Gogoa hazi | 2025eko Otsailaren 20a
Gogoa hazi tituluaz
Mandio
Gogoa hazten ahal luketen gai batzuen aipatzea liteke beraz kronika honen xedea.
Lehenik ongi ulertu behar genuke zer erran nahi duen euskarak "gogoa" hitz horrekin. "Ez dut gogorik" erabiltzen dugu denek. Kasu horretan frantseseko "envie" hitz horren parekoa da. Serge Blancok errubian aski aipatzen zuen "envie" hura edo Johnny Hallydayk kantatzen zuena "Envie d'avoir envie" delakoa.
Ez da arras bide hortarik ari kronika honen tituluko "gogo" hitzak betetzen duen kontzeptua. Ondoko erran molde hauetan hobeki ulertzen da zer erran nahi duen ere hitz horrek: "Gogoan ibili", "Gogoan hartu", "Gogoan atxiki", "Kantu bat gogoz jakin"... Konturatzen zare irakurle frantseseko "mental" hitzetik hurbil garela edo zaharrek erraten zutenetik "Ez nian hortako barnerik sentitzen", "Zer barnea daukan horrek holako gauza baten egiteko".
Zutabe honetan izanen dira, beraz, idazleak eta irakurleak gogoan ibiliko dituzten gauza batzuk. Baten batek gogoan hartuko dituenak, gero gogotik kenduko ala gogoan atxikiko dituenak. Gogoetaz gogoeta, norberak bere baitako gogo hori hazten duela, zabalago barnakorrago, argiago, eta ororen buru, hobeago egiten. Elkarren arteko eraikuntza horretan, idazleak ekarri harri xumea nonbait kokatzen ahal balitz hobe, horretan mugatzen da bederen nere xede umila. Orain arte ere holakoak ziren Mandioren helburuak.
Ikustean kronika honen gaineko aldean "Jainkoa" hitza handiz idatzia maiz egin dut nere baitan: "Nor haiz hi Jainkoaz mintzatzeko?". Hala ere ausartu izan naiz sentimendu pertsonal batzuen partekatzera, seminariotik atera eta nola bizi izan nuen fedea armadan, geroago "Mezat gateko plazerra" titulu pean bildu izan ditut elkar bizitzako memento on batzuk: otoitza, kanta, jendetasuna eta aperitifa nahas-mahas partekatuz. Izan ziren ere Fedea eta Kultura elkartea eta Aillet Apezpikuaren arteko eztabaidak, hemen publikatu letra batzuk lekuko. Munduan zehar ikusi ehorzketa desberdineri buruzko gogoetak, Abbe Pierrek gorde krimen ulertezina, Navajoen espiritualitateaz bi hitz, Indiako Daliten egoera ezin onartuaren salaketak...
Erran dezagun ere fedeola.eus sortu eta kudeatzen dugula azken urte hauetan. Giristino euskaldunen sorkuntza eder frango bilduz eta denen esku emanez. Memento berean Kanta Jaunari taldea lan eta lan ari zen eta berrikitan gune zinez ederra eta baliosa ireki dute: kantajaunari.eus izenekoa. Hala ere uste dut fedeola mantendu behar dela, bere berezitasunengatik, eman dezagun hau: hitzak ikustearekin batean kantu andana bat entzuten eta kantatzen ahal dira.
Gureak gure! Baina munduan gaindi zenbat iturri fresko eta eder! Gaurko gogoeta gaia hau izan liteke, Standing Bear indiar buruzagiak dioena: "Guretzat, lurra gozoa zen, eta bete-betean bizi ginen Misterio Handiaren onurez". Erranaldi horren hitz bakoitzak zerbait pizten du gogoan...
Baina xo! Kronika hau laburtzea galdetu digute...










