Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2024ko Abenduaren 05a
Eguberriko merkatua - Eguberriko gasna taulak - Nun habila Perkain? - Homeopatia - Biltzar publikoa
Eguberriko merkatua
Abenduaren 7an, hilabeteko lehen ibiakoitz guziz bezala, badakizue merkatu eguna izanen dugula. Bainan ez ahantz aldi huntakoa arras berezia izanen dela, Eguberriko merkatua izanen baita, hots usaian baino hautu anitzez gehiago salmentetan eta beraz opari ideietan. Aitzineko urtetan bezala, Plaza Xokon iragaitekoa da.
Eguberriko gasna taulak
Bi gasna taula mota desberdin, handi edo ttipi, proposatzen dauzkigu Baigorriko Bai ikastolak, egun hauetan. 4 gasna motakoa (25euro/eusko) eta 5 gasna motakoa (50 euro/eusko).
Kasu: manaketak 15a arte egiten ahal dira. Ordainketa eta banaketak abenduaren 23an iraganen dira ikastolan berean (18:00-19:30).
Nun habila Perkain?
Mikel Erramuzpek moldatu 52 minutako dokumentala Bil Etxea gelan ikusten ahalko dugu igande arratsalde huntan, abenduaren 8an (15:00).
Bideo huntan, zehazten da nola XVIII. mendean Aldude sortu den Baigorritik berex eta nola iraultza denboran Frantziatik ateratzea entseatu den. Bidaia eder bat kondatu ez daukuten istorioan barna!
Mikel bera hor izanen da bere lanaren komentatzeko.
Homeopatia
Abenduaren 7an ibiakoitzez, Genevieve Chereau-Lazdunski pediatrak eta Marcelle Cazelles homeopatak formakuntza egunaldia kudeatuko dute (9:30-17:00) homeopatia zer den hobeki ulertzeko. Karia hortara, bakotxaren esperientziak eta praktikatzeak partekatuko dira eta zehaztuko da zoin diren tratamenduen ekarpenak eritasun desberdineri.
15 euro galdetzen dira parte hartzeko eta "Homeopathes sans frontières" elkartearentzat izanen da dirua.
Biltzar publikoa
Eraikuntza baldintzak eta hirigintza araudi edo neurri nagusiak biltzar publikoen bidez aurkeztuko dira Baxe Nafarroako herri desberdinetan. Baigorrikoa abenduaren 12an iraganen da ortzegunez, Plaza Xokon (20:00).