Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Agorrilaren 07a

Auzo batzorde berri - Xardina besta - Agorrilaren 15a - Oilo konpostatzaileak - Mus lehiaketa - Pilotako berri

Mus lehiaketako txapeldunak
Mus%20lehiaketako%20txapeldunak

Auzo batzorde berri

Purgu Xopoloko auzo batzordea bildu da joan den asteazkenean Gaztelondoan Odile Etcheverry lehendakariaren inguruan, 13 lagunekin. Christelle Larrieu hautetsi erreferentea barkatua zen familiako heriotze batengatik. Auzo hortako bideetan diren arazoak aipatu dira, egia erran betiko berak, bereziki Sorgintegiko eta Latsagiko bideetan, sobera auto eta kamioi, abiadurak ez errespetatuak, arrabotsa eta kutsadura. Den bezala ikusiz arazo horiek ez dira berehala konponduko, anitz obra badira hasiak eta ere hasteko: etxebizitza berritze edo eraikitze, banku eta saltegi tokiz aldatze, Super U supermerkatuan berean izanen diren kanbiamen eta aparkalekuak. Hilabeteak joanen dira Purgu auzoan bizi goxotasunik ikusi gabe. Baina hasi obrek segitu behar dute bururaino. Merkatuaren arazoan ere ikusten da saltzaile gutiago dela, bainan diotenez saltzaileen arteko lehiaketa bat ote da? Aurrekontu parte hartzailean bazuen batzordeak proiektu bat proposatua uda huntan izan diren bozeri eta zen Eliza Hegiko hilarrietan komun baten eraikitzea. Oro har boz guti bildu du azkena geldituz. Uztaritzeko bestak aipatuz, aurten ez da deus izan Purguko plazan. Halere nahi lukete ondoko urtetako pilota partida zonbait bildu, plaza egokia baita hortarako. Bukatzeko xutik ezarri dute agorrilaren 23an Xopoloko hondartzan izanen den piknikaren antolaketa, arrakasta ona biltzen duena.

Xardina besta

Labourdins elkarteak urtero antolatzen duen xardina besta iraganen da ortzirale huntan Bilgunen (20:00). Menua: platera bat xardina piperadarekin 10 eurotan. Aitzinetik aperitifa Uztaritzeko gaiteroek animatuko dute eta afari denboran Thierry Etchegaray bere taldearekin izanen da. Aro txarra gertatzen balitz aterbea segurtatua izanen litzateke. Ongi etorri deneri.

Agorrilaren 15a

Andre dena Mariaren bestako mezen tenoreak parropian hauek izanen dira: bezpera arratsean (19:00) Uztaritzen. Biharamunean (9:00) Larresoron, (10:00) komentuko kaperan eta (10:30) Uztaritzen. Meza horien ondotik HBB ''Hospitalité Basco Bearnaise'' erakundeak eske batzu eginen ditu eliza ateetan, datorren irailean Lurderat joanen diren eri eta elbarrituen laguntzeko.

Oilo konpostatzaileak

Bil ta Garbirekin partaidetzan, zero hondarkin politika sailean, Herriko Etxeak diruztatzen du galdeginen duten herritarreri bi oilo konpostatzaileren biltzea etxerat. Onarpenak irailaren bukaeran izanen dira. Argitasun gehiagorentzat mezu bat bidali behar da Picabea andereari helbide huntara: v.picabea@ustaritz.fr.

Mus lehiaketa

Urte guziz egiten duen bezala Eskuz Esku elkarteak antolatu du joan den larunbatean bere mus lehiaketa Latsa elkartean. Hamahiru talde ziren lehian Andde Itçiak ederki kudeatu duena. Kanporaketak eta final-laurdenak bazkal aitzin jokatu dira. Gerard Ibarrak antolatu bazkari ontto baten ondotik jokatu dira finalerdi eta finala. Azkenean txapeldun atera dira Paul Harispourou eta Jean Pierre Aguerre, finalean garaitu dituztela Edmond Etcheverry lehendakaria eta Gerard Ibarra. Kontsolante finala ere izan da, ikusi duena Arretchea senar-emazteak nagusitzen. Sari banaketekin bukatu da eguna. Giro ezin hobean iragan baita, elkarteak erabaki du datorren urtean berriz antolatzea.

Pilotako berri

Frantziako xapelgoa ari da finaletara hurbiltzen. Uztaritzek egun oso bat izanen du agorrilaren 11n, Bilgune plazan, goizean luzean gazte mailakofinalarekin eta arratsaldean joko garbiko hiru finalekin, xitoena, artekoena eta helduetan B mailakoena.

Kapito Harriri dagokionez elkarteak luzean hiru final jokatuko ditu: agorrilaren 10ean helduetan A mailakoena Baionan Luzeanen kontra, 11n Uztaritzen gazteena Baigorriren kontra eta 16an helduetan B mailakoena Donibane Lohizunen Hardoitarrak taldearen kontra. Joko garbin, kimuen eta gaztetxoen finalerdiak jokatuko dira asteburu huntan. Helduetan A mailakoek (finalerdia irabazirik Baionaren kontra 40/22) finala jokatuko dute 17an Atharratzen Baigorriren kontra. Xobinismorik gabe pentsatzen ahal dugu zonbait txapeldun uztariztarrak izanen direla. Suerte on gure pilotarieri. Bilduma oporren ondotik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3798. zbk

Gure Hitza | 2025/08/07

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016