Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Martxoaren 12a

Hautagaien biltzar publikoa - Mus

Hautagaien biltzar publikoa

Joan den ostiralean, herriko bozetara presentatzen diren hautagaiek (12 ziren jinak, beste hiruek ezin zutelarik) biltzar publiko bat eskaini dute etorriak ziren herritarreri, Artetxea gelan. Jean-Michel Anchordoquy zerrendaburuak bilkura idekirik, hautagaiak banaka presentatu dira eta ondotik gai askoz mintzatu. Gehien bat Onddoenea berritzearen proiektu potoloaz. “Hôtel du Pont d'Enfer” izandakoa laster osoki botaia izanen da (karia hortara bidea trabatua izanen da), eta ondotik obrak hasiko dira. Euskal Elkargoa (CAPB) partzuer da. Ikus-entzunezko zentro bilakatuko da, Kanalduderen inguruan, bai eta animazio toki, Onddoenea izeneko elkarte berriak kudeatuko duena, eta 2027 hondarreko edo 2028 hastapenerako bururatua izan behar luke. Aire Zabal aterpetxea ere zaharberritua izanen da, gaurko norma edo araueri egokiturik. Mendizale, Konpostelarateko beilari edo talde, arrakasta handiko aterpetxea da (bai egoitza, bai bivouac gunea), urtean kasik bost mila gaualdirekin. Elizak ere freskaldia ukanen du (bereziki paretek eta apirikuak) eta han hemenka diren itaxurak ezeztatuko dira. Isabelle Joly arkitektoak obrak zainduko ditu, gure eliza monumentu historiko ekarria baita 1925az geroztik. Elizaren aitzinaldea ere ber-apailatuko da, herritarrek ere beren ikusmoldea emanik. Eta bertze asko gai ere aipatu dira. Errana izan da galdeketa bat igorria izanen dela etxe guzietara, jendeak bere ideiak edo eskaerak ager ditzan. Oro har biltzar biziki interesgarria izan da, edateko eta jatekoarekin bururatu dena. Hautagai zerrenda bakarra izanki, igandean bozak lehen itzulian berean trenkatuko dira.

Mus

Garai huntan muslariek bi xapelgotan parte hartzen dute.

Frantziako xapelgoan, Bidarraitik sei pare atera dira kantonamenduko finalerdietan parte hartzeko. Horiek ditugu: Imanol Ibarrola eta Andoni Allot, Jean-Marc Orhategaray eta David Ibarrola, XemartinAuchoberry eta Dominique Amestoy, Jean-Marie Castanchoa eta Frantxua Oronos, Hervé Castanchoa eta Xan Oronos, Guy-Pierre Etcheverry eta Paxkal Ibarrola. Finalerdi horiek Bidarrain jokatuko dira, Noblianean, martxoaren 13an. Hortik aterako direnek Arrosako bidea hartuko dute kantonamenduko finala jokatzeko.

Euskal Herriko txapelketaren kondu, lurraldetako finalak martxoaren 7an jokatu dira. Baxenabartarrak Izturitzen bildu dira. Bidarraitik hiru pare baginituen han. Paxkal eta David Ibarrola bai eta Peio Urrizagaeta Battitt Bidondorentzat bidea han berean gelditu da. Aldiz Sébastien Oxoby eta Mathieu Sallagoityk final handiko txartela eskuratu dute, Baxenabarreko bertze 17 parerekin batera. Finala martxoaren 28an jokatuko da Villabonan (Gipuzkoa).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3825. zbk

Gure Hitza | 2026/03/12

Lekukoa hartu eta segi aurrera

Ainhoa Etxenike

Egungo aktualitatea iluna da. “Gure hitza” sail huntan ez da beti errex baikorki idaztea. Hedabideetan, telebistan, irratian, sare sozialetan sartu eta Ekialde Hurbileko gerla, Palestinako genozidioa, Donald Trump, labankada La Rochelleko kolegio batean, suteak, sexu eraso edota jazarpenak, ziber-kriminalak,… ez dira garai errexak. Hala ere, berri ilun guzi horien artean, herriko bozen berri ukan daiteke.

Berri positiboen ukaitea gero eta arraroagoa izaten hasia da, hain dira gordetuak eta guti aipatuak.

Hala ere, pixka bat xerkatuz, gertakari baikorrak badira. Euskal Herriaren kasuan, fitesko abiatuko zaigu 24. Korrika martxoaren 19an Atharratzetik, eta 29an helduko da Bilbora. Hamar egun horietan, 2.175 kilometro kurrituko ditu lekukoak, eskuz-esku, gau eta egun, Euskal Herri osoa zeharkatuz. Garai ilun huntan argi izanen dugu, errealitatea ixtaño batez ahanztea ahalbidetuko diguna. Euskal...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016