Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Otsailaren 20a
Hondakinak - Itoiz-Udako sesioak - Ate idekiak - Behi laster bereziak - Ihauteriak
Hondakinak
Apirilaren 2tik goiti erabili beharko dira etxeko hondakinen biltzeko ezarriko diren untzi berriak. Jende askok ez omen du oraindik idekitzeko "badge" delakoa eskuratua. "Badge" horiek ez dira norberaren kontrolatzeko eginak bainan untzia zer heinetaraino betea den jakiteko. %70a betea izanen delarik, Elkargoko langileak husteko apailatuko dira. Egin molde berri hori eraginkorra izan dadin bakotxak bere partea egin behar du. "Badge"-a ez dutenek Elkargoak Hazparnen duen egoitzarat joan behar dute (Caisse d'Epargne bankuaren gibelean), bulego tenoreetan.
Itoiz-Udako sesioak
Honela deitzen da Ainhoa Andraka, Larraitz Zuazo eta Zuri Goikoetxea zinegileek sortu duten dokumental berezia. Lau teilatu, Hegal egiten, Ezekielen profesia... Nork ez ditu ezagutzen Itoiz talde famatuaren kantu mitikoak? 1987ko udan Getxon egin kontzertu harrigarri baten ondotik, Juan Carlos Perez taldearen liderrak Itoiz desegiteko deliberoa hartu zuen, hau fama gorenean zelarik. Artxibo batzu deskubrituz eta taldekide ohiak elkartuz Itoiz-en lehen urteak oroitarazten ditu dokumentalak. Garaiko desadostasunak argian emanen dira. Filmaren ondotik Larraitz Zuazo zinegilearekin hitz egiten ahalko da.
Otsailaren 20an ostegunez eta otsailaren 23an igandez ikusten ahalko da Haritz Barnen (20:30).
Ate idekiak
À¯'"'¿Oraikoan eskola publikoko ama eskolak ditu ateak idekiko otsailaren 22an goizez. Hor aurkituko dira erakasle batzu eskolaren aurkezteko. Heldu den sartzean haurra eskolatu nahi dutenek harat hurbildu behar dute xehetasunen ukaiteko. Nortasun agiria eta osagarri karneta erakutsi beharko dira.
Behi laster bereziak
Iragan urrian zendu den Jean Louis Deyris-en ohoretan ditu Los Ninos elkarteak behi laster horiek antolatzen. Alabaina jaun hori arras ezagutua eta preziatua zen ganaderia munduan. Behi lasterrak hiri erdian iraganen dira. Jateko eta edateko moldea izanen da hor berean, otsailaren 23an (15:00).
Ihauteriak
Martxoaren 1ean iragaitekoak dira!











