Herriz Herri - Bardoze (L) | 2025eko Agorrilaren 07a
Zirko eguna - Merkatu gormanta
Zirko eguna
Hainbat kabaret gaualdi antolatu eta gero, zirku eta arte eszenikoen egun zoragarri bati ekinen dio Ziliportaka elkarteak, agorrilaren 9an, gure herriaren bihotzean. Arratsalde osoan, baita gauean ere, adin guzietako zirkozaleek gozatu ahalko dituzte tailerrak, ikuskizunak eta jokoak, platanoen itzalian.
14:00tan hasiko da eguna, zirko eta arte plastiko tailerrarekin, eta xoko berezi bat erreserbatua izanen da haur ttipientzat.
Egunean zehar, janari goxoa izanen da eskuragarri, hala nola bixkotxak edota Bardozeko izozkiak, krakada on bat egiteko arratsaldeko bi ikusgarriz gozatu bitartean, adibidez.
Izan ere, (16:00) Nikok aurkeztuko du "Noraezean" deitzen den ikusgarri berria, laguntasunaren bila ari den naufrago baten zentzugabeko bidaiaren kontakizuna. Ondotik, aire akrobaziaren ikusgarri ederra izanen da.
Aperitifa musikala segituko da, eta (20:00) afari ikuskizun berezia hasiko da, "Bardostar Akademy" deitzen dena!
Bere izenak dioen bezala, herriko talentuak tauladara igoko dira, publikoen plazerarentzat, eta lehen edizioko irabazlea izateko!
Afaria erreserbatzeko, xehetasunak ukateko, edo numero bat proposatzeko, mezua bidali ziliportaka@mailo.comhelbidera.
Merkatu gormanta
Jende anitz bildu zen herriko plazan pasa den ostegunean, arratsalde apalean merkatu gormanta gozatzeko.
Gertakari hori biziki positiboa izan zen antolatzaileen arabera, bereziki eguraldi onari esker. Bertan ziren produktuen artean, besteak beste, gure herriko garagardotegiaren edariak, Baïlia etxaldeko izozkiak, edo LG okinaren bixkotxak dastatu ahal zituzten. Gaueko 23:00ak inguruan bukatu zen merkatua, beti giro onarekin.











