Gure Hitza | 2026ko Martxoaren 12a
Lekukoa hartu eta segi aurrera
Ainhoa Etxenike
Egungo aktualitatea iluna da. “Gure hitza” sail huntan ez da beti errex baikorki idaztea. Hedabideetan, telebistan, irratian, sare sozialetan sartu eta Ekialde Hurbileko gerla, Palestinako genozidioa, Donald Trump, labankada La Rochelleko kolegio batean, suteak, sexu eraso edota jazarpenak, ziber-kriminalak,… ez dira garai errexak. Hala ere, berri ilun guzi horien artean, herriko bozen berri ukan daiteke.
Berri positiboen ukaitea gero eta arraroagoa izaten hasia da, hain dira gordetuak eta guti aipatuak.
Hala ere, pixka bat xerkatuz, gertakari baikorrak badira. Euskal Herriaren kasuan, fitesko abiatuko zaigu 24. Korrika martxoaren 19an Atharratzetik, eta 29an helduko da Bilbora. Hamar egun horietan, 2.175 kilometro kurrituko ditu lekukoak, eskuz-esku, gau eta egun, Euskal Herri osoa zeharkatuz. Garai ilun huntan argi izanen dugu, errealitatea ixtaño batez ahanztea ahalbidetuko diguna. Euskal Herrian eta Euskal Herritik haratago antolatzen den ekimen hori esperantza iturri da. Ipar, Hego, ekialde, mendebalde, bereiziak izan diren zati guzi horiek elgarren artean josten ditu. Guzi hunen gidari euskara dugu, baita harentzat dugun atxikimendua.
Haatik, ez da momentu hoberenean erori aurtengo edizioa, justu Ipar Euskal Herrian iraganen diren herriko bozen bi itzulien artean kokatzen baita. Pentsatzekoa da kontrako zentzuan, Hego Euskal Herrian hauteskundeak izan balira, Korrikaren datak ez ote ziren aldatuak izanen…
Korrikaren bidea jarraikiz eta berri onei tokia egin nahian, duela bi urteko edizioan immigranteak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzen lagundu zituzten militanteak epaituak izan ziren iazko urrian, eta berriki, otsailaren 17an, auzipetuak errugabetu ditu Baionako auzitegiak.
Kasu batzuetan eta batzuen ikuspegitik, bi urtero behin eta minutu guti batzuez, Korrikak ezin du muga desegin, zubiko bi aldeak lotu eta denen artean bat egin. Egoera hori aktualitatearen islada baizik ez da. Jendartea zatitzen ari da, herri, probintzia, kontinenteen arteko mugak oraindik gehiago sakonduz.
Testuinguru huntan bere zentzu osoa hartzen du Korrikaren mezuak: lekukoa eskuz-esku pasatuz egiten da bidea. Denak elgarrekin, akiduraren kontra, urratsez urrats aitzina joatea da aterabidea, kanpoko baldintzek gure ibilbidea geldiarazi gabe.










