Gogoa hazi | 2025eko Agorrilaren 07a

Bi soketatik bat

Mandio

Nork ez daki Mikel Epalzak liburubat plazaratu duela? Jende gutik seguraski Iparralde honetako euskal munduan. Han eta hemen ari da, noiztenka, mintzaldiak egiten bere liburua aurkezten duela: “Gizatasun arrantzale”. Konferentzia horietan liburuan zehaztu gertakari batzu ederki kontatzen ditu. Senpereko mintzaldian urrunago joan da aipatuz nola bizi duen jendeekin eta Jesusekin duen harremana. Itsasoko elementuetarik abiatuz metafora politak baliatuz, irudiztatzen du bere solasa. Dio: “Itsasoaren arabera marea gora eta beherarekin dira moldatu gure arimak. Hondatze edo zorigaitz baten ondotik marea beherean diren presunek erakusten daukute arimaren zolan badutela duintasun eta kemen berezi bat marea gorantz abiatzeko”. Ederki ulertarazi zuen ere Jainkoaren mezuei adi egon beharra, ontzi batek utzi lorratza edo ur-ildoa bezain iragankorrak baitira… “Jesusen ubidea segituz Jainkoaren presentzia aurki dezakegu itsas jendeen ariman”. Bere egiten du 76. salmoko 21. bertseta: “Itsaso erdian Jainkoak bide bat du ideki, bainan nehork ez dazki bide horren aztarnak.”

Hona hemen, hitzez hitz, zer dion Jesusekin egiten duen elkarketa pertsonalaz. Ari zen 1986ko arrantza krisi handiaz, non 300 bat ontzik blokeatzen zuten Bidasoako bokalea. Bere artekaritzari esker aterabide on bat lortu zen. Hona nola esplikatzen duen kausitze hori.

"…baketu genuen. Ez dizuet erranen ni nola sartu naizen hortan... Jainkoa hor delako. Sinesten dudalako ez naizela bakarrik eta merezi duela gizonen artean zubiak egitea. Eta zubiak egiten dituzularik jendeen artean, bizitzen duzula egiazki Ebanjelioa, Jainkoaren Erreinua. Hor bada bertze ezaugarri bat... gustatzen zaidana, adierazgarria dena enetako, ulertzeko nere misioa, da, frantsesez erraiten dena, l'épissure, [bi sokez bat egitea beren hariak elkar ehunduz, elkarri uztartuz] euskaraz kostura, lokarria. Itsasoan baduzularik soka bat 10 metrokoa eta behar baldin baduzu 30m-koa, eta, baldin baduzu bertze bat 20m-koa edo hola, lotzen dituzu horiek, ez korapilo borobil bat eginez, borobila ez da ona, ez da pasatzen gero bere zirrikituan. Hariak behar dira desegin eta bata bestearen gainean lotu, hola egiten da soka-jostura. Nik banuen eta badut jostura bat, zuek bezala, alde batetik nere gizontasuna, nere arrantzale jitea, naizen gizon guzia, fisikoa, psikologikoa, izaite guzia, eta, bertze aldetik Jainkoaren bizia, grazia, Jainkoa, Jainkoaren presentzia; apez izaitea da biak lotzea, gizontasunik gabe ez da deus, eta Jainkorik gabe berdin Biak behar dira lotu, kostura eder bat izateko gisan. Apez baten misioa hasten da bere bihotzean, bataiatu guzientzat bezala funtsean. Erran nahi dut: ez banintz konbentzitua izan Jainkoak egiten duela bide bat itsas jendeekin, ez nintzen itsasoratuko... Jesukristok nor hautatu ditu bere lehen apostolutzat? Arrantzaleak. Zendako? Arrantzaleak badaki amarrak lagatzen itsasoratzeko, arriskuak hartzeko elkartasuna bizitzeko esperantzarekin: gaur ez dut arrainik hartu, gau guzia egon naiz eta ez dut deus harrapatu; bihar joanen gira eta segi, atxiki atxiki. Jainkoa ez da lehorrekoa bakarrik, itsasoan ere du bere maitasuna agertzen. Konbentzimendu horrekin itsasoratu nintzen. Jesukristo hor zegoen, zinez, eni zen aurkitzea.

Apez anitzek diote direla bigarren Jesukristoak, ordezkoak edo Jesukristo batzuk, ez dut uste hola dela. Eskipaia da Jesukristo. Jainkoaren erreinua egiten dugu denen artean. Bai, badut sineste handia Jesukristo ari dela eni deitzen harekin bide egiteko arrantzaleen deiak, arrantzaleen negarrak kontutan hartuz heiekin ebanjeliozko bideak bizitzeko, bainan nik ez dut botere berezi bat, baizik eta kostura, lotura hori, Jesusekin izaitea, eta, harekin aitzinatzen bagira beti bada aterabide bat."

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3798. zbk

Gure Hitza | 2025/08/07

Herriko bestak

Menane Oxandabaratz

Edozein izan adina, denek besta egitea gustukoa dugu. Umore onean, baso bat eskuan, mahai baten inguruan… hurbilekoekin biltzeko aitzakia ezin hobea. Udan iragaiten diren gertakariek, izan herriko bestak, kabalkadak edota pastorala bezalako ikuskizunek euskal komunitate baten partaide girela seinalatzen dute. Euskal kultura lehen lerroan jarria da. Uda betean girela herriko bestek funtzio hori bete behar lukete.

Urtean behin gazte komiteek antolatu bestetan euskal kultura tradizionala eta modernoa uztartzen dira. Proposatuak diren gertakarietan belaunaldi bakoitzak berea atzeman behar luke. Herriko besta batzuen egitaraua begiratzean ez naiz segur herritar guzientzat pentsatuak direla. Gainera herri horien artean lehia sortzen da, nork sartze gehiago egin,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016