Gure Hitza | 2025eko Agorrilaren 07a

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin, nork zikiroan jendalde handiena bildu… iduri eta herriaren fama horretan oinarritzen dela.

Zenbait gaztek herritarren plazererako aurrekontu ttipiarekin besta xume bezain atsedengarriak antolatzen dituzte. Beste batzuk aldiz arrakasta duten azken talde ospetsuak ekarrarazten dituzte. Baina musika-kantu talde horiek aurrekontuan eragina dute, arrisku handiak hartzen baitira. Taldeak ordaintzeaz gain, bi egunez milaka gazte errezibitzeko azpiegitura erraldoiak muntatu behar dira. Herriko bestak antolatzen ahal dira aurrekontua zapartarazi gabe? Tentsio handiko testuinguru ekonomiko honetan galdera pausatzen ahal da.

Herri ttipietan besta erraldoiak antolatzen direnean, Herriko Etxeek seguritate aldetik ardura handia hartzen dute. Bestalde sanitario antolamenduan ez da pentsatzen milaka bestaliarrentzat komunak beharrezkoak direla, baita ere plaza inguruko auzoentzat. Biharamunean etxe inguruak garbiagoak lituzkete!

Ez dakit fenomeno berria den, baina azken denbora hauetan iduritzen zait jendeek beren artean metatua izaitea gustukoa dutela. Izan kirol estadioetan, festibaletan eta herriko besta batzuetan ikusten da ehunka mila jende bata bestearen kontra tinkatuak, ekaitza heldu denean ardiak mendian egoiten diren bezala. Baionako bestak horren etsenplu dira, milioika jende bost egunez metatzen baitira!

Aldiz plazer da ikustea herriko bestetan euskal tradizioa eta kultura atxikiak direla. Bestan euskaldun sentitzea ezin da euskararekin bereizi. Ondorioz herriko plazetan euskara entzun behar litzateke, baina ibili naizen leku anitzetan frantsesa entzun dut! Damugarria, kezkagarria, aspergarria! Eszena gainean artistak euskaraz mintzo eta publikoa erdaraz!

Belaunaldiz belaunaldi herriko besten tradizioa transmititu da, mendez mende gure plazen alegeratzen segitzen dute… euskararekin berdin izan dadila!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3798. zbk

Gure Hitza | 2025/08/07

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016