Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Abenduaren 04a
Urruña aldizkaria - Loraldiberri Liburu Azoka - Irati Alcantarilla urruñarra Xilaban - Eguberriko azoka - Kantu lantokia Xaian - Lertxun eta uso aldrak gure gainetik
Urruña aldizkariaren 7. zenbakia
Azaroaren 30ean, Loraldiberri Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuen Urrunaga kultur elkarteak Urruña aldizkariaren 7. zenbakia, dena kolorez, formatu handiz eta euskaraz sortua, aldizkari honen funtzionamendua euskara hutsez baita, urruñarrek frantsesez egin artikulu batzuk bere baitan onartzen baditu ere. Osora 170 orrialde. Urruñarrek Urruñaz pentsatuz eta urruñarrentzat egindako aldizkaria da. Lehen zenbakia 2021eko maiatzean sortu zen, eta lehen bi urtetan, urtean bi zenbaki plazaratzen bazituzten ere, 2023. urtetik zenbaki bakarra ateratzen dute, Loraldiberri Azokarekin bat eginez. Aldizkaria sortu zutenez geroztik, honako atalak hartzen ditu beregain: ama-lurra, historia, gizartea, eta literatura; azken atal horretan, antzezlanak, ipuinak, olerkiak eta bertsuak agertzen direlarik. Zazpigarren zenbaki honetan gaurko urruñar ezagunak ditugu egileen artean: Xerar Urrutia, Ixabel Etxeberria, Nikolas Goñi, Imanol Ameztoi, Joritz Larraza, Sustrai Colina, Ttotte Etxebeste, Odei Barroso, Joseba Aurkenerena…, baita urruñar zenduen lanak ere hor ditugu, adibidez, Daniela Albizuren ipuinak eta olerkiak eta Xanpunen bertsuak. Bada zer irakurri eta zertaz gozatu, 10 euroren truke, herriko zenbait saltegitan salgai den aldizkari eder honetan.
Loraldiberri Liburu Azoka ongi pasatu zen
Azaroaren 30ean, igandearekin, egin zuten Urruñako plazan Loraldiberri Liburu eta Disko Azokaren 4. edizioa. Urrunaga eta Berttoli elkarteek antolatzen dute, eta haien asmoa da euskal kultura berriz indartzea eta hedatzea. XIX. mendean, eta Antton Abadiak bultzaturik, euskal jaiak, bertso eta olerki jokoak, euskal kirolak… ardatz gisa zituzten era guzietako ekimenak antolatu ziren, bai Urruñan eta bai Euskal Herri osoan. Euskal kulturaren loraldi ederra izan zen. Orain, urruñarrek nahiko lukete, Urruñatik abiaturik, bigarren loraldia izatea euskal lurralde guzietan. Hortik datorkio izena: Loraldiberri. Aurten ere, biziki ongi pasatu zen, eta urruñarrek eta auzo herrietatik hurbildu zirenek parada ederra ukan zuten aurtengo Olentzeroko opariak erosteko.
Irati Alcantarilla urruñarra Xilaban
Jadanik bukatua da aurtengo Xilaba, Iparraldeko Bertso Txapelketaren lehen aldia, eta azaroaren 30ean, igandez, Xiberoako Ligi herrian hasiera eman zioten bigarren aldiari. Irati Alcantarilla Urdanpilleta bertsolari urruñarrak parte hartu zuen bigarren aldi horretan, Beñat Larrori, Bittor Thikoipe, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus eta Pettan Prebende bertsolariekin batera. Bi saio gehiago izanen dira: abenduaren 6an Aiherran eta abenduaren 13an Muskildin. Aupa Irati, urruñarrak zurekin!
Eguberriko azoka
Abenduaren 12an, ostiralarekin, Eguberriko azoka zabalduko da Urruñako plazan eta 14ra arte zabalik izanen da. Hogeita hamar dendari eta artisauk beren produktuak erakutsi eta salduko dituzte.
Kantu lantokia Xaian
Urtero bezala, aurten ere, euskal kantu ikastaldia egiten ari dira Pausuko Xaia ostatuan. Urriaren 15ean hasi zen, eta hilero bi asteazkenez (20:00) egiten dute. Arrakasta handiz egiten da eta ehun pertsona inguru biltzen dira aldiro. Hurbiltzen direnek “kantu terapia” deitzen diote Xaiako kantu lantoki honi. Ekainera arte iraunen du.
Lertxun eta uso aldrak gure gainetik
GIFS erakundeak eta ehiza elkarteen federazioak emandako datuen arabera, aitzineko asteetan 550.000 lertxun eta usomandok zeharkatu dute Urruña, Sara, Banka eta Arnegitik Iberiar Penintsularako bidean, eta gehienek kostaldera jotzen dute, Bidasoaldetik Tolosako norantza hartzeko. Azaroaren 4an 335.000 uso iragan ziren Urruña gainetik, eta Txingudiko kostaldean aldra ugari begiztatu ziren. Adituek azaldu dutenez, uso gehienek Urruña aukeratzen dute pasabide natural gisa, eta espezie honen Europako migrazio-gune nagusia bilakatu da azken urtetan, ohikoak ziren beste eremu batzuetan beherakada nabarmena eman delako.











