Azalekoa | 2025eko Abenduaren 04a
Euskal makila belaunaldiz belaunaldi
A.E.
Makilgintza familian iraunarazteko helburuarekin, Michel Harispuruk Panpi eta Petri bere bi osaben bidea hartzea erabaki du, “Harispuru makila” enpresaren segida hartuz. Hitzordua Baionako Züzülü tailerrean ginuen, baliatu gira gune horren ezagutzeko.
Züzülü gunea
Züzülü Baionako Cordeliers karrikan kokatzen da. 2019an erosi zuen Nicolas Armendariz serigrafistak. Hasierako asmoa kafe baten sortzea zen, serigrafiarekin uztarturik. Baina lekua handiegia zela, kafetegiaren ideia baztertu, eta tailer handi horri bizia nola eman gogoetatzen hasi zen. Hortik, kultur gune bat egitea pentsatu zuen, artista eta artisaueri atea idekiz. Badu orain 5 urte tailer horri bizia ematen diotela 13 kidek, bertan bakoitza bere aldetik lanean artzen dela, besteak beste arkitekturan, serigrafian, tatuajean, idazketan, buztinean, marrazketan, bideoan, antzerkian, zineman eta makilgintzan. Denak dira euskaldunak edo euskara ikasten ari direnak.
Elkarrekin, besteak beste kontzertuak antolatzen dituzte Züzülün, Baionako bestetan gunea hustu eta 12 kontzertu inguru eskaintzen dituzte. Merkatuak ere antolatzen dituzte, heldu den astean, abenduaren 13 eta 14an, “Soka” neguko merkatua eginen da.
Oro har, gune horrek hurbileko jendea ekarraraztea du xedetzat.
Osaben urratsetan
Bidarteko ESTIA ingeniaria eskolatik pasa ondoan, Michel Harispuru 20 urtez aeronautika eta automobilean ingeniari izan da. Paraleloki, kasik 40 urtez bere bi osabak makilgintzan arizan dira Ibarlan, Dalgalarondo xiberotarrak irakatsirik. Ilobak orduan, duela 15 urte buruan zuen makilak egiten ikastea, baitzekien bere osaben ondotik segidarik ez zela izanen. Hortan hasi zen duela 8 urte beraz, jakitate hori emeki-emeki familiakoekin ikasiz. Hastapenean, makilak lanaren ondotik egiten bazituen, badu urte bat pasa bere ingeniari lana osoki utzia duela, makilgintzari dedikatzeko.
Gaur egun lan egiteko bi tailer ditu, bata Ibarlan, bere osaben tailerrean, eta bertzea Baionan, Züzülün. Ibarlan denean, bere osabek laguntza ekartzen diote.
Makila egiteko etapak
Makilaren egiteko, zura (mizpira), metala eta larrua lantzen dira. Izan ere, oihanean, mizpirari apiril edo maiatzean ganita batekin azala markatzen zaio, uhain formak eginez. 8 hilabetez uzten da den bezala, eta abenduan mozten da, azala idekitzen da eta zuzentzen. Bospasei urtez idortzen utzi behar da. Ondotik, zuraren neurria hartzen da, metala mozten da, borobiltzen, soldatzen, garbitzen eta grabatzen, dena eskuz. Larrua txirikordatzen da eta makilaren puntan ezartzen. Makila hastetik buru egiteko prozesua izigarri luzea da, etapa guzi horiek kondutan harturik, guti gorabehera 10-12 urte goaitatu behar dira. Horren ondorioz dira makil egile biziki guti. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herrian 3 besterik ez dira, eta Hegoaldean bakarra.
Hala ere, Michel Harispuruk azpimarratu nahi ukan du bere osabek kristoren lana egin zutela beren proiektua muntatzeko, eta 40 urte horietan eraman duten lanaz baliatzen dela gaur egun. Adibidez, Panpi eta Petri Harispuruk Ibarlako tailerraren ondoan mizpirondoak landatuak dituzte duela 25 urte.
Zura hautatua da eskainia izanen zaion pertsonaren arabera. Idatziak izanen zaizkio bere izena eta ezaugarri pertsonalak. Makilak egiteaz gain, makil zaharrak ere konpontzen ditu.
Makilak erosteko, Michel Harispururen tailerrera joan daiteke, Ibarla edo Baionara. Aitzinetik 07-63-46-21-90 zenbakira deitu behar da.
Makila egileak harispuru-makila.com webgunea badu, baita “m.harispuru” Instagram eta “Harispuru Makila” Facebook kontuak ere.











