Orotarik | 2025eko Agorrilaren 07a

Kukumarro

Xarles Videgain

Bortua

Borthia, bortua da egungo gaia, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Lapurdin baino ezagunago dena. Funtsean, "mendi" deitzen dira Euskal Herri guzian gaineko eremuak, gehienetan hiritik aski bereziak. Leku izenetan eta jende izenetan ez dira eskas Mendi, Mendieta, Mendiaga, Etxamendi, Mundubeltz eta Azurmendi. Haatik, Amikuzek badu hortan ere bere mintzatzeko manera eta "mindi" erraiten da Donapaleu inguruan, eta "oihen", ez "oihan". Gehiago dena, guk Amikuzeko oihana dei genezakeena han berean uste dut Sasia deitzen dela.

Baina euskal eremuko ekialdean bada beraz beste hitz bat, bortu edo borthü: ontsalaz, gaineko lekua da hura ere, etxerik gabe dagoena (turismoa jin arte) eta gehienik hazkuntzari emana dena, izan daitezen behi, ardi edo zaldi, han ibiltzen direnen buruen jabeek sari bat edo "pakada" bat ordaintzen dutela.

Baxe Nafarroan Ezterenzubitik edo Garazitik Irati aldera, Donaixti Arlakondotik eta Alzürükütik Ahüzkiko bidean, beste Zuberoko eremu zabalak ahantzi gabe, han hasten da bortua.

Bortu hitzaren historia berezia da ezen, ororen buru, mendilepoa edo igarangia zen lehenik. Erran gabe doa latinetik heldu dela: “portu”, “portus” mendien arteko iragangia izan da. Zonbait adituren arabera ingelesko ford edo Norvegiako fjord hitzek badute egitekorik bortu honekin. Baina badira jakintsuak beste ideiarik badutenak eta arabierazkoa izan daiteke hitzaren iturria, hots, "Yabal-el-burtat", arabieraz erabiltzen zen hitza Pirinioen deitzeko eta "burtat" horrek "borthu" eman zukeela iduri luke.

Biarnon eta urrunago, Pirinioetan haatik, ezagutzen dira Pourtalet, Portillon, Portet d’Aspet hots lepoak, eta lepo ez errexak. Ariègetik hara Port hori ez da gehiago entzuten. Zentzu honekilako hitza 1100. urtean agertzen da eta Euskal Herria aipatzen du ezen Orreagako bataila kondatzen du Errolanen epopeei famatuak dioelarik frantses zaharrean: Li Reys serats as meillurs pors de Sizre. Sizre hitz honetan Cize ikusi behar da. Eta testuak ekartzen duen pors hori ezagutzen dugu egungo egunean ordokian dagoen hiriak Saint-Jean-Pied-de-Port baitu izena frantsesez. Euskaraz, "port" horren arrastorik ez dago Donibane Garazi izenean.

Lepoa balin bazen lehenik bortu edo portua, gero bere zentzua hedatu da. Mendilepoa edo portua hartzen duen jendea, edo mendian gaindi ibilki da beste aldera joateko edota gaineko alhagietan belar ona atzematen du bere behitalde, arres, saldo eta aziendentzat. Eta orain bortua eremu hori da. Bortua mendian da eiki baina zentzu berezia badu. Bortukatzen ari dena artzaingoari lotua da ontsalaz, eta biarnesez lan hori porteyar deitzen dute.

Bortuan dagoena iduriz herrietatik urrun bizi da eta basa aire bat ematen diote batzuetan. Artzaina bera ere kantuetan ez da beti langile gisa agertzen eta Etxahun trufatzen da erranez artzainen galtzak edo zaragollak lehenik gibeleko partean higatzen direla eta ez belaunetan ez ukondoan, luzaz eta luzaz jarririk egoiten omen baitira. Etxahun kokina zen.

