Mundu zabalean | 2025eko Abenduaren 04a

Munduko armadentzat diru gehiago zergatik?

J.B.

Defizit publikoak handitzen ari diren momentu berean, armaden azkartzeko eta arma berrien erosteko diru publiko gehiago xahutzen dute Europako gobernuek, munduko herri gehienek bezala. Batzuen irabaziak hanpatzen dituen armen munduko merkatuan bigarren lekura igo da jaz Frantzia. Denbora berean gazteak gerlara joaiteko gogoak prestatzen ari dira.

Defentsako diru zamak emendatzen ari dira handizki munduan zehar

SIPRI edo Bakea lortzeko Stockholmeko Nazioarteko Erakundeak mundu guziko gobernuen militar despendioak aztertzen ditu eta jazko konduek azkarki emendatu direla erakusten daukute. Orotara 2.718 miliar dolarreko sos zama ikaragarria ezarria izan da 2024an, munduko armaden azkartzeko; aitzineko urteari konparatuz %9,4ko emendaketa. Gainera azken 10 urte hauetan, gorakada izan da urte bakotx. Jazko goratze azkarrena izan da azken gerla mundialetik landa. Tendentzia hori orokorra da mundu guzian, bainan berezikiago sendi da Europan eta Ekialde Hurbilean. Ez da dudarik Errusia-Ukrainaren arteko gerlak eta Israel-Gazaren artekoak ere akuilatu dutela fenomenoa. Bainan desoreka handiak daude herrien artean.

Amerikako Estatu Batuak dira, zalantzarik gabe, lehen lekuan agertzen 997 miliar dolarreko diru zamarekin armadarentzat, munduko diru kondu azkarrena. Bigarren tokian da Txina, 314 miliarrekin, konduan hartu behar da haren populazioa hiru aldiz handiagoa dela hala ere. Errusiak progresio biziki azkarra ukan du joan den urtean, %38koa, eta hirugarren posizioan agertzen da 149 miliarreko inbertsioarekin, beste bietarik aski urrun geldituz nahiz bere ekonomia gerlari buruz itzuli duen.

Europako herriak ere azkarki militarizatzen ari dira eta OTANen bilduak diren Europako Estatuek 454 miliar dolarreko diru zama bideratu dute armadentzat jaz: Alemaniak 88,5 miliar; Bretainia Handiak 81,8 miliar eta Frantziak 64,7 miliar. Azpimarratu behar dugu frantziar armadarentzat gorakada %6,1ekoa izan bada joan den urtean, progresio hori azkartuko dela ondoko urteetan erabaki baitu Emmanuel Macron presidenteak, 3,5 miliar gehiago 2026an eta beste 3 miliar 2027an. Lecornu lehen ministroaren aurrekonduetan agertzen dira zenbaki hauek.

Geroari begira armatze tendentzia orokortzen ari da, Europako Komisioak “Plan Rearm Europe” politikaren bidez 800 miliar euroko inbertsioak egin nahi ditu ondoko urteetan.

Ekialde Hurbilean ere armen eta armaden emendaketa da nagusi, bereziki Israelen 46,5 miliarrekin progresio biziki azkarra izan da 2024an, %65ekoa. Bainan ez dugu ahantzi behar saudiarabiarren armadarentzat 80,3 miliar dedikatuak izan direla, Iraneko 7,9 miliarreko buxeta baino anitzez azkarragoa baita.

Armen egile eta saltzaileen besta

Armen esportatzaileen harat hunatak ere aztertu ditu SIPRI erakundeak eta zenbaki biziki adierazgarriak aurkezten dauzkigu. Ez gira harritu ikusteaz Estatu Batuak direla beti aitzinean armen saltzapenen %43arekin, bainan harrigarriagoa da Frantzia dela bigarren %9,6arekin, Errusia baino lehen (%7,8). Orotara munduko armen merkatuko %27,5a eskuetan dute Europar Batasuneko herriek.

Armatzeak sekulako ondorio sozialak ditu

Munduko Estatu gehienek armaden azkartzeko bidea hautatu dute bainan “konpromiso ekonomiko sozialak sekulako ondorioak sortzen ditu gizartean” dio Xiao Liangek, SIPRIko ikerlariak.

2.718 miliarreko militar gastuen parte ttipi bat baliatzen balitz hezkuntza, osagarri eta garapen orekatua sustatzeko, munduan zehar ez ditaike ez gosete ez eta populazio migrazio bortxaturik.

Bainan ez gira hortan, munduko hazkurri programaren finantzamendua ttipitua izan da. Alta munduan hedatzen ari den janari krisiari buru egiteko 16,9 miliar dolarreko dirutza galdegina izan zen. Hori da munduko gobernuek armadentzat bi egun et’erdiz xahutzen dutena. Begiak idek ditzagun…

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3812. zbk

Gure Hitza | 2025/12/04

Franco hil zen bainan…

Jean-Louis Harignordoquy

Azken aste hauetan, Hego Euskal Herrian ukan du aipaldi 1975eko azaroan azken hatsa eman zuen Francisco Franco diktadoreak. Zendu baino zonbait aste lehenago Txiki eta Otaegi euskaldunak eta FRAP-eko hiru gudari tiroz hilaraziak zituen. Denbora haiek bizi ukan zituztenen lekukotasunek frogatzen dute infernutik jalgitzeko zer itxaropena zeukaten jakitean Franco hilda zegoela. Alabainan, Francoren garaian ez zen askatasun izpirik, aitzitik giza eskubideen aldekoak tratu txarrez eta presondegiz sariztatuak. Espainiar komunikabideek zabaldu diktadorearen pentsaera baizik ez zen baimendua, alderdi politikoak eta gaztelera ez ziren hizkuntzak debekatuak, gure ikurrina barne. Beldur ikaragarria nagusitu zen jendartean.

Haatik, Frantziako hedabideek deus guti derasate auzo erresumak berrogei urtez pairatuez: ehun milaka jenderen erailtzeez, atxilotze basatiez, tortura orokortuaz… Horrez gain, ordu hartako Eusko Jaurlaritzaren konduen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016