Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Agorrilaren 07a
Xapitalia berriz obretan - Taldeka labela - Lehengo Hazparne - Neskek beren zinema egin nahi dute! - Erakusketa - Behi lasterrak
Xapitalia berriz obretan
Hiru aldi nagusi ikusiak ziren kirol zelaiaren arraberritze proiektuan. Lehena bururatua da lau aldagela berri eraiki direlako.
Bigarren aldia abiatua da: errugbi zelai sintetikoa, 200 metroko atletismoko pista eta bi saskibaloiko eremua eginen dira ondoko egunetan.
Hirugarren aldian zangobaloi eremua eta tenis guneak arraberritzekoak dituzte.
Taldeka labela
Berriki Hazparneko herriak Taldeka labela erdietsia du aisialdi lekuan euskarazko harrera egiten duelako. Animatzaileak formatu dira eta orain arrunt naturalki egiten da harrera hori. Aisialdi lekura doazen haurren erdiak euskaraz egiten du. Beste haurrekin nahasten dira bazkaltzeko. Label hori Euskal Elkargoak emana dio herriari.
Lehengo Hazparne
Pesta famatu hori agorrilaren 10ean iraganen da egun guzian herriko gune askotan. 1900. urtean bezala apailatu ezteiak elizan eta Herriko Etxean, kantuak, pilota (luzeko partida, joko garbi, esku-huska), dantza, indar jokoak, tokiko mozkinen salmenta, abere erakusketa, auto zaharrak, ziganteak gaiteroekin... eta beste. Arrastirian mutxikoak emanen dira plaza nagusian eta arratsean besteak beste Anje Duhalderen kantaldia. Egunaren bukatzeko suzko zezena ikusten ahalko da.
Karia hortara, aitzineko emanaldien argazki erakusketa apailatua da Choribit gelan.
1970. urtean abiatu zen pesta hori, zonbait urtez ez da egin eta azken denbora hauetan bi urtetarik egiten da. Dena kitorik da.
Neskek beren zinema egin nahi dute!
Agorrilaren 22an (20:00) Haritz Barnen "Les filles désirent" taldeak kabaret ikusgarria eskainiko du. Ausarta, irringarria eta jostakina omen da antzerki hori. Pertsonaia bereziak, usaiaz kanpoko joko, solas eta egoerak erakutsiak dira. Adin guzietakoentzat da.
Erakusketa
Turismo bulegoaren aldairaren karietara kanpoko argazki erakusketa bada kalostrapeko murruetan. Hazparne eta bere lurraldeko ondarea, laborantza eta kultura ikus daitezke argazkilari trebe batzuen lanari esker.
Uda guzia bada horren ikusteko.
Behi lasterrak
Udan, aste guziz behi lasterrak izanen dira herrian.











