurralde honekin duen lotura; herri judua, edo lur horrekin berarekin dugun lotura ezabatu ezin daitekeen bezala. Hemen arazoa nagusitasun mota bati dagokio: lur hau herri bakar batena dela sinestea. Indarkeriak ez dezake hau konpondu, ez Hamasen aldetik, ez Israelen aldetik. Ez dago konponbide militarrik arazo politiko batentzat. Horregatik, uko egiten diot zinezko arazoa alde batera utz daitekeela uste duen armada batean sartzeari, gerla zibil baten aitzakian, dolua eta samina baizik hazten ez duen gobernu batekin...
"Ez dut uste indarkeria gehiagok segurtasun handiagorik emango daukunik, uko egiten diot mendekuzko gerla batean parte hartzeari. Bizitza sakratutzat daukan etxe batean hazia izan naiz, elkarrizketa baloratzen den etxe batean, komunikazioa eta ulermena indarkeriaren aitzinetik jartzen diren etxe batean...
"Armadak erabiltzen duen indarkeriak ez gaitu gerizatzen... Praktikan, okupaziozko armada bat besterik ez da, bere burua gisa hortan atxiki nahi duena. Egiaz, Hegoaldeko biztanleak eta herrialde osoa abandonatu ditu. Garrantzitsua da bereiztea zer den jende arrunta eta zer jeneral edo norberekoi dagoen sistema hunen gailurrean: ez dute herritar arruntek erabaki Hamas finantzatzea, gutarik nehork ez du hautatu okupazioa betikotzea, eta gutarik nehork ez du erabaki inbasioa baino egun batzuk aitzin Zisjordaniara tropak eramaitea... Eta orain gu gira Gazan hiltzeko eta hiltzerat igortzen gaituztenak. Ez gaituzte bakearen alde borrokatzera igortzen, baizik eta mendekuaren izenean. Gerla baino lehen erabaki nuen ez erroldatzea, baina hasi denetik, are konbentzituago nago nere erabakiaz.
"Gerla baino lehen, armadak koloniak zaintzen zituen, Gazako Zerrendaren setio-egoera hiltzailea luzatzen zuen, eta apartheidaren eta juduen nagusitasunaren statu quoa zaintzen zuen Jordan ibaiaren eta itsasoaren arteko lurretan. Gerla hasi denetik, ez dugu neholako deirik ikusi Zisjordanian eta Gazan politika zinez aldatzeko, herri palestinarraren zapalkuntza orokorra eta odol isurketa amaitzeko, ezta bake justua ardiesteko ere. Alderantziz, zapalkuntza larriagotzen, herra zabaltzen eta Israelen jazarpen politiko faxista hedatzen ari da.
"Aldaketa ez da etorriko hemengo politikari ustelenganik, ezta Hamaseko buruzagienganik ere, horiek ere ustelak baitira. Gureganik etorriko da, bi nazioetako herrietarik. Bihotz-bihotzez uste dut herri palestinarra ez dela herri gaiztoa. Gisa berean, israeldar gehienek bizitza atsegin eta seguru bat bizi nahi dute, beren haurrek eskola ondotik jostatzeko leku bat izan dezaten nahi dute, eta hilabete hondarrean bi muturrak juntatu. Gauza bera gertatzen da palestinarrekin. Urriaren 7aren bezperan, Hamasen aldeko sustengua Gazako Zerrendan, %26an zegoen. Indarkeriak hasi direnetik, anitz indartu da. Gauzak alda daitezen, alternatiba bat ezarri behar da Hamasentzat, eta bizi giren gizarte militaristarentzat.
"Aldaketa hori gertatuko da herri palestinarrak azken urteetan jasan dituen sufrimenduak ezagutuko ditugularik, eta Israelgo politikaren ondorioak direla aitortuko dugularik. Aitorpen horrekin batera justizia egin behar da, eta bakean, askatasunean eta berdintasunean oinarritu azpiegitura politikoa eraiki. Ez dut parte hartu nahi zapalkuntza eta odol isurtze huntan. Zuzenean lan egin nahi dut aterabide baten bila, eta horregatik ez dut Israelgo armadan sartu nahi. Herri hau eta tokiko biztanleak maite ditut, nihaur horkoa naizelako. Nere burua eskaintzen dut eta lan egiten dut herrialde hau besteak errespetatuko dituen herrialde bat izan dadin, duintasunez bizi daitekeen herrialde bat."
Tal Mitnik: izen eta abizen hauek Euskal Herri xoko huntan ere ezagunak egitea merezi dute!










