Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Agorrilaren 07a
Euskal Herriko pilotari txapeldunek finalerdietan galdu - Agorrilaren 22an, denak Abarratia mendi kaskora - Uda solas
Euskal Herriko pilotari txapeldunek finalerdietan galdu
Artekoetan, joan den ibiakoitzean, Abarratia batasuneko Theo Etcheverry eta Mikel Harguindeguyk 30 eta 28 galdu zuten Frantziako Txapelketako finalerdietan, Bidarraiko plazan, Xalbat eta Bettan Arhex xiberotar anaien aurka. Partida aski tinkia izan da, bizpahiru punduren deskarta baizik ez baita izan bi ekipen artean partida guzian, berdintze askorekin. Partida hondarrean aldiz xiberotarrak freskoago agertu dira eta partida 30/28 ereman dute, gisa hortan Frantziako txapelketaren finalera sailkatuz. Erran dezagun Abarratiako putikoek gehiago bali dutela halere, ez baitute beren egiazko maila erakutsi partida huntan, batek eskuan min baitzuen, eta bestea aitzineko egunetan eri egona baitzen. Halere Euskal Herriko txapelketa eremanik duela zonbait aste, sasoin ederra egin dute. Biba zuek, eta goresmenak xiberotarreri!
Agorrilaren 22an, denak Abarratia mendi kaskora
Duela bi urte " Arberoako ostiralak" udako animazio-sail berria hasi zuten Aiherra, Izturitze, Donamartiri eta Donoztriko Herriko Etxeek eta herri hauetako batasunek elkarturik, besta komite, ihiztari ala kultur elkarte. Bide beretik segitzen dute aurten ere, lau Herriko Etxeek eta batasunek bakoitzak animazio bat ortziraletan herri bakoitzean aldizka proposatuz. Gure herriari dagokionez, animazio sail hau agorrilaren 22an bururatuko da Abarratia mendi kaskoan, besta komiteak antolatuko duen ibilaldi-kantaldiarekin (Abarrando). Hau iluntzean (19:00) hasiko da Abarratia mendi zolan elkartuz, eta gero handik denak oinez abiatuko gira bidexka bazterretako seinaleak segituz, oren batez Abarratia kaskora (345m) heltzeko gisan. Besta komiteak aurtengo gomitatua duen taldea da Xampek xiberotarra. Oroit orain beretik animazio berezi huntaz, zuen agendetan idatzi eta jin Abarratia kaskora!
Uda solas
Uda da denentzat, bakantzatiarrak hor daude, nahiz eta ez saldo handian izan. Herritarrak ere goxoan daude, udako erritmoa harturik, eskuin eta ezker ikusgarrietan ibiliz, hala nola herriko bestetan, plaza laxoko pilota partidetan, kabalkadetan, pastoraletan, kantaldietan eta abar. Kantaldiak aipatzen dituguno, joan den ortzegun arratsean, ikusle saldo ederra bildu zen Aiherrako elizan, Airez Aire Haltsu aldeko abesbatza mistoaren kontzerturako, ikusleak gehienak aihertarrak eta auzo herrietakoak zirelarik. Laborariak ere udako erritmoan sartuak dira belarrak eginik, eta batzuek beren artaldeak Pirinioetako mendi kaskoetara zonbeit hilabeterentzat despediturik. Herriko auzoguneak ere udaz baliatzen dira aldizka antolatzeko beren xokoko besta.
Azkenik Herria astekaria zauku bakantzetan sartzen. Hondartzan belzteari lekua egin beharko baitiote langileek, Herria astekaria 3 astez bakantzetan izanen da, eta ondorioz gu ere herrietako berriketariak. Bakantza on deneri eta eguzki krema ematea ez ahantzi!











