Euskal diaspora | 2025eko Otsailaren 20a
AEBko tripota/odolkia eta txerrikiak eta Tokioko patata tortilla
Joseba Etxarri
TRIPOTA, ODOLKI ala mortzilla, hauek dira Estatu Batuetan txerriaren odolaz egina den jateko hain mozkin preziatuak hartzen dituen izenak. Ipar Euskal Herriko, Nafarroako edo Bizkaiko tradizioetan egiten dute, batera ala bestera, abantzu euskal komunitate guzietan, eta jateko ona izateaz gain, tradizio maitatu eta biltzaile bilakatu da tripota/odolkia/mortzila egitea bera, euskal komunitateko lagunak elgarretaratu eta "komunitatea" azkartu eta indartzeko balioarekin. Euskaldunak biltzen ditu ekoizteko tenorean, elgarrekin lan egitea gauza ederra baita; eta euskaldunak biltzen ditu jateko tenorean, hainbat jendek estimu handian baitzuen produktua baita, eta jende andana biltzen baita jateko. Heldu den ebiakoitzean Salt Lake Cityko Euskal Etxeak antolatu du elgarretaratzea bere lagun eta kideendako, umore onez eta tradizioa atxikiz, txerriki hori ekoizteko, eta deitua edo abisatua du dagoeneko martxoaren 1ean eginen duen "Odolki Jana" edo "Blook Sausage Dinner" bilkura. Egun berean Mus Txapelketa tipia eginen du, Euskal Etxeko hainbat lagunek gogo biziz igurikatzen duten egun batean.
TXERRIKIAK.
Ez ahantzi bestenaz, txerrikiak arras ekoizpen preziatuak direla Estatu Batuetako euskaldunen artean, eta euskaldunek euskaldun maneran egiten segitzen dituztela, klubetan ala bestenaz heien etxeetan, txorizo eta lukainkak, Boise eta Idahotik Hego Kaliforniaraino, Wyoming eta Utah-tik pasaturik. Otsail hunen lehenean, Ipar Kaliforniako Yuba City eta Marysville inguruko euskaldunek heien urteroko 49. txorizo eta lukainka lehiaketa elgarretaratzea egin zuten, arrakasta handiz, Sutter Kalifornian, euskal klubik ez duen eremu huntan, baina usadio honi fier atxikitzen dioten tokiko familiak antolatzaile. NABOk ere gogoz antolatzen du gurte guziz NABO Biltzar Nagusia den tokian, aurten Boisen, bere NABO Txerriki (tripota/odolki, txorizo/lukainka) lehiaketa, Valerie Arrechea sustatzaile handi.
TOKIOKO Euskal Etxeko lagunek martxoaren 1ean prestatzen ari dira heien "I. Patata Tortilla Txapelketa". 32 jenderendako lekuan eginen dute eta horietarik 18k heien tortillak prestatuko dituzte, edo besteak omeletak dastatu eta iritzia emateko prest agertu dira (ez da uztarketa txarra!). Guziek argi dute ongi pasatzeko eguna izanen dela, Gari Ortigosa Euskal Etxeko lehendakariak HERRIAri adierazi dionez. Hiru tortilla onenak hautatuko dituzte eta sariak, txakolin botila bana izanen dira. Hau da Tokioko Euskal Etxearen aurtengo lehenengo jarduera, eta 32 leku horiek bete zirelarik hetsi egin zuten kopurua, beraz kontent dira jendearen arrapostuarekin. Aipatzen dute izena eman duten lehiakideak Japonian bizi diren euskaldunak direla, eta ez dela aurtengo ekintza huntara, tortillak egitera, japoniarrik animatu. Aurten Euskal Herriko besta batzuk ospatuko dituzte, ari dira entseatzen euskara klaseak ematen, hitzaldiak antolatuko dituzte, Diasporaren Eguna eta beste batzuk.











