Azalekoa | 2025eko Agorrilaren 07a

Xebastian mintzo, antzerkia bero

A.E.

Herritarrak errepikan
Herritarrak%20errepikan

Armendaritzeko antzerkian errola inportantea ukan duen Xebastian Ihidoy omendu nahian, herritarrak bildu eta “Xebastian mintza hadi!” ikuskizuna muntatu dute, agorrilean bitan emanen dutena. David Ondars antzerkia idatzi duenarekin proiektuaz solastatu gira.

Xebastian Ihidoyren omenez

David Ondars Donibane Lohizunen bizi den 35 urteko armendariztarra da. Ttipidanik antzerkian ibili izan da, eta gaur egun hortaz bizitzen lortzen du, duela urte bat komertzial lana utzi baitu hortan aritzeko.

Armendariztar gazteak azaltzen zuen Josiane Elissaldek zuela herrian proiektu baten sortzeko ideia bota, herritarrak batuko zituena. Lauzpabost pertsonekin elkarturik, Armendaritzeko antzerkiaren sortzailea izan zen Xebastian Ihidoyri buruzko ikuskizuna egitea fitesko bururatu zitzaien. Izan ere, gizon hori ezterenzubitarra zen, eta Armendaritzera 1988 edo 1989an etorri zen, arozgoan aritzera. Aski fite, antzerki talde bat muntatu zuen herrian bertan. Hastapenean ero batentzat hartua izan bazen, Piarres Larzabalen “Etxahun” testuarekin jin, eta herritarrekin antzerkia muntatu zuen 1990ean.

Xebastian Ihidoy 1994an zendu zen, 35 urtetan, auto istripuz. Antzerki bat emana izan zen bere omenez. Haatik, herrian antzerkia segitzea erabaki zen. 35 urteren buruan, aurtengo ikuskizuna gelditu ez den dinamika horren erakusle da.

Proiektua plazara

Ikuskizuna aitzinera eramateko, 2023ko irailean lehen bilkura egin zuten, kasik 100 bat pertsona bildu ziren, antolatzen hasteko. Gaia aurkeztu zenean, jendea aski hunkitua agertu zen, anitzek ezterenzubitarra ezagutu baitzuten. Ikusgarria euskaraz egitea ebidentzia bat izan zen hastapenetik.

Gaur egun, 80-90 bat dantzari badira, 18 antzerkilari eta 35 kantari. Orotara proiektuak 140 bat pertsona biltzen ditu, hots herriaren herena.

David Ondars-ek du antzerkia idatzi. Gazteak Xebastian Ihidoy ez zuenez ezagutu, idazketa aitzin lan handia eraman du, ezker-eskuineko lekukotasunak biltzeko. Hain zuzen ere, ezterenzubitarraren familia, lagunak eta lehen antzerkian parte hartu zutenekin elkartu da, eta herrian galdeketa bat egin du, istorioak eta anekdotak biltzeko. Eskuratu informazioetatik abiaturik, armendariztarrak antzerkia idatzi du.

Antzerkia da ikuskizunaren bizkar hezurra, eta dantza eta kantuak sartzen entseatu dira. Dantza eta kantu taldeak kudeatzen dituzten arduradunak dira integrazio lan hortan ibili.

Proiektuak “ikuskizuna” izenburua hartu du eta ez “kabalkada”, denek ber istorioa kondatzen baitute, hiru diziplinak nahasiz.

Antzerki, dantza eta kantu taldeak bakoitza bere aldetik astero entrenatzen ari dira. Martxotik errepika orokorrak hilabetean behin egin dituzte, sorkuntza egokitzen eta moldatzen ahalbidetu dutenak. David Ondars-ek zioen zinez lagungarria izan zela proiektua aitzinera eramateko.

Ikuskizunean parte hartuko duten antzerkilari, dantzari eta kantariez gain, dendariak ere badira, dantzarien jantziak josi dituztenak, edota talde tekniko bat, apainketaz arduratzen dena.

Emanaldiak

Agorrilaren 14an ostegunean (19:30) eta 17an igandean (16:30) emanen da, Armendaritzeko plazan. 1.300 pertsona goaitatuak dira. Gutti gorabehera 2 oren eta erdi iraunen du.

Tokiak 15 euro kostako du, HelloAsso plataformaren bidez erosten ahal dira, bestenaz Donapaleuko Joker saltegian, Armendaritzeko Atherbean, Irisarriko Baigura farmazian edota Donibane Garaziko Parisenian.

Ikuskizunaren berri ukan daiteke armendaritzeko.ikuskizuna deitu Instagram edota Facebook kontuen bidez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3798. zbk

Gure Hitza | 2025/08/07

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016