Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Abenduaren 04a
Gasna salmenta - Eguberriko merkatua - Iturritik - “Perkainen haritik” - Errugbi
Gasna salmenta
Aurten ere, Baigorriko ikastolak Eguberriko gasna taulak proposatzen dauzkigu, ezohiko gasnen jastatzeko parada ezin hobea. Taula ttipia (4 motako taula) 25 euro edo euskotan, taula handia (5 motako taula) 50 euro edo euskotan.
Manaketak abenduaren 15a arte egiten dira, banaketak abenduaren 23an eginen dira ikastolan berean (18:00-19:30). Ordainketa banaketa egunean txekez edo xehez.
Huni loturik, Dom Campistronek ilustratu “tote bag” zakua ere eskura daiteke 8 euro edo euskotan.
Gehiago jakin nahi bada deitu 06-76-32-48-77 zenbakira.
Eguberriko merkatua
Askari, burger bazkari, soinu, dantza, giro goxo, hautu anitzetako salmenta, Eguberriko opari ideia anitz,… Eguberriko merkatua ibiakoitz goizean (abenduaren 6an) iraganen da Plaza Xokon, tokiko ekoizle andanaren parte hartzearekin.
Iturritik
Abenduaren 7an, igandearekin, Iturritik elkarteak beste zikin bilketa eginen du. Hitzordua Aldudeko plazan (10:00).
Joan den azaroaren 2an, Errobi errekako bazterretan bost orenez lanean ari izan eta, 1.030 kilo hondakin bildu dituzte, burdin, plastiko eta berina.
“Perkainen haritik”
“Nun habila Perkain” dokumentalaren segida proposatzen dauku Mikel Erramuzpek, abenduaren 7an (igandea), Bil Etxea gelan (15:00).
Oraikoan, XIX. mendeko Banka, Aldude eta Urepeleko pilotaren istorioa aipatuko du. Hainbeste baita kondatzeko. Filma hasiko da Sorogainen, bota luze partida batekin. Gisa hortan, hobeki konprenituko dugu artzainak nola artzen ziren pilotan, mendietan. Segitzeko, lekukotasun arraro bat, Eznaasu Ximuneneko Frantxua Bidaurretarena. Hunek xehe-xehea kondatuko dauku haur denboran nola artzen ziren pilotan Garzelan. Ondotik, Aldudeko plaza xaharraren segeretuen miatzea eta Laxoa jokoaren esplikatzea. Aldudarren balentriak ere kondatuko dira bainan ez bakarrik... Bankarrenganik jasan afruntu baten berri ere ukanen baitugu! Baztanen barna ibili ondoan, Gabriel Martiren bankarraren bizia eta paletaren asmatzea ere aipatuko da.Izanen da beraz zer ikas eta zer ikus, hain ederrak diren gure bazterrei begira.
Errugbi
Joanden igandean, US Nafarroa taldea Layrac-eko taldeari nagusitu zaio (36/17), Baigorriko zelaian.











