Orotarik | 2025eko Abenduaren 04a
Kukumarro
Xarles Videgain
Askatzea libro da
Badu zonbait urte Ipar Euskal Herriko berrien entzutearekin askatuta hitza sartua zaigula eta hedatua dela, azkarki.
Politikaz kanpo, Iparraldean libratzea erraiten zen nagusiki. “Mutiko hura libratu dute, preso egin ondoan. Istripu batean, etxekoak gutitarik libratu dira”.
Gutitan baina haurra izatea ere erran nahi du libratzeak: Neskatila gaztiak, abisa zitaie/gaierdi zerenatik begira zitaie/zunbait irus segreki libratürik ere/püblikatzen direnak haboro dirade. Horrela dio beti ere Etxahun trufariak (hemen zerena ez baita bakarrik ilunabarreko ihintza).
Barka, bainabere beharrak egitea ere bada. Medikuari erraten zaio: “Ez naiz libratzen ahal”.
Aski bipilki edo lekuak hustea adierazten du: “Zure ganbera libratu behar duzu hameka orenetako.”
Beraz libratzeak badu zentzu anitz. Politikan ere erabilia izan da. Enbata sortu zelarik erraiten eta pintatzen zen: “Muga ken!” eta “Euskal Herria libra!”. Egungo manifestaldietan, elkor ez balin banaiz, ez da hola mintzatzen, “Gora Euskadi askatuta” entzuten da edo “Grazi askatu!”.
Askatzea bestaldean eta Iparraldean ez da guziz hitz berria baina dudarik gabe bere alde ukan ditu joan den mendeko historian gertatutakoak, bereziki Hegoaldean. Hamazazpigarren katiximetan Gure Aita otoitzean agertzen zen oraino libratu gaitzazu, libra eta libradu hitza Tolosan, Iruñean eta Bilbon argitaratu liburuetan. Askatzea ez zen nagusi. Baina lehenik Sabino Arana Goirik indarrean jarri zuen askatasun hitza. Eta 1936ko gerlan kantu famatua zabaldu zen “Eusko gudariak” eta haren barnean “Euskadi askatzeko” dio. Gehiago dena, sortu da talde azkarra, fama handia bildu duena, batzutan laburduretan emana eta ETA izan da. Kontra zirenek ere bazekiten hitzez hitz Euskadi Ta Askatasuna erran nahi zuela. Beti ere, Iparraldean libertate hitza itzali da, iraungi da, baztertua izan da askatasunaren onetan. Hitzaz ari naiz.
Erran bezala askatzea erabiltzen zen bereziki Hegoaldean baina politikaz mintzatu gabe ere eta guti aski libratzea erran nahi zuen.
Egungo egunean ere adibidez zerbait kentzea erran nahi du: “behiak uztarritik askatzea”, “norbait tranpatik askatzea”. “Txakurra askatuta zegoen eta desmasiak egin ditu auzoko ardietan”.
Libratzea bezala, askatzea erranen dio medikuari sabela nahasia duenak.
Zerbait konplikatua balin bada eta aterabidea atzematen delarik erranen da: “korapillo askatzea”, hots trenkatzea. “Bi auzoen arteko kasailaren askatzeko ez naiz sobera akitu”.
Erranahi kokina ere badu eta pallarta den norbait askatua dela diote.
Nahiz bakan baizik ez dudan entzuten, erdiratzea eta arrailtzea erran nahi luke, konparazione haragia ganibetaz askatzen dut, edo errakia. “Harri batean bi marka askatzen ahal ditut zizel ukaldiz”: horrela mintzo da Iparraldeko Jean Etxepare mediku idazle ona.
Mintzatzeko manera ere bada: “Hobe arrain ttipi bat eskutan ezenez ta balea askatuan”, hots, libertatean eta oraino atzematekoa den balea..
Erranahi ezezkorra badu ondoko hitzetan: “Norbait josi askatuan ari dena”, ari da denbora galtzen, zerbait egiten eta desegiten funtsik gabe. Dendariek balekikete zer den. Iparraldean “bastan uztea” ez da arras gauza bera, hots lan baten hastea eta hartan uztea bururatu gabe.
Askatzea nondik heldu den pollita da. Edo ez. Libertate latinetik heldu da, bai liberare hitza bai gibeleko tate hori. Askatasun hitzean tasun elementua euskara zaharrari doakio bainan askatzea ez. Askatzea hitza ere latinetik heldu da. Bainan mozorroturik edo klandestino gisa agertu zaigu ezen latinez hitz horrek zeukan lehen letra galdu baitu, hots latinez lassicare erraiten baitzen eta guk Iparraldean lassicare hartarik lazatu, lazakeria, lazoa, laxoa egin baitugu eta lazakeriak ez ditu libertatea ez independentzia gogora ekartzen, ez arras beti ere. Frantsesez ere lassicare-tik jin hitzak dira laxisme eta lâcher. Beraz euskal mintzairan sartu da laxixare eta “zabaltzea, brida kentzea, largatzea, idekitzea, ez tinkatzea” erran nahi izan du. Laskatzea hori askatzea bihurtu da hitzaren lehenbiziko “l” galduz geroz.
Hirugarren hitz bat bazen, largatzea edo bizkaieraz lagatzea: hau ere latinetik heldu eta ez da zabaldua izan erranahi politiko batekin. “Behiak largatzen ditut”. “Uztea” ere erran nahi du, “Mesedez lagatzen al dizazue hitzegiten?” Edo “tiro batez laga zuen hilotza”. Baina ez beraz erranahi politiko batez. Bistan da, erdaraz “largar” eta “larguer” ditugu gogoan. “Je me suis fait larguer” erraiten duenak ez du adierazten askatua izan dela, ontsalaz, nahiz manera batez orduan libro den.
Ororen buru ikusten dugu, largatzea, laga, libratzea eta askatzea hitzek, hiruak latinetik jinik ere, beren istorioa badutela, bakoitzak bere aldetik, guti edo aski gauza bera adierazi nahiz bainan ez arras. Erakusten bide lukete hitzen historian euskaldunak ez direla hain lazoak izan eta hitz bakoitzari bere saila eta nahia eman diotela. Ez da gaizki.












