Mundu zabalean | 2025eko Agorrilaren 07a
Pestizidak berriz gure azietan
J.B.
Bi milioi izenpedura baino gehiago bildu ditu “acetamipride” pestizida famatu baten erabilpena berriz onartzen duen Duplomb legearen kontrako petizioak. Gertakari ohargarria, gizartean hedatzen ari den arranguraren araberakoa. Laborari batzuen produkzio baldintzak eta osagarriko zaintzale bai eta kontsumitzaileen arteko eztabaidak minberatzen ari dira. Kontseilu Konstituzionalak bere ikusmoldea eman behar luke agorrilaren 7an.
Zer dio Duplomb legeak?
Jaz gertatu laborarien manifestaldi mugimendutsueri eta kexuari ihardesteko, Laurent Duplomb (LR) eta Franck Menonville (UDI) bi senatoreek "laborarien lan baldintzen arintzeko" izendatu lege xede bat proposatu dute 2024ko azaroan eta molde azeleratu batean, emendakinik gabe, onartua izan da Parlamentuan joan den uztailaren 8an.
Bi pundu nagusi hunkitzen ditu legeak. Lehenik 2018an Frantzian debekatua izan zen "acetamipride" izeneko neonikotinoidearen erabilpena berriz baimentzen du bereziki beterraba eta hur ekoizleentzat, Europako beste herrietan erabilia delako, konkurrentzia desorekatua sortuz diotenaz. Beste parte batean hazkuntzako bastimendu handien eraikitzeko baldintzak arintzen dira eta ur erreserba handiak edo "megabassine" delakoak interes orokorrekoak bilakatzen ahal dira.
Neonikotinoideak zer dira?
Landare zorrien kontra erabilia den azetamipride molekula neonikotinoiden familiakoa da. Molekula mota horiek intsektuen nerbio sistema zentrala atakatzen dute. Arazoa da ez dela errexki biodeseginkorra eta hainbat urtez erabili ondoan horren presentzia hedatu dela lurretan, urean eta ekosistemetan. Ondorioz hastapenean ziblatuak ez ziren beste populazioak ere hunkituak dira, izan erle, xori ala xixari.
Gizakientzat ere ikertua izan da neonikotinoiden eragin txarra, bereziki burumuinean. 2017an Melissa Perryk, George Washington Unibertsitateko ikerlariak, plazaratu zuen ikerketa batean jendeen garapenean edo neurologia mailan ondorio arriskutsuak zituela: autismoa, memoria nahasmenduak bai eta sortzetik diren bihotzaren edo burumuinen malformazioen emendaketa.
Arrazoin guzi horiengatik neonicotinoiden erabilpena debekatua izan da 2018an Frantzian. Urte berean, Europan, 5 neonikotinoidetarik 3 debekatu ziren bainan ez lege huntan agertzen den azetamipridea, 2033a arte baimendua baita. Pestizide hori erabiltzen duten Italiako eta Turkiako laborarien ekoizpenak Frantzian salduak dira konkurrentzia desorekatua sortuz Frantziako ekoizleekin.
Ihardokitze uholdea
Azetamipridearen erabilpena berriz baimentzen duen legearen lehen parteak du bereziki ihardukitze uholdea sortu. Xangrearen kontrako Ligak dio: “Lege horrek lanjerean ezartzen ditu ondoko belaunaldiak, ingurumena kaltetzen duten eragileen kontrako arrangurak handitzen ari direlarik gizartean”.
Joan den maiatzean jadanik 1.200 mediku eta zientzialarik izenpetu artikulu batean salatzen zuten pestiziden eragina emendatzen ari zela patologia anitzetan, bai zuzenki produktu horiekin lanean ari zirenentzat bai eta ere populazio orokorrarentzat.
Fama handiko Frantziako 400 sukaldari ere asaldatu dira heien klienteak ez dituztela pozoinatu nahi argudiatuz. Artikuluaren idazleetan den Jacques Marcon sukaldariak diolarik industria agroalimentarioaren alde dela lege hori eta ondorio latzak sortuko dituela ondoko belaunaldientzat.
Petizio arrakastatsuaren ondotik zer?
Sekulako arrakasta ukan du Duplomb legearen kontra altxatu den petizioak, aste guti barne bi miloi jende baino gehiagok izenpetu baitute legea desegiteko galdea. Horren ondotik beste debate bat izanen da heldu den udazkenean Frantses Parlamentuan, bainan bozkatua izan den legea desegin gabe. Hortarako deliberoa hartu beharko luke Macron presidenteak. Agorrilaren 7an Kontseilu Konstituzionalak plazaratuko duen erabakia konduan hartuko duela erran berri du. Anartean, ANSES edo Seguritate Sanitarioaren Agentziak ere eman litzake zonbait argitasun.
Funtsezko bi galdeeri erantzutea baitezpadakoa da: laborarien lan baldintzen errextea eta bizipidea segurtatzea alde batetik eta mozkinen kalitatea eta sanotasuna segurtatzea bestetik. Duplomb legeak ez du bi beharreri erantzuten. Beste lege bat beharko da.











