Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Abenduaren 04a

Berts'Uztaritze - Erakusketa - Eguberriko merkatua - Pilota

Antolatzaile taldea
Antolatzaile%20taldea

Berts'Uztaritze

Berts'Uztaritze Uzta Hitzan festibaleko egitarauan agertzen zen ekitaldia da. Joan den ortzegun goizean iragan da Lapurdi gelan, lehen aldikoz, Bertsulari ttiki egiten den molde berean bainan bakarrik Uztaritzeko eskola elebidunekin, orotara 70 bat haur pasa. Eskola elebidun horietan, Ainhoa Sarasuak segurtatzen ditu bertsu eskolak. Hasieran bi bertsulari helduk, Elixabet Etchandi eta Josu Txoperenak, eman dute lehen agurra. Ondotik aldizkatuz eskola bakotxak kantatu ditu prestatuak zituen bertsu sortak, lehenik Bixintxo eskolak, ondotik Idekiak, Arruntzako eskolak eta azkenik bi haitadetan Ikastolak (4 eta 5.urtean direnak). Denek zuten lagun gitarrarekin eta giro piztaile Oskar Estanga. Haurren kantuen artetik bi bertsolariak ere arizan dira gai batzuekin. Giroa aparta izan da, haur eta antolatzaile taldea pozik gelditu da. Datorren urteko festibalean ikusiko ote dugu ekitaldi bera? Agian bai eta doala gora Uztaritzen bertsolaritza.

Erakusketa

Aldi bat gehiago If Matchikotek erakusketa ezarri du tTok bere arte lekuan. Oraikoan Benoit Pingeot-en ''Heldulekua'' obraren margoak dira ikusgai. Margolaria sortua da 1975ean Suresnes hirian (Hauts de Seine departamenduan). Parisen Arte ederreko tailerretan landu du margolaritza. Orain Baionan bizi da eta ESAPB goi mailako arte eskolan irakasten du. Ameslari da eta hitzaren margolari. Erreferentzia artistiko, historiko eta garaikideak nahasten ditu. Pintura, prozedura analogiko gisa ulertzen du. Erakusketaren estreinaldia joan den ortziralean iragan da eta tokian egonen da azaroaren 28tik urtarrilaren 22ra. Bisita daiteke segidako egun eta orduetan: asteartea (17:00-20:00), asteazkena (9:00-16:00), ortzeguna (15:00-18:00) eta ere hitzordua hartuz telefono zenbaki huntara: 06-01-98-00-24. Aldiz oporretan eta besta egunetan hetsia egonen da. Helbidea: tTok arte lekua Joaniskobaita 1 Purguko kurutze plaza Uztaritze. Ongi etorri hoberena segurtatua da.

Eguberriko merkatua

Larunbat goizean (9:00-14:00) iraganen da Eguberriko merkatua Lota eta Bilgune inguruan. Ohiduraz aurkitzen diren ekoizpenetaz bestalde ere aurkituko dira bekan ikusten diren artisauen sorkuntzak, arlo desberdinetan. Jastatzen ahalko dira ere goxoki zonbait, denbora berean ikusiz aurkeztuak izanen diren animazioak. Giro onean Eguberriko erosketak egiteko parada. Merkatu on deneri.

Pilota

Pasa den aste barnean eta asteburuan pilota partida lerro bat jokatu da joko garbin ezkerparetako xapelgoan. Kapito Harrirentzat emaitzak hauek izan dira: helduetan asteazkenean B mailakoak (Destaillac-Pelletrat) nagusitu dira errexki Goizeko 1-en kontra 40/16; larunbatean nagusitu ere Senpere 4-ren kontra 40/14; C mailakoek (Fernando-Bidart) galdu dute Zubietan Txost-en kontra 35/40. D mailakoak (Elissondo-Etchepare) partida zaila eta gudukatu baten ondotik nagusitu dira Goizeko 2-ren kontra 40/39; A mailakoak (Echenique-Sansebastian) nagusitu dira ere Noizbait 1-en kontra 40/36 (partida hau Donapaleun jokatu da). Gazte mailan A1 parea nagusitu da Donapaleuren kontra 40/33 eta galdu du Senpere 1-en kontra 33/40; A2 pareak galdu du Senpereren kontra 27/40. Partidek segituko dute ondoko egunetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3812. zbk

Gure Hitza | 2025/12/04

Franco hil zen bainan…

Jean-Louis Harignordoquy

Azken aste hauetan, Hego Euskal Herrian ukan du aipaldi 1975eko azaroan azken hatsa eman zuen Francisco Franco diktadoreak. Zendu baino zonbait aste lehenago Txiki eta Otaegi euskaldunak eta FRAP-eko hiru gudari tiroz hilaraziak zituen. Denbora haiek bizi ukan zituztenen lekukotasunek frogatzen dute infernutik jalgitzeko zer itxaropena zeukaten jakitean Franco hilda zegoela. Alabainan, Francoren garaian ez zen askatasun izpirik, aitzitik giza eskubideen aldekoak tratu txarrez eta presondegiz sariztatuak. Espainiar komunikabideek zabaldu diktadorearen pentsaera baizik ez zen baimendua, alderdi politikoak eta gaztelera ez ziren hizkuntzak debekatuak, gure ikurrina barne. Beldur ikaragarria nagusitu zen jendartean.

Haatik, Frantziako hedabideek deus guti derasate auzo erresumak berrogei urtez pairatuez: ehun milaka jenderen erailtzeez, atxilotze basatiez, tortura orokortuaz… Horrez gain, ordu hartako Eusko Jaurlaritzaren konduen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016