Han eta Hemen | 2026ko Martxoaren 12a
Herriko bozak
Aspalditik aipatzen diren herriko bozak azkenean arribatu dira. Lehen itzulia igande huntan iraganen da, martxoaren 15ean. Herri batzuen kasuan berriz, ondoko igandean, martxoaren 22an bigarren itzulira joan beharko dute zerrenda bat baino gehiago aurkezten delako. Aldi huntan aldaketa bat izanen da, 1.000 biztanle baino gutiagoko herrietan, zerrenda osoak aurkeztu beharko dira, parekotasuna errespetatuz.
Ipar Euskal Herriko zerrendak
Ipar Euskal Herriko herri gehienetan zerrenda bakarra aurkeztuko da, adibidez Bidarrain, Makean, Larzabalen, Hoztan, Lasan, Suhuskunen, Izturitzen edota Donaixtin bezala. 31 herritan berriz, bi zerrenda baizik ez dira aurkeztuko, adibidez Ahetzen, Alduden, Bardozen, Basusarrin, Ziburun, Ezpeletan, Donapaleun edota Izpuran bezala. Lau herrik 4 zerrendatik gora dituzte, horietan Donibane Lohizune eta Bokalek lau zerrenda, Baionak bost eta Miarritzek sei.
10 herri dira 3 zerrenda dituztenak, hala nola Angelu, Hendaia, Urruña, Senpere, Kanbo, Azkaine, Arbona, Maule, Beskoitze eta Getaria.
144 herritan itzuli bakarra izanen denez, gehienez 14 herri joanen dira bigarren itzulira.
Martxoaren 15ean beraz, herri gehienen kontseilu berriak jadaneko ezagutuko dira.
Parekotasunaren gaia
Aurtengo hauteskundeen berrikuntzetan parekotasunaren gaia agertzen bada, Euskal Irratiek plazaratu zenbakien arabera 220 zerrendaburuetatik 63 emazte baizik ez dira (%28,6). Xiberuan dira emazte zerrendaburu gehien %36arekin, ondotik Baxe Nafarroan %30a ingururekin eta azkenik Lapurdin %24arekin. Horiek hola, legeak plantan eman parekotasunaren gaiak ez du zerrendaburuetako emazteen presentzia azkartzen lagunduko.
Desoreka hau egungo egoeran ere ikus daiteke, 28 emazte auzapez zenbatzen baitira 158 herriren gain.
Haria ez galtzeko
Herriko bozen inguruko informazio guziak barne ministerioaren webgunean aurki daitezke: www.elections.interieur.gouv.fr. Bertatik, herri bakoitzean zein lista aurkezten den jakin daiteke.
Horrez gain, 2020an egin zen bezala, bi itzulietan Euskal Hedabideek elkarlanean (Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria), zuzenezko emankizuna segurtatua izanen da, gomita, analista, eta zuzenezko konexioen bidez. Segipen berezia eginen da baita ere hedabideen sare sozialetan.












