Ba ote dakixu? | 2025eko Agorrilaren 07a
Opor ordainduen historia (3/3)
Gilen Bacho
Benigno Caceres-ek erran bezala, “bidaiaren ideia, etxetik jalgitzea, (...) ez zen pentsatzen ere.” Baina, Fronte Popularrak “opor-ordaindu txartela” sorrarazi zuelarik, langileen pentsamoldea kanbiatu zen: “Bat-batean, lekuz aldatzearen ahala ukan dute. Zer egin duten? Haien “ametsetatik hurbiltzera” entseatu dira. Zein izan zitekeen Tolosan edo Lyonen bizi zen langile baten ametsa? Itsasoaren ikustera joatea.”
“Gozamen izpirituaren” salaketa
Fronte Popularrak langileei haien ametsaren gauzatzea baimendu zuen. Historian, zenbat gobernuk hori gauzatu dute? Zenbatek xumeen bizia kanbiatu dute? Gutik, izigarri gutik. Langileen ametsen gauzatzea ez zen nagusien nahia eta, urte anitzez, opor ordainduak azkarki salatuak izan ziren. Caceres-en gisa, langile anitzek “kasik kontzientzia txarra” zuten, “belotan jokatzea (...) nagusiak pagatuta”, eta opor ordainduen kontrakoek sentimendu hortaz baliatuko ziren. 1938an, erradikalak eskuinarekin aliatu ziren eta Fronte Popularraren aitzinamenduak desegin zituzten, “gerlako indarraren” izenean. 1940an, Petain marexalak, Fronte Popularraren programari buruzko aipamen argi batean, “gozamen izpiritua” salatu zuen, haren arabera galtze militarraren arrazoi bat zena, “sakrifizio izpiritua” hautsi baitzuen (ahantziz garaipen militarra lortu zuen herriak, Alemaniak, opor ordainduak 30 urte lehenago finkatuak zituela!). “Kontzientzia txarraren” sentimendua hedatzea lan munduan, hori zen helburua baina ikusmolde hori Liberazioarekin ahuldu zen. Ezkerreko alderdiak berriz azkartu ziren eta eskuinekoek ez zuten gehiago opor ordainduen printzipioa dudan ezartzen baina, berreraikitze testuinguruan, opor ordainduen goratzea ez zen obratu. Hor ere, greba mugimendu batek zituen gauzak kanbiatu.
Langileen borrokari esker... eta egun?
1955eko irailean, Renault-ko langileek, Nantes eta Saint-Nazaires-eko fabriketan, greba handi bat eraman zuten eta opor ordainduzko hirugarren astea lortu zuten. Hilabete zenbait geroago, 1956ko otsailean, Guy Mollet Kontseiluko presidente sozialistak hirugarren astea langile guziei hedatu zuen. 1962an, CGT sindikatuaren presiopean, Renault enpresa zen aitzindari izan, opor ordainduzko laugarren astea bere langileei emanez. 1965ean, Frantses Nagusien Kontseilu Nazionalak akordio bat sinatu zuen laugarren astea frantses enpresa handien langile guziei hedatzeko. Baina, enpresa ttipi eta ertainen konfederazioak eskubide hori haien langileei hedatzea errefusatu zuen (konfederazioaren ordezkariaren arabera, laugarren astea “traba” bat izango zen enpresentzat “kanpoko konkurrentziaren aurrean”, gaur egun oraino entzuten den diskurtsoa!). Halere, 1968an, maiatzeko mugimenduaren testuinguruan, legez, laugarren astea langile guziei hedatu zen. Azkenean, François Mitterrand sozialistaren garaipenaren ondotik, 1982an, langileek opor ordainduzko bosgarren astea lortu zuten. Ordutik hona, ez da kanbiamenik izan (halere, 35 oreneko erreformari esker, langile zenbaitek opor egun gehiago, “RTT delakoak”, badituzte). XXI. mendean, gehiago lan egin behar dela, gutiago baino, usu entzuten da, ofizialki herriko aberastasuna goratzeko (arrazoinamendu hori segituz, egun Frantzia XIX. mendean baino biziki pobreago behar litzateke izan!). Ikusi bezala, opor ordainduak langileen borrokari esker lortuak izan dira, orduan, segi dezagun borrokan!











