Han eta Hemen | 2025eko Otsailaren 20a
Mugaz gaindiko moneta
Euskal Moneta eta Gizartearen Monetaren ekimenez, otsailaren 8an Euskal Herriko politika arduradunak eta egiturak bildu ziren Baigorrin, mugaz gaindiko moneta lokalaren proiektuari buruz hitz egiteko.
Eusko monetaren arrakastaz baliatuz, esperientzia hori Hego Euskal Herrira zabaltzea da anbizioa.
Euskal moneta
Euskoa 2013ko urtarrilaren 31n abiatu zen, Ipar Euskal Herri osora zabalduz.Euskal moneta osagarri, ekologiko eta solidarioa da. "Euskal Moneta"elkarteak du kudeatzen. Gaur egun, 4 milioi eusko zirkulazioan dira eta euskoak 4.000 erabiltzaile partikular ditu, Europako tokiko lehen moneta bihurtu da. Esperientzia arrakastatsu horretatik sortu zen mugaz gaindiko tokiko moneta sortzeko gogoeta, gisa horretako lehena Europan. Helburua tokiko ekonomia indartzea, mugaz gaindiko lotura ekonomikoak sendotzea eta euskara sustatzea da.
Mintegia
Otsailaren 8ko "Mugaz gaindiko moneta osagarri bati buruz" mintegian, Ipar eta Hego Euskal Herriko arduradun politikoak eta egiturak bildu ziren. Hain zuzen ere, Jean René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako gobernuko lehendakariordea, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakaria, Aizpea Otaegi Errenteriako auzapeza eta Oarsoaldea garapen agentziako presidentea, Lorea Lizarreta Baztango zinegotzia, Luca Pastorelli Diesis sareko zuzendaria eta Euskal Moneta eta Gizartearen Monetaren ordezkari batzuk hurbildu dira, proiektuaren aitzinamenduaz eta ondoko urratsez mintzatzera. Jean René Etchegarayren hitzetan, proiektu hunek erakundeen arteko sinergiak eta mugaz gaindiko lurraldearen garapen iraunkorraren engaiamendua erakusten du. Sortu zenetik, Euskal Elkargoak euskoari bere sustengua eman diola eta Gizartearen Moneta egitasmoa laguntzen duela azpimarratu du lehendakariak. Horrez gain, proiektua instituzioak sustatzen dituen balioen eramaile dela zioen, herritarren parte-hartzea, trantsizio ekologikoa eta euskararen garapenarekin.
Mugaz gaindiko moneta
Parte-hartzaileek azpimarratu dute proiektuak bide ematen duela mugaz gaindiko harremanak sakontzeko eta tokiko ekonomia eta merkataritza sustatzeko. Lan bat eramaten hasi da Baztanen (Nafarroa) eta Oarsoaldean (Gipuzkoa), herritarren eta eragile sozial baita ekonomikoen parte-hartzearekin. Bi eskualde horietan hainbat bilkura publiko aurreikusiak dira jadaneko.












