Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Martxoaren 12a
Errigora aperitifa marrazkitua - Korrika gaualdia - Korrika ttipi Donapaleun
Errigora aperitifa marrazkitua
Korrika aitzin, Amikuzeko euskalgintzako elkarteek antolaturik, Errigora Nafarroa Erriberako mozkinen aurkezpena eginen da Donapaleun martxoaren 16an.
Oroitarazi behar da aurten Korrikaren 24. edizioak Errigora omendu duela Durangon urtarrilaren 31n, euskararen alde eta euskaraz egiten duen lanarendako. Errigora, oinarrizko hiru zutabetan bermatzen da: euskara, elkar laguntza eta elikadura burujabetza. Bere mozkinak Euskal Herri osoko kontsumitzaile eta ekoizleei zuzentzen dizkie. Zentzu horretan, Errigora “Euskara gara” Korrikaren leloaren adibide ezin hobea agertzen da.
Donapaleun, Errigora produktuen dastatzeko aukera emana da pintxo moduan, Asisko Urmenetak diskurtsoz marrazkiturik. Eta hori heldu den astelehenean Touzaa etxean (19:00). Joan gostuan, harrera hoberena egina izanen zaizue.
Korrika gaualdia
Korrika Amikuze eskualdean iraganen da martxoaren 19an, ostegunez. Atharratzetik abiaturik, Arüen sartuko da (18:27) eta Mehainetik aterako (21:20 inguru). Donapaleutik (19:25) iragan behar luke. Lekuko eramaileen zerrenda kilometroz-kilometro finkatua da; 37 eragilek (elkarte, Herriko Etxe, ikastola, lizeo...) lekukoa hartuko dute Amikuzeko 28 kilometroetan.
Ondotik pesta egiten ahalko da Airetik gelan. Jateko, edateko, dantzatzeko eta kantatzeko manera izanen da.Hor izanen dira Andoni Ollokiegi eta Gaitamik txaranga. Gaualdi eder baten manera!
Korrika ttipi Donapaleun
Korrika aitzin, haurrek beren korrika ttipia eginen dute martxoaren 13an, ostiral arratsaldez Donapaleuko karriketan (14:30). Eskola guziek parte hartu behar lukete. Duela bi urte, Amikuzeko 350 bat haur hurbildu zen herriaren itzulia egiteko Korrikaren lemak kantatuz.











