Mundu zabalean | 2025eko Otsailaren 20a

Adimen Artifiziala onerako ala txarrerako?

J.B.

Adimen%20Artifiziala%20onerako%20ala%20txarrerako?

Adimen Artifiziala entzuten dugu egun guziz. Joan den astean Parisen iragan den gai honi buruzko gailurrean elgarretaratu dira munduko arduradun gehienak, teknologia berriak hartzen duen garrantzia erakutsiz. Ohargabean egun guzietako egin molde eta urratsetan sartua zauku Adimen Artifiziala eta hastapen bat baizik ez omen da. Onerako ala txarrerako?

Amerikanoen, txinatarren edo enpresa handien meneko ez izaiteko behar gorria ageri da egun guziz gehiago.

Zer da Adimen Artifiziala?

Jendeen burumuinek duten ahalmena kopiatzeko beti hobetzen ari den teknologia da. Algoritmo deitu tresna matematikoen bitartez, informazio meta ikaragarriak aztertzeko, sailkatzeko eta hautatzeko gaitasuna gero eta handiagoa duen sistema informatikoa da, bere baitarik ikasteko gai dena gainera, testu, soinu, irudi eta mugimenduak sortuz.

Duela 70 urte abiatu ikerlarien lehen entseguetarik oraiko sail guzietako erabilpen zabala arte aitzinamendu ikaragarriak izan dira. Geldiezinak iduriz.

Nork eta zertarako baliatzen da Adimen Artifiziala?

Nehor ez da harrituko, Pariseko Zientzien Hiriak eta Aurkikuntzaren Jauregiak jaz burutu inkesta batean agertzen da gazteek dutela nagusiki adimen artifiziala erabiltzen.

Nagusiki ezagutua den ChatGPT erabilpenari buruzko galdeeri ihardetsiz, 18-24 urte arteko gazteen erdiak programa hori jadanik erabili zuela erantzun du, 65 urtez goitikoen %10a baizik ez zelarik.

Zertarako baliatua izan den ere erakusten du inkestak: lehenik informazioa eskuratzeko, gero itzulpenen egiteko eta idazlan baten egiteko. Bestalde kontseiluen eskuratzeko, datuen ikertzeko bai eta ere irudi edo musika batzuen sortzeko erabilia da Adimen Artifizialeko programa.

Egia da teknologia berri horrek azterketa zehatzak biziki fite egiteko errextasun handiak dituela, ahalmen berriak eskainiz laborategietan edo medikuntzan adibidez. Bainan, denbora berean, arrisku eta ondorio arranguragarriak agerian uzten ditu.

Arrisku handiak demokraziarentzat

Gorago aipatu inkestak erakusten duen bezala, belaunaldien eta herritarren arteko desoreka, haustura ez erraiteko, handitzeko arriskua bada. Badakigu gaur egun jadanik informatika baitezpadakoa dela urrats administratibo gehienetan eta nork ez ditu ezagutzen bere inguruan teknologia berriak ezin segituz gaindituak diren jendeak?

Bestalde, guti aipatzen bada ere, eraikitzen ari diren Data Zentro ikaragarrien ondorio ekologikoa hor da, sekulako energia behar dutelako. Munduko berotze efektua sortzen duten gas isurketaren %4a sektore numerikotik heldu da eta proportzio hori bikoizteko punduan da aurten.

Lan mundutik ere kezkak agertzen dira. Adimen Artifizialak ekartzen ahal dituen lan errexteak zalantzan ezartzen dituzte heien ofizioak lanjerean ikusten dituzten itzultzaile, idazle edo sorkuntzan ari diren hainbat jendek.

Ororen gainetik salatua den arrisku handiena da miliardun bakar batzuen eskuetan edo Txina bezalako gobernu autoritarioen eskuetan daudela teknologia berriko tresna azkarrenak.

Anitz aipatua izan da errealitatea den menpekotasun ekonomikoa, bainan diru kontu ikaragarrien gainetik demokrazia lanjerean ezartzea da arrisku handiena. Teknologia berri horiekin informazio iturrien gakoak jende bakar batzuen eskuetan izaitea da beldurgarri. Elon Musk edo haren iduriko beste aberats okituak izan edo Txina bezalako agintari politiko militarrak izan.

Horrengatik baitezpadako hiru oinarri argitaratu dituzte informazio orokorreko prentsaren Aliantzan biltzen diren 25.000 kazetarik. Adimen Artifizialak prentsaren lekua hartzen ari dela ikusirik, kazetariek lantzen dituzten artikuluak ez ebastea, azterketak eta informazio egiaztapena bilatu dutenen ordainketa segurtatzea eta informazio iturrien jakinaraztea galdegiten dute, podere publikoen gerizapean, Adimen Artifizialeko agintarieri.

Azkenik, deklarapen orokorra baizik ez bazen ere, Adimen Artifizialaren garapena bideratzeko alde anitzetako ikusmoldea konduan hartu beharra eta gobernantza finkatzeko kooperazioa aldarrikatzen duen Pariseko gailurreko ageria ez dute izenpetu Amerikako Estatu Batuetako eta Bretainia Handiko arduradunek. Gorago aipatu arrangurak akuilatzeko seinale...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3774. zbk

Gure Hitza | 2025/02/20

Ausartziaz jokatu!

Menane Oxandabaratz

Urtero, mundu osoan milioika pertsonek beren bizitokiak utzi behar dituzte, anitzetan pobrezia eta gabezia egoeran direla. Etxerik, jatekorik eta edatekorik gabe, osasunerako, hezkuntzarako eta segurtasunerako zenbaitzuk sarbiderik ez dute. Gehienetan tratu txarrak eta laidoak jasaiten dituzte. Ibiltzeko libertatea murriztua zaie. Gerlen eta hondamendi naturalen gorakaden ondorioz, milioika pertsonek beren lurraldea utzi behar dute, beren geroa zein den jakingabean.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dio: "Giza Eskubideak pertsona guzien eskubide ukaezin gisa definitzen dira, edozein dela haien nazionalitatea, bizilekua, sexua, jatorria, kolorea, erlijioa, hizkuntza".

Frantses legebiltzarrean "Immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko" deitu lege-proiektua eztabaidan da. Jadanik dekretu batzuk adostuak izan dira. Horietan halako bat egin dautana da, 2025eko uztailetik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016