Hegoaldean | 2025eko Otsailaren 20a
Labrazako parke eolikoa - Donostiako Udalak Loiolako kuartela erosiko - Nafarroako Gobernuak indarkeria polizialen biktimak aitortu - Euskal Herriko Torturaren Sarea - Azken sozio-metroaren emaitzak
M.V.
Labrazako parke eolikoa
Oiongo Labraza herrian (Araba) parke eoliko bat eraikiko dute. Egitasmoari otsailaren 12an eman dio baimena Oiongo Udalak, gogoz kontra bada ere. Parkeak bakoitzak bortz megawatteko potentzia duten zortzi haize errota izanen ditu. Beraz, 40 megawatt sortuko ditu parke osoak. Urtean 100.000 megawatt-ordu ekoizten ahalko ditu, hots, 30.000 etxe hornitzeko doia energia sortuko du.
Haatik, eztabaida frango eragin du Labrazako parke eoliko proiektu honek. Aixeindar enpresa da egitasmoaren sustatzailea. Enpresa hau Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak sortutakoa da, Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko baimen administratiboa eman zion joan den azaroan. Oiongo Udala eta mugimendu ekologista, ordea, proiektuaren kontra daude. Udalak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, baina Jaurlaritzak baztertu zituen.
Jose Manuel Villanueva auzapezak adierazi duenaren arabera, Labrazako parke eolikoaren proiektua behin betiko onartzera behartuak dira, legez, eraikitzen hasteko behar diren baldintza guziak betetzen baititu: ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena, aitzinetikako administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena.
Oiongo Udalean EAJ eta PSE-EE nagusi ziren denboran prestatua izan zen parkearen egitasmoa. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren ustez, behin betiko onespena berri ezin hobea da, eta eskerrak eman dizkio Villanueva alkateari, egin duten lanarentzat.
Donostiako Udalak Loiolako kuartela erosiko
Donostiako Loiola auzoan den kuartela (kaserna) Espainiako Gobernuarena da, baina 2023ko urrian Udalak hitzarmena adostu zuen Gobernuarekin, kaserna eta honi lotuak diren lur eremuak erosteko. Haatik akordioa izozturik egon da orain arte, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ebazpena erdietsi arte.
Salerosketa gauzatzea zergatik hainbeste luzatu den azaldu behar da lehenik. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Itsasertzeko Zuzendaritza Nagusiak galdegina zuen kuartelaren eremua eta Urumea ibaia bereiziko zituen mugatze-lerroa 100 metrokoa izan zedin. Baldintza hori onartuz, Donostiako Udalak ez zuen eremuaren zati handi batean etxebizitzarik eraikitzeko baimenik ukanen. Horregatik, mugatze-lerroa 20 metrokoa izatea eskatzen zuen.
Azkenean, Espainiako Gobernuak onartu du Udalaren galdea, eta beraz, Donostiako hiria Loiolako kasernaz jabetuko da. Udalak 73,3 milioi euro ordainduko ditu 17,5 hektareako lurren eskuratzeko. Gisa horretan, 1.700 etxebizitza eraikitzeko plana gauzatu ahalko du.
Kaserna hiriaren esku gelditu ondoan, militarrek 4 urteko epea ukanen dute instalazioak uzteko. Eneko Goia Donostiako auzapezaren arabera, arte horretan Udala "planifikazio lanetan" ariko da.
Nafarroako Gobernuak indarkeria polizialen biktimak aitortu
Nafarroako Gobernuak joan den urtean indarkeria polizialaren eta eskuin muturreko taldeen 41 biktima aitortu zituen, eta horietarik %40 nonbait han torturatuak izan ziren. Biktima guzi horien aitortzeko ekitaldi ofiziala ospatu da otsailaren 13an, Iruñeko Baluarte jauregian. Biktimen izenean, Alberto Goñi mintzatu da, eta azpimarratu du torturak eragindako traumak bizi guzian irauten duela eta hori "leuntzeko" balio duela erreparazio prozesuak.
