Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Otsailaren 20a

Arruntzako auzo batzordea - Erakusketa - Kotillunak karriketan

Kotillunak Uztaritzen
Kotillunak%20Uztaritzen

Arruntzako auzo batzordea

Joan den astelehen arratsean bildu da Arruntzako auzo batzordea Erdiko Etxean, Pierrot Rouget hautetsi erreferentearen inguruan. Hastapenean Txik Txak autobus sarearen berri eman du hautetsiak, azpimarratzen zuela auzo horren hedadura, ez duela autobus sare horrek nahi bezala estaltzen bere zerbitzuez. Ibiltzeko zailtasunak dituzten biztanleek balia dezakete halere garraio partikular batzuen zerbitzua prezio ttipian galdeginez geroz. Arruntzan pilota plazaren ingurua eta elizarateko bidearen berrantolaketa aipatu da ondotik. Hau iragan urtean gibelatua izan zen finantzia eskasez. Dirudienez berriz hasiko dira obrak heldu den udatik harat, arkitekto eta enpresen arteko harremanak bururatzearekin. Aipagai ere izan dira abiatuko diren eraikuntzak. Leku Eder jatetxearen gibeleko lur batean farmazia batek eguna ikusi behar luke eta Musugorrikobordan COL promotoreak eraiki beharrak ditu 24 bizitegi sozial aurtengo urtean. Argi publiko arazoak ere agertu dira bereziki Portuko eta Patxaenea bidetan. Zonbait bazterretan garbiketa batzuen beharra ikusten da, zirga bide bazterrean eta Elizarenborda inguruan bereziki. Auzo guzietan bezala autoen abiadura handiegiak salatu dira, ez jakin beti nola errespetarazi. Biltzarra bukatzeko aipatu da aitzinkontu partehartzailearen egitarauan pausa eta josta leku bat antolatzea eskolatik hurbil den lur eremu batean. Proposamen hau duela bi urte baztertua izan zen boz kopuru eskasarengatik. Geroak erranen aurtengoarentzat.

Erakusketa

If Matxikotek bere tTok erakustokian (1 Purgu kurutzeko plaza) errezebitzen ditu Baroja Collet artista ospetsuaren ''Aztarnak'' obrak otsailaren 13tik apirilaren 17a arte. Artistaren obretan ikusten ahalko dira grabaketak, kolatzeak, brontzezko zizelkadurak eta herdoilezin altzairuzkoak; orotara 40 bat lan berezi. Baroja Collet sortua da Frantzian Le Creuset hirian, orain Gipuzkoan bizi da Deba herrian eta 68 urte ditu. 1978az geroztik 50 bat erakusketa eginik baditu eta ber denboran hainbat sari irabazirik. Obra, bere buruaz erraiten duenagatik eta bizi dugun errealitateaz erran dezakeenagatik interesatzen zaio. Erakusketa bisitatzen ahal da segidako tenore hauetan: astearteak (17:00-20:00), asteazkenak (9:00-16:00), ostegunak (15:00-18:00) eta ere aitzinetik hitzordu bat harturik zenbaki huntan: 06-01-98-00-24. Ohar bat halere otsailaren 26tik martxoaren 6a arte hetsia izanen da. Ongi etorri hoberena segurtatua da.

Kotillunak karriketan

Joan den igandean herria airostu dute Kutun elkarteak kudeatzen dituen Uztaritzeko kotillunek (bertze orduz joaldunak deitzen ditugunak). Goiz parte guzian Hiribehereko karrika guzietan ibili dira beren soinu bereziak adieraziz. Arratsaldean Arruntzako auzoak du plazer hori ukan. Azken ateraldia egina zuten joan den abenduan Olentzero besta kari eta badakigu oraidanik beren sasoia bukatuko dutela martxoaren 30ean errezebituz Lazkaoko eta Beasaingo joaldunak; orduan eginen digute Purgun eta Xopolon beren erakustaldi handia Jatsun eginen duten apairu batekin bukatuko dena. Plazer handia da beti horien ikustea eta entzutea.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3774. zbk

Gure Hitza | 2025/02/20

Ausartziaz jokatu!

Menane Oxandabaratz

Urtero, mundu osoan milioika pertsonek beren bizitokiak utzi behar dituzte, anitzetan pobrezia eta gabezia egoeran direla. Etxerik, jatekorik eta edatekorik gabe, osasunerako, hezkuntzarako eta segurtasunerako zenbaitzuk sarbiderik ez dute. Gehienetan tratu txarrak eta laidoak jasaiten dituzte. Ibiltzeko libertatea murriztua zaie. Gerlen eta hondamendi naturalen gorakaden ondorioz, milioika pertsonek beren lurraldea utzi behar dute, beren geroa zein den jakingabean.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dio: "Giza Eskubideak pertsona guzien eskubide ukaezin gisa definitzen dira, edozein dela haien nazionalitatea, bizilekua, sexua, jatorria, kolorea, erlijioa, hizkuntza".

Frantses legebiltzarrean "Immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko" deitu lege-proiektua eztabaidan da. Jadanik dekretu batzuk adostuak izan dira. Horietan halako bat egin dautana da, 2025eko uztailetik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016