Ba ote dakixu? | 2025eko Abenduaren 04a
1905eko bereizketa legea (¼)
Gilen Bacho
Duela 120 urte, 1905eko abenduaren 9an, Estatua eta Elizak bereizten zituen legea proklamatu zen. Frantzia estatu laiko bat bilakatu zen. Laikotasuna frantses errepublikaren funtsezko printzipio bihurtu zen eta egun kasik nehork ez du hori eztabaidan ezartzen. Alta, lege horren inguruan, eztabaida izigarri gogorrak iragan ziren, egiazko gatazka bi ikusmolderen artean, “bi Frantzien” artean.
Eliza, Estatuaren zerbitzuko
Luzaz, Frantzia “Elizaren alaba gehiena” bezala ikusia izan zen. Baina, 1789ko Iraultzarekin, dena aldatu zen. 1791ko apezeriaren konstituzio zibilak gatazka sortu zuen Frantziaren eta Eliza katolikoaren artean. Aita sainduak gogorki salatu zuen konstituzio zibila eta, orokorki, Frantses errepublika berria. Baina, Napoleon Bonapartek Elizarekin harremanak baketzea erabaki zuen eta, 1801ean, konkordatu bat sinatu zen Frantziaren eta Elizaren artean. Elizak bere lekua berriz atzeman zuen baina Estatuaren agintepean. Eliza Estatuaren tresna bihurtu zen, gizartearen kudeatzeko tresna. Estatuak zuen apezeria sekulara ordaintzen. Apezak apezpikuaren agintepean egoiten ziren baina Aita sainduak apezpiku bat izenda zezakeen bakarrik Estatuaren adostasunarekin. Estatuak “kultuaren polizia” bidean jarri zuen. Honek zituen, adibidez, zeinuen joaldiei baimena emaiten edo debekatzen edo prozesioak arautzen. XIX. mende osoan, erregimen guziek botere hori, Elizari buruz, erabili zuten Estatuaren boterea indartzeko. 1848ko errepublikanoak ez ziren antiklerikalak. Baina ondoko belaunaldiko errepublikanoak bai, Ferry, Gambetta edo Clémenceauren gisan. Zergatik aldaketa hori? Apezpikuek Napoleon III.a eta II. inperioa sostengatu baitzituzten eta Eliza katolikoa, Pie IX.a Aita sainduaren agintepean, argiki Errepublika berri baten kontra altxatu baitzen.
Errepublikanoak... bereizketaren kontra!
Baina, 1870ean, II. inperioa erori zen eta, irailaren 4an, Léon Gambettak III. Errepublika proklamatu zuen. Errepublika berri bat sortu zen, beraz, baina monarkistek zuten gehiengo argia legebiltzarrean. Gainera, Errepublikako presidentea (Mac Mahon) monarkista zen eta, diputatu gehienen gisan, monarkia berrezarri nahi zuen boterean, zeinean katolizismoa erlisio ofizial bakarra izango zen. Elizak bere aldea hautatu zuen, katoliko anitzek bezala, eta ez zen Errepublikarena. Ondorioz, Gambettak klerikalismoa kontrairaultzaren aliatua bezala identifikatu zuen. 1869ko Bellevilleko programan, Gambettak Estatuaren eta Elizen arteko bereizketa defendatu zuen. Baina, Errepublikanoek gehiengoa lortu zutelarik 1877ko diputatu bozetan, ez zuten programa hori gauzatu. Herria baketzeko, jendea elkartu nahi zutela erakusteko, bereizketa baztertu zuten. Alderantziz, 1877an, Gambetta “Eliza Estatuarekin lotzen duen sistemaren aldekoa” deklaratu zen! Errepublikanoek galikanismoarekin bat egin zuten. Eliza hor zen, orduan kontrolatu behar zen. Fededun anitz baziren, sustut baserrialdeetan, eta Errepublikak, hauskorra zena oraino, ezin zituen baztertu. 1880ko hamarkadako errepublikanoentzat, jakintzaren hedapenak, partikulazki eskola laikoaren bidez (1881-1882ko Ferry legeekin), erlisioaren garrantzia apalduko zuen. Elizaren influentzia mugatu nahi zuten baina urratsez urrats.










