Euskal diaspora | 2025eko Abenduaren 04a
Bizi bedi euskara munduan, euskaldunak diren leku orotan
Joseba Etxarri
EUSKARAREN EGUNA. Joan den asteburutik hasita hainbat eta hainbat dira munduan Euskararen Egunarekin bat ekitaldiak prestatu dituzten Euskal Etxe eta elkarteak. Ezin guziak hunara ekarri, baina oroituko dugu Valentzian, Mediterraneo aldean, arrakastaz ospatu zutela iragan larunbatean Euskal Etxeko eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikasle eta irakasleek, hitzaldi batez euskararen historiaz, mintzodromo presentzialarekin eta online Estatu Batuetako euskara ikasleekin, ondoren Euskal Etxean bazkari herrikoian parte harturik. Bruselan, Euskal Herritik joanik Maialen Sorzabalbere, Mikel Irazusta eta Maria Blanco umoregileek monologoak egin zituzten euskaraz, eta ondoren sagardotegi afarian sartu ziren, txotxa kupeletik, sagardotegi menuaz. Palma Mallorcakoan, Euskararen Eguna Nafarroako Egunarekin batera ospatu zuten, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Olla bisitari zela, Jorge París eta Mikel Alcasena musikariekin eta Artea Euskal Etxeko txalapartariekin...
Abenduaren 3an berean, eta 4an, ospatu dute, konparazio, Sao Pauloko Euskal Etxekoek, heien euskara irakasle Sabrina Oteguirekin. Trujilloko Euskal Etxekoek, 3an eta 6an, hauek ere online bildurik munduko euskaltzale gehiagorekin, Limako Euskal Etxekoak, bazkideak afaltzen bildurik eta hitza emanik elkarretaratze hortan guziak, duten euskara ezagutza handi edo tipiarekin, dakitena erabiltzen eta euskaraz afaltzen entseatuko direla, elgarri lagundurik. Berlinen, mintza saio berezi batez, Jone Gonzalez ilustratzailea lagun, artea eta euskara bilduz. Larunbatean, Montevideon, elgarrekin bazkalduko dute euskara ikasle eta irakasleek eta biltzen diren lagunek, FIVU antolatzaile, euskaraz bestagile. Eta Londresen, haurrak protagonista berezi, Olentzero errezibituko dute, euskaldunen maneran, bazkari eder bat lagun. Olentzero ere lagun Bordeleko Euskal Etxean, heldu den ebiakoitzean, “Transmisioa” filma emanik, Olentzero bera laguntzaile.
Batere ahantzi gabe Argentinako hainbat eta hainbat ekitaldi, joan den asteburuan hasi zirenak Buenos Airesen Euskaltzaleak euskaltegian besta handi batez, euskara eta euskaraz mintzatzea protagonista, dantza, musika, euskal jolasak eta mintzodromo animatu batekin, pintxoak eta Txapela sagardo euskal-argentinarra lagun. General Rodriguez-en, jende multxo polita bilduz bazkarian eta dantzan eta euskarazko ariketa ludikoan. La Platan, 3an berean, Gernikako Arbolaren kimua bertakoen euskararekiko engaiamenduaren lekuko. Cañuelas-en, dantza taldea eta abesbatza ere lagun. Eta Córdoban, Gerora euskal elkartekoek Unibertsitatera eramanik saioa. Pergaminon, Lagun Onak elkarteak euskara jarduera, musa, dantza, danborrada eta gastronomiarekin uztartuz. Eta ekitaldiak antolatu dituzte baita ere Mar del Plata, Tres Arroyos-en eta askoz ere leku gehiagotan... Bizi bedi euskara euskaldunak eta euskaldun gaiak diren leku orotan!











