Gogoa hazi | 2025eko Abenduaren 04a
Euskara elizetan
Maite Iratzoki
“Mezan euskaraz kantatzeko tradizio bat da eta nik ez dut deusik ulertzen” diote Euskal Herrira heldu diren jende frangok. Gure herrian aspaldi bizi diren bertze batzuek, euskara ez ulertzeagatik pozik ez direla adierazten dute eta eliza biltzeko lekua izanagatik, otoitzaren hizkuntza denek ulertu behar dutela errepikatzen dute. Eta dena frantsesez izan bedi galdetzen dute. Ohartzen ote dira latina, greka eta hebrearra ibiltzen direla mezan?
Aldi berean, badira anitz, euskara ikasteko kurtsoetara joaiten direnak, bata eta bertzearekin mintzatzera trebatzen direnak, euskal dantzak ikasten dituztenak. Zenbat buraso gazte, beren lanarentzat etorri direnak eta beren haurrak euskarazko murgiltze klaseetan ezartzen dituztenak! Ez dakite bi urte edo hamar urte egongo diren hemen, bainan beren haurrek izpiritu idekia izatea nahi dute, bizi diren herritarrak eta tokia errespetatzea, eta lekuko kultura barnetik deskubritzea, ez axalez bakarrik.
Zer pasatzen da beraz elizetan? Zer da arrangura? Zoin izan daitezke apez batzuek jasaiten dituzten presioak meza osoki frantsesez ospatzeko eta ez euskaraz?
Elizetan biltzen dira fededunak eta fedegabeak, otoizlari eta bisitari, bainan mezak Jainkoa baitan sinesten duten jendeak eta Jainkoarenganik errezebitzen dituzten graziak, biltzen ditu. Jainkoa ospatzeko, adoratzeko, otoizteko, eskertzeko. Fede bera ezberdintasunen koloreekin. Nolaz hori? Jainkoak du gomitatzen apezen bitartez eta Jainkoak bakotxari ongietorria egiten dio. Haren Izpirituak egiten du batasuna, ez eta mintzairak. Munduko herrialde ezberdinetara joanez, meza tokian erabiltzen diren hizkuntzetan ospatzen dela ikusten da.
Ez da gaurko istorioa, bainan gure historia, hala nola Jerusalemen gertatua duela bi mila urte.
“Egun heietan judu jainkozale anitz bazen Jerusalemen, eguzkipean diren nazione guzietarik etorriak.Azantz hura entzutearekin, jende anitz bildu zen harat, eta harriturik zeuden, nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen.Harri eta zur, xoraturik, erraiten zuten: "Mintzo diren horiek, ez ote dira denak galilearrak?Gutarik bakotxak nolaz entzuten ditu, bada, bere ama-hizkuntzan?Badira gurekin partiar, mediar eta elamdarrak; bai eta Mesopotamian, Judean eta Kapadozian, Ponton eta Asian bizi direnak;badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto eta Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta erromatarrak ere;eta denek, judu eta judu berri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriez guhauren hizkuntzetan mintzatzen entzuten ditugu". Eg2, 5-11.
Nola egiten da Jainkoaren batasuna? Bertzen berezitasuna onartuz, ezberdintasunak landuz, ezagutzen ez dena ikasiz, jakin nahia eta kuriostasuna praktikatuz. Euskaraz kantatzea ez da tradizio bat, baizik eta euskaldun izatea, nahi duteneri idekia.
Euskal Herriko elizetan mezak euskaraz, frantsesez, latinez erranak eta kantatuak dira. Apezek badute mereximendu! Hastapenean aipatzen ditudan jende batzuen galdea edo arrangura ez da beraz arras erraiten dutena “ez dut deusik ulertzen”. Ez da ere batasunaren gutizia; Jainkoak egiten du batasuna, izpirituaren bitartez. Elebakartasunaren arriskua boterearen arriskua da, denak eta denen menperatzeko nahia. Babeleko dorrearen eraikitzaileen gutizia hori zen: hizkuntza bakar bat den denak manatzeko. Izan ere ulertzen ez duen norbaitek bere hauskortasuna erakusten du. Alta, hauskortasuna bertzeeri idekitzeko bidea da eta hor has daiteke egiazko harremana.










