Azalekoa | 2025eko Otsailaren 20a
"L'outil en main" elkartea
M.O.
"L'Outil en Main" elkartearen helburua da gazteak eskulangintzan trebatzea. Ipar Euskal Herrian hiru gunetan plantatua da: Amikuzen, Zuberoan eta Errobi eskualdean, azken hau Luhuson, Euskal Elkargoaren egoitzan biltzen da. Elkartearen ezagutzera joan gira, Battitt Iturbide maiasturulaguntzaileak errezebitu gaitu.
Lanean ariz ikasten
Luhusoko Urxuria gelan astearte arrastiri batez, han berean arratsaldekoa janik, gazte multxo bat xinaurri batzuk bezala lanean kontzentratuak atzeman ditugu. Beren ondoan ofiziale erretretadunak, tresna nola atxiki, nola erabili... hots beren ofizioaren ikasteko prest. Battitt Iturbide ofiziale horietarik bat da, ongietorria egin eta, multzotan bilduak zirenen itzulia harekin egin dugu. Mahai baten inguruan maiasturuntzan gazte batzuk serios zuraren mozten ari ziren, egin behar zuten obraren planoa aitzinean zutela. Beste xoko batean elektrikari bat, bi gazte ondoan, argindarra nola erabili eta segurtasun neurriak zein diren azaltzen. Ondoan gazte andana bat mailua eskuan burdin bati jotzen, ofiziale arotzak ongi segitzen zituela. Heien gibelean liburu josle bat, erregela bat eskuetan, nola liburuak josten diren esplikazioa emaiten ari, artatsu entzuna zela. Beste xokoño batean, lau gazte margoak edota argazkiak nola laukian eman ikasten ari, ohartuz matematikan ikasiak konkretuak bihurtzen direla. Itzulia bururatu dugu sukaldean, afaria prestatua zutela, gazteak garbiketa lanetan atzeman ditugu, berekin zituztela erretretan diren bi sukaldari.
Elkartearen abiatzea
Battitt Iturbidek esplikatu dauku, "L'Outil en Main" elkartearen berri ukanik, Larresoroko auzapezak bultzaturik tailerrak abiatu zirela. Luhuson astearte guziz, eskolatik landa (17:30-19:00), salbu bakantzak direnean, ofiziale batzuk beren lanbidearen ikastera etortzen dira. Urte hasieratik izena eman zuten 15 gazteek astero hor dira.
Elkartearen helburua da 9 urtetik gorako gazteek eskulangintzan, artisautzan eta ondarean treba daitezen. Eskulan iniziazioa egiazko tresnekin egina da. Gaztez arduratzen direnak boluntarioak dira, gehienetan ofiziale erretretadunak. Tailerretan parte hartzen duten gazteak urtean zehar hainbat lanbideren ezagutza egiten du, bere eskuekin obra baten egitera ausartzen da. Gazteek, praktikaren bidez, asteartetan ofiziale lanbide desberdinak deskubritzen dituzte, beren baitan konfiantza hartzen dute eta ongi egin lana garatzen.
Belaunaldien artean transmititu
Battitt Iturbidek zioen tailerretan parte hartzen duten gazteek eskulanak ezagutzeaz gain, belaunaldien arteko harremana sortzen dela. Adineko pertsonek beren gaitasunak transmititzen dituzte, baliagarri sentitzen dira. Irakaskuntza, moda dibertigarrian eta umore onean egina da, ez da lehiarik.
Ekimen horretan parte hartzen duten ofizialeak baikor agertu dira, urte hasieratik gazte guziek segitzen baitute, marka ona holako aktibitateak interesa sortzen duela. Oharra ere egina izan da oraingo gazteria beti eskuko telefonoarekin dela eta, elkarteak proposatzen duen aktibitateari esker denbora beste molde batez pasatzen ikasten dela. Segur ikusi ditugun gazteak gehiago laneko tresnari interesatuak zirela ezinez eta eskuko-telefonoari.
Ikastaldi horientzat, Angeluko "Compagnonnique federazioak" sustengua eta laguntza ekartzen du. Behar den materiala eskaintzen du. Bestalde federazioa interesatua da elkarteak gazteekin eramaiten duen lanaz, biharko langileak izaiten ahalko direlako.
Laguntzaileak ongietorria
Battitt Iturbidek zioen 6 ofizio mota erakutsiak baldin badira, besterik ere badela. Interesatua den ofizialea, izan aktibo ala erretretan, astearte arrastiri batez Luhusoko Urxuria gelan (Makeako bidean) gelditzen ahal da, han diren ofizialeek behar diren xehetasunak emanen dituzte. Beste ikasturtean parte hartu nahi duten gazteek outilenmainerrobi@gmail.com bidez egin lezakete.











