Gure Hitza | 2025eko Otsailaren 20a

Ausartziaz jokatu!

Menane Oxandabaratz

Urtero, mundu osoan milioika pertsonek beren bizitokiak utzi behar dituzte, anitzetan pobrezia eta gabezia egoeran direla. Etxerik, jatekorik eta edatekorik gabe, osasunerako, hezkuntzarako eta segurtasunerako zenbaitzuk sarbiderik ez dute. Gehienetan tratu txarrak eta laidoak jasaiten dituzte. Ibiltzeko libertatea murriztua zaie. Gerlen eta hondamendi naturalen gorakaden ondorioz, milioika pertsonek beren lurraldea utzi behar dute, beren geroa zein den jakingabean.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dio: "Giza Eskubideak pertsona guzien eskubide ukaezin gisa definitzen dira, edozein dela haien nazionalitatea, bizilekua, sexua, jatorria, kolorea, erlijioa, hizkuntza".

Frantses legebiltzarrean "Immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko" deitu lege-proiektua eztabaidan da. Jadanik dekretu batzuk adostuak izan dira. Horietan halako bat egin dautana da, 2025eko uztailetik aitzina, immigrante batek bisa-galdera eskuratzeko frantses azterketak pasatu beharko dituela. Frantsesaren ezagutza mailaren arabera egoiteko baimena ukanen du edo ez. Beste nonbaitik etorri pertsona bati frantsesaren menperatzea galdegina zaio, zentzugabekeria!

Berriz ere etorkinak laguntzeko orde, anbiguoak eta bihurriak diren neurriak plantan jarriak dira.

Etorkizunean paperik gabeko pertsona batek baimenik ez badu, delitu bat izanen da. Frantses estatuan ehunmilako bat jende kasu horretan izanen da. Horien artean anitz lanean ari dira, kriminalak bilaka litezke!

Migrazioa emendatuz doa, egoera larri horren aitzinean, aterabideak atzemaiteko orde, agintari politikoek, eskuin muturraren ideiak berenganatuz, legeak gogortzen dituzte. Urtez urte, europar gobernamenduek neurri errepresiboak plantan jartzen dituzte. Eztabaida anitzetan "migrazio krisia" bezala aipatua da. Zergatik krisi ikuspegitik jorratu? Migratzaileen etortzeak estatu batean krisi bat sortzen balu bezala!

Alta ezinbestekoa da erbesteratuen eskubideak errespetatuak izan daitezen. Jende horieri laguntza eta bizitzeko baldintza onak eskaintzeko garaia da. Nazioarteko egoera politiko lazgarria ikusiz eta klima aldaketaren ondorio kaltegarriak, zorigaitzez populazio batzuk lekuz aldatzea behartuak dira.

Klixeak, informazio okerrak eta beldurgarriak zabalduz, mesfidantza giroa sortzen ari da. Ezinbestean, herritar batzuentzat immigrazioa gai sentikorra bilakatu da. Zeren beldur dira? Migratzaileek pobretuko dituztela? Laguntza sozialez baliatuko direla, estatuko buxeta lanjerean ezarriz? Immigrazioa antolatu behar da. Ausartziaz joka gaitezen!

Email Facebook Twitter LinkedIn

3774. zbk

Azalekoa | 2025/02/20

"L'outil en main" elkartea

M.O.

Loutil%20en%20main%20elkartea

"L'Outil en Main" elkartearen helburua da gazteak eskulangintzan trebatzea. Ipar Euskal Herrian hiru gunetan plantatua da: Amikuzen, Zuberoan eta Errobi eskualdean, azken hau Luhuson, Euskal Elkargoaren egoitzan biltzen da. Elkartearen ezagutzera joan gira, Battitt Iturbide maiasturulaguntzaileak errezebitu gaitu.

Lanean ariz ikasten

Luhusoko Urxuria gelan astearte arrastiri batez, han berean arratsaldekoa janik, gazte multxo bat xinaurri batzuk bezala lanean kontzentratuak atzeman ditugu. Beren ondoan ofiziale erretretadunak, tresna nola atxiki, nola erabili... hots beren ofizioaren ikasteko prest. Battitt Iturbide ofiziale horietarik bat da, ongietorria egin eta, multzotan bilduak zirenen itzulia harekin egin dugu. Mahai baten inguruan maiasturuntzan gazte batzuk serios zuraren mozten ari ziren, egin behar zuten obraren planoa aitzinean zutela. Beste xoko batean elektrikari bat, bi gazte ondoan, argindarra nola erabili eta segurtasun...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016