Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Otsailaren 20a
Zanpantzarren auzia prest - Iparra-Hegoa elkartearen Kultur Astea - Mugaldeko Udalekurako begiraleak behar dira - Liburu aurkezpena - Biztanleria Zerbitzurako langile bat behar - Pilota
Zanpantzarren auzia prest
Hilaren 22an larunbatarekin, Urruñako ihautearen bigarren zatia izanen da herrian. 16:30etatik goiti, Kaskarotak, zirtzilak, hartz adarduna, kotilungorriak... herriko plazara iritsiko dira. Zanpantzar ekarriko dute. Plaza erdian, makila lodi baten kontra lotu ondoren, epaiketa eginen dute, eta gero su emanen diote. Horren ondotik, mutxikoak, fandangoak, zortzikoak... eta horrelako dantzak izanen dira suaren inguruan, urruñar eta etorriko diren guziei eskainirik. 21:00etatik goiti kontzertu-dantzaldiak izanen dira herriko pilota-plazan, Pagea Pop, Spartak Dementziala eta Akerbeltz taldeekin. Antolatzailea: Hazia euskal kultura elkartea. Erritu horretan negua izanen da galtzaile eta udaberria irabazle.
Iparra-Hegoa elkartearen Kultur Astea
Jadanik, jakin dugu aurtengo Kultur Astea martxoaren 24tik 30era izanen dela. Lehenagotik, mugaz gaineko aipatu elkarteak antolatu zenbait ekitaldi izanen dira. Horrela, otsailaren 23an, Pausuko Xaia ostatuan kontzertu-afaria izanen da Erramun Martikorena eta Patxi Saiz euskal abeslari handiekin. Martxoaren 23an, elkarteak urtero antolatzen duen Euskal Herriko mus txapelketaren finala izanen da, aurten, Arabako Gopegi herrian. Aurtengo Kultur Astearen gai-ardatza euskaldun-berrien garrantzia izanen da, eta horren kari martxoaren 24an astelehenarekin, hitzaldiak izanen dira Seguran. Martxoaren 25ean asteartearekin, Urruñako Ikastolako haurrei harrera beroa eginen zaie: gosaria, jolasak, Segura Irratirako elkarrizketa, bazkaria, dantza gidatuak, Segurako haurrekin harremanak, txokolate beroa... eta abar luzea. Martxoaren 27an ostegunarekin, Etxepare Lizeoko ikasleen autobusa joanen da, ilusioz eta gazteez beterik. Egun horretan, izanen dira bertso saioak, euskal poteoa eta kantu afaria. Martxoaren 28an ostiralarekin, Etxepare Lizeoko bi autobus joanen dira, 66 ikaslerekin. Egunean barna, gazte horiek ekitaldi anitzetan parte hartuko dute: bisita gidatua herria ezagutzeko, bazkaria Elorri elkartean, ikusgarria, antzerkia, sagarno jastaketa, kale animazioa, kontzertuak... Martxoaren 29an larunbatarekin, ekitaldi ugari izanen dira: mendi ibilaldia, bote luzeko partidak, Baigorriko musikariak, bazkaria, taloak, garagarno jastaketa, kontzertuak... Eta bukatzeko, martxoaren 30ean igandearekin, sukalki lehiaketa, gaitariak, joaldunak, Urruña eta Seguraren arteko adiskidetasuna idurikatzen duen Gereziondoaren aitzineko ekitaldia, herri bazkaria, Imuntzo eta Beloki trikitilariak... Oharra: igandean izanen da, urtero bezala, autobus bat Urruñatik Segurara joan-etorria eginen duena. Aste ederra izanen da, urtero bezala segur!
Mugaldeko Udalekurako begiraleak behar dira
Aurten, bigarren aldiz, Mugaldeko Udalekua antolatuko dute. Urruñan hasiko da uztailaren 14an eta Oiartzunen bukatuko da uztailaren 20an. Udaleku ibiltaria denez, parte hartuko duten 14 eta 15 urteko gazteak Urruña, Hendaia, Sara, Igantzi, Lesaka eta Oiartzun herrietan barna ibiliko dira. Lan egiteko aisialdiko begiraleak beharko dira, eta jadanik interesatuek kurrikuluma ahal dute igorri oiartzun@tturttur.eushelbide elektronikora otsailaren 28a (ostirala) baino lehen. Begiraleei baldintza hauek galdetzen zaizkie: 1.- Beharrezkoa da euskara jakitea (C1 maila), eta ondorengoak baloratuko dira. 2.- Begirale titulua ukaitea. 3.- Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen aritzea. 4.- Taldean lan egiteko erraztasuna izatea. 5.- Euskararekiko sentsibilizazioa ukatea.
Liburu aurkezpena Berttolin
Hilaren 18an asteartearekin, eta Jalgi gazte erakundeak antolaturik, Ane Ablanedo Larrion andereak "Zapalduon pedagogia" izeneko bere liburu plazaratu berriarenaurkezpena egin zuen Berttoli elkartean. Horren ondotik publikoarekin solasaldia izan zen.
Biztanleria Zerbitzurako langile bat behar da
Urruñako Herriko Etxeak biztanleria zerbitzurako langile bat kontratatu nahi du, arduradunaren laguntzaile gisa lan egin dezan. Lanpostu horren eginbeharrak: 1.- Egoera zibileko akten kudeaketa, 2.- Hilerrien kudeaketa eta jarraipena, 3.- Zerbitzuaren gai orokorren kudeaketa. Izena emateko epea martxoaren 9an bukatuko da.
Pilotari urruñarren emaitzak
Buruz Buruko Elite Pro izeneko lehiaketan, Donibane Garazin jokatu partidetan: Ospitalek 40 eta Bixente Bideondo urruñarrak 14.











