Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Agorrilaren 07a
Hatsa elkartea Larraldean - Ensemble Bayona - Kantu eta musika klasikoa - Uzta Egunaren segida - Berriak nahas-mahas
Hatsa elkartea Larraldean
Abuztuaren 14an,"Hats Arte" ekitaldiak, Larraldeko barnea egitarau poetiko batez beteko du, olerkizaleen atseginetan. Eric Dicharryk aurkeztuko du olerki tailerra (17:00) "Deus" gaia hartuz, (19:00) Jon Galdos bikotea Txalapartan, ondotik "Performance Gaur" Eric Dicharryrekin Gorka Sistiaga artistaren omenaldia eta hunen aurkezpena. "Deus Kontzertua" Eric Dicharry/Frederic Desmesures baita La Fidèle Studios-ren laguntzarekin (19:30). Ekimena ez da hortan gelditzen, abuztu guzian, 4tik 27ra (16:00-19:00) Jon Galdos-en pinturak erakutsiak izanen dira baita Auxtin Zamoraren bideo poetikoa "Lanbroz eta iratzez". Ez huts egin.
Larreko kulturgunean 2 kontzertu eder abuztu huntan, 10. edizioa dago Quincena Musikal Andante Senpere deitu ekitaldiarendako,Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak, Donostiako Hamabostaldia eta Herriko Etxeak duten partaidetzarekin. Erreserbak egin daitezke turismo bulegoetan, cultureetpatrimoinesenpere.fr webgunean edo sarreran tokien arabera.
Ensemble Bayona
Abuztuaren 8 an (21:00), Quintet Baiona taldeak "Quand le feu brûle" aurkezten du. Eros Jaca zuzendari eta biolontxelo jolea, Simone Roggen biolin jolea, Maria Moros alto, Camille Sublet pianista, Mariola Membrives kantaria, Manuel de Fallak antolatze musikalak folklorea nabaritzen du. Espainol musika historiaren urrats garrantzitsu hau gainditzeko, Baiona taldeak moldatu du, joan den mende hastapeneko frantses musikaz inspiraturik. Iraupena 1:15, prezio osoa 18€, 18 urte arte 5€.
Kantu eta musika klasikoa
Abuztuaren 17ko arratsean (18:00-22:00), Xan Ithourria plazan iraganen den Baserritar Gaualdiak idekiko dizkio ateak kontzertu ospetsuari, Andra Mari abesbatza orkestrarekin, Larreko antzokian. Solistak Haizea Lorenzo sopranoa, Saioa Goni sopranoa, Mario Hernandez kontra tenor, hauekin den kantari taldea eta orkestra goi-mailakoa ditugu. Vivaldi musikagile mundialaren obrak emanen dituzte, hauetan "4 Sasoiak" ezaguna eta "Gloria". Hutsezina den hitzordua, klasiko musikazaleendako. Iraupena 1:15, prezio osoa 22€, 18 urte arte 5€.
Dirutza herriko zerbitzu sozialaren alde
Uztailaren 23an, euriarengatik baratzean egin ahal ez izanik, Inharria etxaldea leporaino beterik zagon, Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolatua zuen jazz gaualdi goxoarekin. Bokale Brass Band taldeak alaitu ditu bazterrak eta parte hartzaileek lekuan berean jateko aukera ukan dute, ostalaritza segurtatu duten Urdanka elkartea baita zonbait hautetsiren laguntzari esker. Eskertzekoa den ekimen polit hunek, 1.350€-ko irabazia utzi du adinekoen elkartearen zenbait jarduera diruztatzen parte hartzeko gisan, urte osoan zehar.
Uzta Egunaren segida
Uztailaren 14ko ekitaldian, Euskal Populuaren memorialean, ez dugu aipatu Sarako Battit Laborde auzapezak egin duen proposamen garrantzitsua:"Ideia, xedea da oroitgarri, obra eder bat eraikitzea deportatuak ukan dituzten 7 herriekin batera: Ainhoa, Azkaine, Kanbo, Ezpeleta, Itsasu, Sara eta Zuraiderekin eta gero Iparralde guzira zabaltzea, frantses iraultzak denak hunkitu baigintuen kulturalki eta politikoki". Ea ekimen hori gauzatuko den hemendik aitzina?
Berriak nahas-mahas
Joan den suhiltzaileen lehenbiziko balak, sekulako arrakasta sortu du eta partehartzaile guziak pozik agertu dira, aitortzekoa da aitzinetik denak ongi antolatuak zirela.
Bertzalde, Petanka elkarteak antolatzen ditu lehiaketak, eliza gibeleko parkean, abuztuaren 11, 25 eta irailaren 6an (18:30), deitu 06-07-09-65-71.
Andre Mari egunean, abuztuaren 15ean, meza (10:30) iraganen da, ondotik usaiako prozesioa eliza gibelean. Irailaren 3an (14:30-17:30) iraganen da Haur Joko Eguna, kirol zelaian, izen emaitea: 05-59-54-58-21.
Azkenik, Herria astekariak 3 asteko oporraldi ongi merezitua hartuko du, buruilaren 4an hurrengo agerraldia.











