Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Abenduaren 04a
Aste hondarrean Teletona - Eguberriko merkatua - Ostegun huntako bi ekitaldiak - Harrera inklusiboaren eguna - Lapurdi 1609 elkartearen omenaldia
Aste hondarrean Teletona
Egitarau aberatsa eskainia zauku, Teletonaren alde iragarriak diren ekitaldiekin. Abenduaren 5ean, ostiral arratsaldean, Arranoen Begia elkarteak bere erakusketaren bitartez, lekuan bertan harturiko argazkiak salgai ezarriko ditu (2€ argazkia edo Eguberriko karta). Bertzalde, suhiltzaileek ohiko ariketak proposatuko dituzte haurrei, Xan Ithourria plazan (16:30-18:30), hauetan ur-tutu erabiltzea, suhiltzaileen kamioarekin joan-jinak eta bertze (parte hartzea 5€). Abenduaren 6an, igande osoan, aintzira inguruan, lasterkaldiak, oinez, zaldiz edo bizikletazko ibilaldiak (9:00-17:00), arratsaldean kayaka uretan (14:00-17:00).
Eguberriko merkatua larunbatean
Abenduaren 6an (10:00-17:00), Larreko kulturgunean iraganen da animazio askorekin. Egitarauan, jokoak eta marrazki margotzeak egun osoan, (11:30) Bizar Zuri eta Olentzerorekin topaketa, (11:30-12:30) dantza tradizionalak Zirikolatz taldearekin, (10:30-12:00 eta 14:00-15:30) Barbarie organoa, (13:00-14:00) “Ortense Nature” altxor ihizia, haurren atseginerako. Jaki goxo txiki batzuk tokian bertan, txokolate esne beroa, arno beroa, matahamiak eta abar.
Ostegun huntako bi ekitaldiak
Oroitarazteko xedearekin (17:30), mediatekan, urririk eta euskarazko animazioa, ondotik krakada eskainia.“Lau osteguneko asteko kalakariak” haurrei buruzko ekimena,LibrePlumeko Ana Imaz-ek animatua. Ostegun arratsean (20:30), gaitzeko ikusgarria Christelle Chollet umorista ospetsuarekin, iduri luke lekuan bertan sarrera batzu gelditzen direla.
Harrera inklusiboaren eguna
Larreko kulturgunean, departamenduaren ekimenez, iraganen da abenduaren 8an astelehenean (9:00-17:00), ekitaldi hunek kontutan hartzen ditu, haur ttipietatik gaztaro arteko problematikak. Helburua baita gizarte inklusiboa eraikitzea, hortarako denak gomit dira parte hartzera, ahalmen urrikoak, laguntzaileak, haurtzaro eta gaztaro arduradun profesionalak, soziokultural, sozial eta mediku-sozial arloetako ikasleak baita hautetsiak. Zortzi bat tailer desberdin animatuak (9:30-11:30), familietako harremanen sendatzeko eta bertze. Bazkaria food-truck baten bidez bertan (12:15-13:30). Partaideen herrixka (12:45-14:45). “Har-Eman” Kiribil konpainiaren ikuskizuna (15:00), musika, kanta eta dantza, zonbait ahalmen urrikoren parte hartzearekin, hutsezina.
Lapurdi 1609 elkartearen omenaldia
Beharrik Herriko Etxeko langileek, oihalezko leihorra eraikia zuten Oroit-Minaren saihetsean, hurbildu den publikoa euri zaparradetatik gerizatua izan dadin. Elkartearen izenean Beñat Sagardia kideak aurkeztu du ekimena, oroitaraziz sorginkeriaren kontrako ihizia eta zer basakeriak jasan zituzten garai hartako biktimek. 112 biktimen izenak eskuratuak izan dira eta herriz-herri grabatuak plaka batzuetan, hauetan emazteak gehienik baita 10 bat apez. Jaun merak eskertu ditu memoria berpizten aritu diren kideak, Auxtin Zamorak aldiz, bere lekukotasunean, haurtzaroan ongi ezagutu duen gune hori aipatu dauku. Aterrarte bat balia, aurreskua eskainia izan da Bazterretxearen eskulturaren aitzinean, jarraian Maddi Ane Txoperenak bertso hunkigarriak ahozkatu ditu (ikus 13.orr). Partehartzaileek segitu dute arratsean Larreko kulturgunean, zintzur bustitze, dantza eta Asisko Urmenetaren “Sorgina, banaiz” dokumentala deskubrituz.