Aitortuak izan diren 41 biktimen ahaide eta lagunek parte hartu dute ekitaldian. Ordezkaritza ofiziala ere zabala izan da. Baluartera hurbildu dira Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde etakasik talde guzietako legebiltzarkideak (denak salbu PP eta Vox), bai eta ELA eta LAB Nafarroako koordinatzaileak.
Lehenik, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta Aitortza eta Erreparazioko buruak hartu du hitza. Haren arabera, talde hori "egiaren batzordea" da, eta nazioarteko zuzenbidearen eta adituen gomendioei jarraikiz ari da lanean.
Ondotik, Alberto Goñiren aldi izan da. Honek ohartarazi du torturak "bizi osorako trauma" sortzen diola biktimari, eta gainean daraman zama deskribatu die han bilduak zirenei. Azken gogoeta gisa, azpimarratu du indarkeria oro "gizagabea" dela, eta bertzeak entzuteko ahalmena ahultzen duela. Gauzak horrela izanik, aipatu du beharrezkoa dela mintzatzea eta muga horiek gainditzea.
Ekitaldiaren azken partean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea mintzatu da, eta barkamena eskatu die biktima guziei, urte luzetan erakundeek ez dietelako kasurik egin. Onartu du biktimek inguruaren babesa baizik ez dutela ukan eta maiz jendartea "erakundeen aurretik" izan dela. "Barkamena eskatzen dizuet luzaroan zuen eskaerak aintzat hartu ez dituzten erakundeen izenean".
Nafarroan, erreparazio eta aitortza prozesuak lau urte eta erdi iraunen du, 2027 erdialdera arte. Arte horretan, bereziki polizien indarkeria jasan dutenek aitortzarako galdea egin dezakete. Mementoan, 137 eskaera bilduak dituzte.
Nafarroako Gobernuak erreparaziorako diru sail bat bereizia du 2025erako aurrekontuetan. Gainera, hezkuntzarako eta bizikidetzarako planentzat diru kopuru bat ere atxikia du. 1.243.000 euroko kalte ordaina ezartzea adostu dute onartuak izan diren 41 kasuentzat.
Euskal Herriko Torturatuen Sarea
Nafarroako Gobernuak indarkeria polizialaren biktimak aitortu dituen aste berean, Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu dute ofizialki Donostiako Kursaal jauregian egin den ekitaldian. Orainarte, kolektibo desberdinetan banatuak ziren torturaren biktimak, eta sortu berri den mugimenduak pertsona horiek guziak elkartu nahi ditu bere gerizapean, eta oraino ere beldurrez isilik dauden biktimei beren kontakizuna argitara ateratzeko bilgune segurua eskaini nahi die.
Donostian bilduak zirenek azpimarratu dute Euskal Herrian torturak izan duen neurria ez dela bere osotasunean ezagutzen, eta gisa horretako tratuak pairatu dituztenei sarera biltzeko deia egin diete.
Azken sozio-metroaren emaitzak
Eusko Jaurlaritzaren azken sozio-metroaren emaitzak agertu dituzte joan den astean. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek beren egoera pertsonalaz, Euskadirenaz eta Espainiarenaz duten ikusmoldea neurtzen du ikerketa honek. Baina biztanleen kezka nagusiak identifikatzeko ere balio du inkestak.
Herritarrek 10etik 7 puntuko nota ematen diote beren egoera pertsonalari, iragan urtean bezala. 1995etik agertu den nota hoberena da. Euskadiren egoerari 6 puntu eman dizkiote eta Espainiakoari 4,7 puntu.
EAEko herritarren kezka nagusiei dagokienez, lan merkatuak arranguratzen du gehienik jendartea. Zehazki, galdekatuen %49k aipatu du gai hau hiru arazo nagusien artean. Bertze kezka handia, etxebizitzarena da, %47k aipatu baitu. 15 puntuz emendatu da hau, iazkoarekin alderatuz. Hirugarrenik, osagarri arazoengatik dago kezkaturik biztanleen %35a. Bertze arranguren artean ageri dira arazo ekonomikoak (%18), delinkuentzia (%16), eta migrazioa (%11).











