Azalekoa | 2026ko Martxoaren 12a
Garazi-Baigorriko bizi sozial gunea familien zerbitzura
A.E.
Uharte Garazin kokatua da Familles Rurales Guzientzat bizi sozial gunea. Helburua Garazi-Baigorri inguruko familientzat ingurune solidario eta pizgarria sortzea da, belaunaldi arteko jardueren, burasotasunari buruzko ekintzen eta gazteentzako ekintzen bidez haien garapena eta loratzea sustatuz. Gehiago ikasteko, uztailetik animatzaile postua betetzen duen Aurélie Billaudel langilearekin solastatu gira.
Garazi-Baigorriko bizi sozial gunea
Elkartea 2016an sortu zen buraso batzuek bultzaturik. 2022an onetsia izan zen.
Hastapenean elkartea bazen, denborarekin anitz garatu da, eta bizi sozial gunea bilakatu.
Familles Rurales sare nazionaleko kidea da, eta Pauen bulegoak dituen Familles Rurales Departamenduko Federazioarekin elkarlanean aritzen da.
Aurélie Billaudel Uharte Garaziko guneko langile bakarra da, beste guziak bolondresak dira. Adin guzietakoek parte hartzen dute, horietan gazte komisio bat bada, nun 20 bat gazte zenbatzen diren, 13 eta 21 urte artekoak. Adibidez, komisio huntako talde batek Reunion uhartera joateko bidaia plantan eman du, eta bigarrenak Parisera joatea du helburutzat, Asterix parkera.
Bolondresez gain, orotara 42 familia kide zenbatzen dira, hau da 240 pertsona.
Aktibitate edota tailerrak antolatzen dituzte, baina baita desmartxa administratiboetan laguntza ekartzen ere, familiak pertsona egokiengana berriz bideratuz.
Bizi sozial guneak Uharte Garazin ditu bere bulegoak, eta ondoan, gela handia du kirol egokitua egiteko, baita sukaldaritza tailerrak ere. Horrez gain, baratze partekatua ere badu.
Tailerrak eta aktibitateak antolatu ahal izateko, alde batetik proiektu deialdiei erantzuten die, eta bestetik, diru laguntzak ukaiten ditu.
Xedeak eta ekintzak
Publikoaren harrera egitea, informazio eta orientazio gunea izatea, burasotasuna sustengatzea eta lurraldeko herritarren arteko lotura sozialak egitea da xedea.
Webgunea berriki plantan eman da, bizi sozial gunearen ikusgarritasuna bermatu eta zabaldu ahal izateko.
Aktibitate ugari proposatuak dira, besteak beste kantu, FLE (Français Langue Etrangère) edota sukaldaritza tailerrak. Gazteek bultzaturik, sukaldaritza tailerraren helburua belaunaldien arteko loturak egitea da, euskal apairu tradizionalak egiten irakatsiz.
Joste tailerrak ere badira, besteak beste ahalmen urriko haur eta nerabeak laguntzen dituen Bankako La Rosée elkartearekin. Helburua nini pijamak (grenouillère) bezalako jantziak sortzea litzateke, ahalmen urriko gazteak biluztea edo egoera desatseginak bizitzea saihesteko. Proiektu hunen eramateko, jostun esperientziadunak xerkatzen dira.
Bestalde, Le Vauban zinemarekin partaidetzak antolatzen dituzte, tematika berezi batzuen inguruan.
Informazio baliagarriak
Martxoaren 20an (20:00), burasotasun gaualdia iraganen da Kanbon, Nelly Lacrouts hizlariarekin. Debate moduan, besteak beste haur eta burasoen arteko oreka da aipu izanen.
Martxoaren 24an (20:00) berriz, nesken lehen hilabetekoen inguruko tabuen inguruan ariko den “Premières lunes” filma ikusteko parada eskainiko da Le Vauban zineman, nun profesional batzuek parte hartuko duten.
Urteko kidetzak 32 euro kosta du familiaka. Hala ere, aktibitate batzuetan parte har daiteke kide izan gabe ere.
Elkarteak jostunak eta FLE tailerrentzat bolondresak xerkatzen ditu.
Kide eta bolondres izan nahi dutenak ongietorriak dira, baita tailer ideia berriak ere.
Harremanetan sar daiteke 07-65-18-44-90 zenbakia edo famillesruralesguzientzat@gmail.com mailaren bidez. Informazio gehigarriak familles-rurales-guzientzat.fr webgunean aurki daitezke.
Permanentziak astelehenetik ostiralera atxikiak dira (8:30-16:30) eta asteazkenetan (9:30-17:30).
.114843.jpg)










