Orotarik | 2025eko Otsailaren 20a
Kukumarro
Xarles Videgain
Idi gizenak
Garizuman sartzeko denboran (Garizuma zer den irakurleak balin badaki) ohitura zaharra bada, bazen, idi gizenak erakusteko, ortzegun gizen edo lerdo egunean. Buxergoan ari direnek aski harro eta haidor idi ezin ederragoak hirietan ibilarazten dituzte, ongi apaindurik, biloak iretsirik eta orraztaturik, xingola flokak eta kokarda dakartela. Lehen Baionan idiak baziren Carnesseirie karrikan: orain Vieille Boucherie deitzen da. Badakigu 1289an jadanik idiak largatzen zirela karriketan, nahiz frankotan debekatua izaten zen. Dudarik gabe idi lasterketa honek egite bazuen beste aldean "sokamuturra" eta "entzierro" deitzen diren gertakariekin. Hazparnen ere arrakasta handia izan dute behi lasterketek, Landesetan bezala. Thierry Truffautek eta Claude Pelletierek ongi esplikatzen dute.
Euskal Herri guzian idia "idi" deitzen da salbu eremu batean han "iri" deitzen baita. Behia erdi delarik umea sortzen da, "xahala" edo "aretxe" da. Beste egun batez "biga", "miga", "bilarrauzia" eta urruxak aipatuko ditut baina ondoko lerroetan kotxoak baizik ez dira agertuko. Handitzen delarik "ergia" da (eta jende izena ezaguna da). Gero ergia "zezengeia" eta "zezena" izan liteke: bizkaieraz haatik "idixko" deitzen dute, eta han zezena da preseski zezen plazetan hiltzen den kabala, laborari etxetan ez dagoen kabala mota.
Hemen ere, 39-48ko gerlatik landa bereziki, hasi ziren idiak itzaltzen laborari etxeetatik, "idi gorria", hots, trakturra jin zelarik mekanizazioarekin. Orduko idiak etxe munttoetan baizik ez ziren atxikitzen, etxetiar frankok aski baitzuten behiekin ezen behi gaixoek esnea, lana eta umea ekarri behar zutelakoz.
Uztarria zen ergiak hezteko tresna. Ergiak hatsarrean uztarria eta funtsean lanean artzea ez zuen gogoko eta uztartzen zen zaharrogoko kabal batekin usaia har zezan edota uztarri itsua deitua ezartzen zitzaion, uztarri erdi bat. Idi heztearekin sos zerbait egiten zuten hezleek eta famatuak ziren konparazione Muskuldiko idiak. Gaskoinek ziotenaren arabera, Muskildin lan egiteko usaia zuen idi gazteak ordoki eta naba zituen Biarnoko muno guziak. Feriatik etxera eramateko baziren tokeroak, makiñunen eta tratularien langile baitziren, eta bidean idiak hots emaiten zituztenak itzain deitzen ziren. Haatik idiak ez ziren beti aise ari lanean eta ipurdi mazelaz orgetako timoina jotzen zuten elkarri oldartuz. Horren kontra bazen tranpa bat: timoinaren bi alderdietan ziri zorrotza ematen zen eta idiak minartzen ziren haren kontra joanez, ezin sorkan ari. Zer ote da sorka? Peio Ospital errugbilari handiari entzun nion polliki erraiten ahantzi nuen mintzatzeko manera. Denbora batez, izendatuko ez dudan errugbi klub batean partaideak ari ziren gatazkan eta Ospitalen hitzak izan ziren: "A zer domaia, elkarrekin aitzina joan gabe, ari dira zorkan gelditu gabe". Nik uste, erraiteko manera atxiki behar liteke idirik ez balin bada ere, zorkan egiteak aldiz irauten baitu itxura guzien arabera.
Hegoaldean lehiaketak antolatzen dira idiekin: harri pisu bat zoingehiagoka mugitzen ari diren idiak badira; idi dema famatuak ikusten dira oraino plaza berezi batean hala nola Berriz hirian, Bizkaian. Janari berezia hartzen zuten idi horiek hala nola babak ez banaiz oker! Idiek honenbeste untze (itze) egin behar dute, honenbeste izari, eta parioak libro dira.
Hegoaldean beti, beste ohitura izan da. Norbait aski aberats hiltzen zelarik, bere ehorzketa denboran eliza kalostrapean ezartzen zen etxeko idi bat arras ongi jantzirik. Zeremonia denbora osoan han zegoen loturik.
Zahartzen ari delarik idia, gizenarazten da eta orduan pikoko dela diote, gaskoinez "pic" baita haragia haustea eta pusketan ezartzea. Egia erran gaur erabiltzen diren idi gizenak ez dira biziki uztarpean egon eta haragia uster dute. Erran gabe doa idi gizenak gobernatzea oso kario ateratzen dela. Are gehiago idi ikelen kasuan, idi ikela baitzen lanean ari ez zena amorekatik haragia hobea izan zezan. Jaz Baionan, egia erran idi gizenak ez ziren agertu eta haien ordez alimaleko behiak erakutsi zituzten! Nago zergatik idiak agertzen ote diren Ihauteri inguruan. Van Gennep eta herriko usaiak ikertzen dutenak dudan daude: idi gizena ote da garizumaren kontrako ideia, hots haragi ona eta joria berrogei egunez jan behar ez dena? Agian buxerrek eta harakinek badute beste arrazoirik. Ene dudak bazterturik, zoaz Baionara merkatu ondoan egonen diren idi gizenen ikustera. Bestorduz aipatu nituen zeruan dauden izarrak, itoinak edo idi ohoinak. Baionako merkatuan diren idiak ez dira ebastekoak.