Garaziko lagun batek erran zidan egun batez Iroz deitutako gizonak behar zuela bere aizkora arra-eratxiki behar. Joan zen beraz Eiheralarreko arotzaren ikustera eta arotzak gostuan bere karnetean markatu zuen: "Iroz (bortua)". Gaitzitu zitzaion gure Iroz eta erran omen zion arotzari: “Errak, ez duka Ezterenzubi ezartzen ahal, Bortu eman gabe?” Non ikusten baita mugak badaudela eta izan direla gaur hain barna ikusten ez direnak.

Ezterenzubin beste izen ederra ikasi nuen. Abere buru bakoitzarentzat zerbait ordaindu behar dute artzainek; lurreko sindikatak bazuen norbait bortuan ibiltzen zena alhagiak ez zitezen andea, bereziki zaldiengatik. Gizon horri izena ematen zioten: belarzaina. Kasu! Ez da belarraren zainik hemen, belarzaina da belarrak ofizioz zaintzen dituena. Ofizio noblea ene iduriko belarrak zaintzen dituenarena!

Bortua leku basa zelakoan, leku bortitza, indar franko behar duena, bai, baina sotil eta garbia den eremua: ez daiteke konpara bortuko gasna beheitikoan egiten den gasnarekin. Bego gure gaineko eremu hori, bego bortua!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2025/08/07

Haziak idazle

Mattin Etcheverry Donostei eskola, Baigorri 3.zikloko irabazlea - bakarka

Haziak%20idazle

Euskal Haziak elkarteak urtero idazketa txapelketa antolatzen du. Aurten 69 testu errezibitu dira, 200 ikasle inguruk parte harturik. Udan zehar, testu irabazleak Herrian agertuko dira.

Itsasontzia tenpestan

Kondatuko dauzuet istorio bat, “Itsasontzia tenpestan” deitzen dena. Behin bazen emazte bat Maiana deitzen zena. Egun batez neska gaztea joan zen uharte batera txalupa batekin eta marrazten hasi zen makila batekin sablearen gainean. Bat-batean, tenpesta bat agertu zen urrunago; Maianak beldur ukan zuen lano anitz eta uhain anitz ere baitziren eta ikusi zuen itsasontzi bat galtzen ari. Neskak ikusi zituen harri dirdiratsuak bere aitzinean eta itsasontzia lagundu zuen. Harrien izpiek itsasontziaren bidea argitu zioten. Bat-batean, uhain handi batek belaontzia inarrosi zuen eta “pluf!” mariñela uretara erori zen. Maianak dena ikusi zuen. Aski fite mariñela harrapatua eta salbatua izan zen....

Irakurri segida

Orotarik | 2025/08/07

Haziak loratzen

Ramuntxo

Haziak%20loratzen

Ramuntcho deitzen naiz

Ihartze baserrian bizia (3/3)

Orduan, han denbora anitz pasatzen zuen bere amarekin eta ilobekin.

Françoise, nire emazteak, ez zekien euskaraz mintzatzen. Orduan, bi alabak ukan nituelarik, beti frantsesez hitz egiten nien. Ez dakit zergaitik baina, nire burasoak ere ez ziren euskaraz mintzatzen haiekin…

1999an, azken etxea eraiki nuen: nire alabarena. Bere senarrarekin, sei hilabetez, Ihartzeko txerritegia desegin genuen eta etxe ttipia eraiki leku honetan. Etxe hau baserriari lotua da.

Gazte nintzelarik, aitarekin ikasi nuen zikiroa egiten. Orduan nire bizi osoan, zikiro anitz egiten nituen. Etxeak eraiki bezainbat zikiro egin nituen! Eta hau egiten irakatsi nien nire alabaren senarrari eta nire bilobari. Gaur egun, haiek anitz egiten dituzte! Biziki harro naiz.

Nire alaba, Sylvie, 40 urterekin hasi zen euskara ikasten. Horren...

Irakurri segida

3798. zbk

Gure Hitza | 2025/08/07

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016